Kopuru ofizialik ez da, ez dakigu Eusko Jaurlaritzak nolako aurrekontuak aurkeztuko dituen. Egunkariak ordea, brasta-brasta ari dira sailetako ehunekoak ematen. Badakiguna da Eusko Jaurlaritzak zein sail jo dituen lehentasunezko; alegia, Hezkuntza, Osasuna eta Enplegu eta Gizarte Politika.
Hezkuntza Saila zabala da agintaldi honetan eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura biltzen ditu. Bada, batean eta bestean agertutako datuen arabera, Hezkuntzak %7ko jaitsiera izango luke, iaz baino 185 milioi euro gutxiago. Kolpe gogorra beste biek jasoko lukete, Hizkuntza Politikak eta Kulturak. %22ko murrizketa egongo dela uste da, iaz baino 59 milioi euro gutxiago.
Alberto Barandiaranek, Hekimen herri ekimeneko euskarazko hedabideak biltzen dituen elkarte sortu berriko zuzendariak, ondokoa adierazi dio Berriari: “Marra gorrietan inoiz ez da euskalgintza aipatzen, eta guk behin eta gehiagotan esan dugu euskal hedabide asko marra gorrien azpitik daudela jadanik”. Jasone Mendizabal Topaguneko ordezkariak berriz, adierazi du ziurgabetasuna ikaragarria dela, eta kezka handia.