Korrika 18k martxoaren 14an emango ditu lehen pausoak Andoainen. Hilaren 24an Baionan festa ederra egingo dute ibiliari bukaera emateko. Korrikaren aurtengo omendua ikaslea da eta AEK-k ondoko leloa aukeratu du: Eman euskara elkarri. Zangoak mugitu aurretik buruari eragitea erabaki zuen Korrika 18k eta lau mahai-inguru antolatu zituen Euskara ikasi XXI. mendean izenburuarekin. Iruñean eta Bilbon bana egin ziren. Ondoko orrietan, Gasteizko (Nola ikasi?) eta Baionako (Ikaslearen ahotsa) saioei buruzko hausnarketa idatzi dute AEK-ko kide eta mahaion moderatzaile Benito Fizek eta Bea Sallaberryk.
Atzera begiratzeko unea ohi da omenaldia, omenduaren merituen memoria ekartzeko unea. Gu, berriz, gerora begira joan ginen omenduaren bila, neguko ostegun batean, arrastian Gasteizko Kutxin ezagutu nahi izan genuen Korrikaren omendua: euskara ikaslea. XXI. mendeak ekarriko digun euskara-ikaslearen erretratuaren bila abiatu ginen bada.
Soslai hori zirriborratzen laguntzeko lau marrazkilari batu genituen: Josu Perales, Maite Goñi, Ainhoa Ezeiza eta Abel Camacho, eta galdera hauen bueltan jarri genituen marrak ehuntzen: Nola ikasiko da euskara XXI. mendean? Nolakoa izango da euskara ikaslea? Zer egingo du? Zer eskatuko du?
Handik ordu pare batera ez geneukan argazki garbirik, ezta erretratu robot baliagarririk ere, bai ordea marra ugari, nork bere irudia egiteko adina. Hona hemen utzi zizkiguten marrak eta borroak. Hartu nahi dituzunak eta egizu zeure marrazkia.
Gomendatu zigun Josu Peralesek ingelesa ikasten duenari erreparatzeko, hizkuntzak ikastea ingelesa ikastea da batik bat gaur egun munduan, eta hortik datoz gero datozen gehienak, euskara ikaslearen soslaia ere bai, agian. Dena den, gurera ere begiratzeko abisua egin zigun: euskara praktikatzen ari diren mintza-berba-solaslagun horiek guztiak oraina ez ezik geroa ere izan daitezke. Hizkuntza ikasleen artean gero eta gehiago preziatzen –eta ordaintzen– da ikasi nahi den hizkuntzako solaskidea. Hezur-haragizko irakaslea ez da galduko, baina ekosistema horretan bizi beharko du.
LED pantaila batean hasi zen Maite Goñi marrazten, makinen clip art-ak, zuzentzen duten makinak, gurekin hitz egiten duten makinak, baina aldi berean milaka gauza egiteko aukera ematen diguten makinak ere badira: hainbat lagunekin gauzak egin eta jarduteko, hamaika mila irakasle aurkitzeko, baita hamaika irakasleren lana egiteko ere, edo irakasle baten lana hamaika aldiz egiteko.
Pintzel iluna hartu zuen Abel Camachok orduan. Pintura geruzatxo bat baino ez ei zaie eman hainbat gauzari, eta geruza horren azpian aspaldiko horma dugu nonbait, betiko edukiak, betiko bideak nagusiki. Ikasleak berriz, baditu hainbat gauza lehen ez zituenak: testuak, materialak, aukerak... Horiek guztiak kudeatzen trebatu behar da etorkizuneko ikaslea: bere prozesua gidatzen eta ebaluatzen. Etorkizuneko ikasleak gero eta botere gehiago izango baitu.
Tonu biziagoetara egin zuen salto Ainhoa Ezeizaren paletak. Marrazkia mihisearen mugatik harago eroatea aldarrikatu zuen, ikaskuntzaren alderdi informalera, eta batez ere sozializaziora. Hizkuntza sozializatuaz ikasten da eta ikasiko da, eta sare sozialak behar dira, Interneten eta porlanezko munduan, bietan. Akaso ikasleen sareak eraiki beharko dira, une honetan faltan-edo sentitzen direnak, izan ere, euskaldunok gutxi izan, baina sareak erraz ehuntzen ditugu.
Bi orduren buruan etorkizuneko irakaslea hasi da agian bere burua ere zirriborro horiekin marrazten.
Eta pentsatuko du, igoal batez ere, ikaslearen solaskidea izan beharko duela, edo harentzat komunitate baterako zizerone lanak egin beharko dituela. Hizkuntza, pertsona horien zeregin eta harremanetan kokatu behar duela ere pentsa dezake. Hizkuntzari, forma barik, zentzua eman behar diola ondorioztatuko du baten batek.
Pentsatuko dute beste batzuek makinek lekua kendu ez diezaieten borroka egin beharko dutela. Makinak gobernatzeko modua aurkitu beharko dutela beste batzuek. Baten batek makinari lan astunak nola eman pentsatuko du bitartean. Inguruan dituen makinei probetxu nola atera beste batzuk. Makinatzen denak.
Ikaslearekiko erlazioaz hasiko dira pentsatzen, euskaltegitik kanpora hedatuta marraztuko dute batzuek: sarera edo kalera. Beste irakasle batzuekin konpartituta ikusiko dute beste batzuek euren burua. Eta ikaslea boterea hartuta irudikatuko dute batek baino gehiagok, zer eta nola ikasi nahi duen argi, ebaluatzeko gai ere bai, irakaslearekiko menpekotasuna galduta, neurri handi batean.
Dena orain bezalaxe ikusiko dutenak ere izango dira, horrela nahi dutelako batzuek edo geroa dagoeneko hemen dagoela ikusi dutelako beste batzuek.
Kutxira irten eta neguko zeru beltzari begira geratzea nahiago du baten batek, bere marrazkiaren tonu nagusirako aproposa. Beste batzuek berriz, ostegun gauean Kutxin irribarrez dabiltzan gazteen aurpegietatik aukeratuko dute euren erretraturako aurpegia.
Euskara ikasi 21. mendean lemapean, gure hizkuntzaz, ikaste eta erabiltze bideko bizipenen partekatzeko elkartu ginen. Lau pertsona, lau ibilbide: eleketa, euskararen eta ikastearen alderdi ezberdinak bizi izan dituztenen ahotik zuzenean argitara ekartzeko parada genuen. Euskaldun berrien solasetan euskararen kaleidoskopioaren alderdi koloretsu bizi eta esperantzaz beteak agertu zitzaizkigun: erantzun zenbait, galdera andana dilingo.
Lehenik, euskara borroka eta frustrazioa da. Hasteko, klaseetara joateko eskatzen duen antolaketa eta indarrarengatik, malgutasun eta maiz sakrifizioak aginduz, lagun erdaldunak baztertuz. Ez balitz aski, zinezko borroka gertatzen da erabilerarena: bururatu ideien formulatzeko nekeziak, ausarta izan beharra, parada urriegiak gertatzea interlokutore euskalduna ukateko edo kooperazio erlatiboa eskaini izana, gaineratu behar denean nornahiri euskaraz zuzenduz hartzen den errefusaren arriskua, baita epaiarena ere. Nork bere burua bortxatuz, euskara nahikeria eta indarraren menpe da: sorpresarik gabe, euskaraz zuzentzea desmartxa militantea da, ia beti, nork bere baitatik saiatzen duena.
Euskara ez da beti integratzailea, maleruski gutxiegi, ez baita batere hemen ongi bizitzeko faktorea. Gainera, proiektu sozio-politiko-kulturalei lotu taldeak sortzen direnean ez dira kasik sekula euskaraz sortzen, komunzki, bertako hizkuntzan gauzatzea bigarren mailan ezartzen edo berantago txertatzen da. Bizkitartean, gakoa hor dago sustut.
Behingoz, euskara erraza da. Euskara ikasteko zaila zela zioten aurreiritzi guziak porroskatu ziren han berean. Ez baita gutxi. Lekukoetarik batek azpimarratu bezala, zaila dena ez dela euskara ikastea, euskararen egoera baizik eta horren aldatzea. Haratago euskara plazera ere zaie, bai klasean iragan momentuengatik, bai ezagutu jende eta taldekideengatik, bai euskaraz bizi une bakoitzarengatik.
Noski, euskara unibertso unibertsala da. Ahanzten baldin badugu ere batzuetan, transmititzen duguna ez da hizkuntza bat. Ez da hori bakarrik. Gure ikasgeletara etortzen direnei ematen diegu mundua, gurea eta gaineratekoa: kultura bat, herri bat, bizimolde eta balore batzuk nolazpait baita gaineratekoen ikusteko eta bizitzeko era bat. Eskaintzen duguna hemengoena da, baita beste guziena ere, irekia, munduari so eta aldi berean mundua bere baitan bil eta azal dezake; zeinahik beregana dezake batetik eta zabal bestetik. Gainera, nahi duenarentzat euskal komunitateak besoak zabalik dauzka.
Oroz gainetik, euskara eraldatzailea da hizkuntza ezagutzeko enbeiatik menperatzerainoko bidaia intimoan zehar. Euskara ikastea, berreskuratzea, motibazio pertsonaletan oinarritzen da maiz, eten den transmisioaren minberak edo horren lehen katebegia izateko tirriak bultzatua, eta honen eskuratzea beti izaten da abentura humano luze, aberats eta aberasgarria, gure baitan barna aldatzen gaituena, gizartea aldatu nahi lukeena.
Azkenik eta gerorako, euskara sortzailea da: alternatiba hizkuntza, harreman eta komunitate sortzailea, sare eta egitasmo berrietako ateen zabaltzaile, inguruarengan eragile. Behin jasota ez daiteke bazterrera utz.
Argi eta ilun guzietatik bakar batzuk baizik ez ditugu lerro hauetara ekartzen ahalko, argikien agertu eta partekatuenak. Dudarik gabe, ikaskuntzaz ari garenean, alde horiek oraindik gutxiegi ikerturik darraite eta tarte hori hartzea merezi luke, orokorrean euskalduntzea egoki eramateko. Azken batean, zer dakigu xuxen euskara ikasteaz? Batez ere humanoki suposatzen duenaz? Oro har alde didaktikoa gainditzen duten parametroez? Ez daude irakasleen esku baina prozesuaren arrakasta baldintzatzen dute, premiazkoak dira, gure lanak bermerik eta gerorik ez bailezake ukan ikastea xeheki zer den ulertuko ez duguno.
It is not Christmas, however, there will soon be decorations in the big shops to announce it, or at least they say so. In the shop window “Zorionak! Claims like “Gabon ederra passes!” will be exposed everywhere. However, congratulations can be many: the lottery, bringing a... [+]
Badira sei-zazpi urte kartzelan dauden presoek euskara ikasteko duten eskubidea bermatzeko helburuarekin, lanean aritu den euskara-irakasleen sare bat: Presoen Euskara Irakasleen Taldea.