Nork bere talaiatik. Ni nagoenetik behintzat ezina egiten zait gaurko euskal eszena politikoaren osoa harrapatzea, hain da zabala! Argia gauza batzuetan, lausoa besteetan, eta dena koadro berean! Are gehiago, tristea beharko luke izan eszena osoa menperatu nahi izateak, koadroa zurrunegia izango baitzen orduan, hauskorra beraz. Mugimenduen bizitasuna behar du eszenak, zalantzak zalantza, koiuntura politikotik harantz eta instituzioetatik honantz. Norabide argiko ibaiak ere txirikordatuak izaten dira gurea bezalako haran zabaletan.
Zelan harrapatu espazio-tarte eta denbora-epe desberdinetan milaka herritar aktibo gauzatzen ari diren zertzeladak? Koadroari bizitasuna emateaz gain markoa bera ere indartuz doazen zertzeladak? Eta biak behar ditugu bizigai trantsizio batean, koadroa eta markoa, ohiko politika ez baita politika osoa. Burua honetaz bueltaka nuela irakurri dut Joseba Sarrionandiari egindako elkarrizketa. Eskertzekoa iruditu zait bere narratiba euskal eszena politikoan irudikatzea. Antzeztoki bihurtuta ikusten du, urte askoko antzezlanengatik. Eta jokaleku berrien beharra aipatu, eragile diren antzezle berriekin; gizarte zibila. Antzerkia egiteari utzi eta plaza ireki bihurtu politika, elkarlanerako aukerak zabalduz, eta inertziak, nork bereak, gainditzen joanez. Aldaketek trantsizioa behar dutelako, eta trantsizioek aldeko baldintzak...
Argigarria ere Arnaldo Otegik Sorturen agurrean esana. Hots, gehiegitan gauzak definitzeko adjektibo asko erabiltzen ditugula, desitxuratzera heltzeraino edo. Kontsigna gutxiago eta argudio gehiago, zioen. Narratiba politikoa bera irauli beharra. Eta ez narratiba bakarrik. Argudioetan etengabe sakondu beharra, eta zabaldu. Gogora ekarri zuen presoak orain ez asko abiatutako aldaketarik funtsezkoena politika ulertu eta egiteko moduan datzala. Mentalitatean jarri zuen iraultza; landa politikoari ezin ateak ipini. Gure posizioak eta gure disposizioak, zioen, uztartu beharra. Debatea den mahai guztietan egon behar da, zutik bada ere, hori bai, eragiten, barrutik bezala kanpotik ere, koadroa osoa landa hartuta.
Krisi askoren konbergentzia ematen ari den honetan, egunez egun eta lekuz leku, koadroa betetzen doa eta markoa zehaztuz. Instituzioen barrukoa garrantzizkoa izan arren kanpoan ari da gehien koadroa koloreztatzen, Errenteria asko baitira euskal geometria aldakorrean. Zer esanik ez, grisak ere baditu koadroak, halabeharrez, azken finean trantsizioaren seinalea da grisa, ibili beharrekoa. Baina ibili. Harri ibilian goroldiorik ez.
Historia errepikatzen dela idatzi zuen Marxek, “lehenik tragedia gisa, gero fartsa moduan”. Armagintzaren eta militarismoaren inguruan errepikapen hutsa ez, espiralean goraka doan buklea ari gara bizitzen, fartsatik asko duena, eta tragedian amaitzeko gero eta aukera... [+]
Horrela adierazi du Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak.
Non daude talka handienak eta zenbateraino dago gertu akordioa, EAEko hezkuntza publikoko irakasleentzat? Greba ziklo luzeari amaiera emateko sukalde lanaren eta gakoen inguruan mintzatu gara, STEILASeko bozeramaile Haizea Arbiderekin. “Grebak bertan behera utziko... [+]
EAEn BAMEa (famili medikuen formazioa) lau urtetik hiru urtetara jaistea eskatu du Jaurlaritzak. Osakidetzaren "larritasunaren" erantzukizuna Ministerioari bota dio Jaurlaritzako Osasun sailburu Alberto Martinezek: "Ez digute egiten uzten, eta haiek ez dute ezer... [+]
Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil zela da Eusko Jaurlaritzako Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak atera duen ondorioa, Berria-k jakinarazi duenez. Orain arte, Ertzaintzak beti egin dio uko bertsio horri, eta Rosa Zarra berak zuen gaixotasunaren ondorioz... [+]