Azken asteotan EAEko patronala, izan Confebask edo Cebek, honako mezua zabaltzen ari da: enpresak “hiltzen ari dira” eskaeraren beherakadagatik. Diotenez, 2008ko maiatzetik 7.000 konpainia desagertu dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta iragan urtarrila izan da hilabete kaskarrenetakoa. Mezua aprobetxatu dute ogasun foralen presio fiskal handiagoa arbuiatzeko eta sindikatuei lan harremanen okertzea ekarriko luketen hitzarmenak eskatzeko.
Patronala oso otzana izan da Espainiako CEOEkiko eta bera bezain kapitalista da; oso ondo dakizki zein diren enpresak “hiltzen aritzeko” arrazoi nagusiak. Badaki ez direla “hiltzen ari”. Badaki ito eta hil egiten dituztela eta badaki zein den hiltzailea. Sistema kapitalista da, bere kudeatzaile politikoen eskutik –txandakako administrazio eta gobernuak–, eredu ekonomiko eta sozial zehatza inposatzen duena. Austeritate politikak eta gastu publikoaren murrizketa inposatzen duen eredua da, enpresak eta enplegua sustatuko lituzkeen hazkunde ekonomikoaren eredua beharrean. Eta gobernuetatik datozen politika horiek, BEZaren igoera kasu, besteak beste kontsumoaren beherakada eragiten dute. Bankuek ez dituzte kredituak ematen. Ez dira gutxi “galerak sozializatu eta etekinak pribatizatu” printzipioari jarraitzen dioten enpresariak. Horrek guztiak milaka enpresa txiki eta ertain itotzera daramatza; azkenean desagertu egiten dira, eta haiekin batera milaka enplegu ere bai.
“Larrialdi nazional” egoera hau konpontzeko, Euskal Herrian hitzarmen bat behar dugu, aldaketa sozial eta ekonomikoa ekarriko duena. Kontuan izan behar da langileak izan direla orain arte krisiaren ondorioak euren haragitan gehien jasan dituztenak. Erreforma fiskal bateratuak eta iruzur fiskala pertsegitzeak, nahikoa baliabide ekarriko luke guztion egoera arintzeko