Lerro hauek idatzi eta ordu batzuetara Garoñako zentral nuklearra geldituko dute. Aitzakia da 2013an Espainiako Gobernuak ezarri behar dituen zergak direla-eta zentrala ez dela bideragarria izango.
Nuclenorrek, Garoña kudeatzen duen enpresak, presio egiteko hartutako neurria omen da itxiera. Ez nintzateke harrituko urtarrilean Garoña berriro martxan jarriko balitz. Ezta ere behin betiko itxierarako aurreikusita zegoen data –datorren urteko uztaila– gainditu eta oraindik urte batzuk lanean segituko balu.
40 urte pasatxo daramagu Garoñakoa martxan dugula, eta bere txarrean zorionekoak garela iruditzen zait, Fukushimarekin gogoratu bainaiz.
Fukushimako zentral nuklearrean gertatutako leherketen irudiak ez ziren Dorre Bikiek erorketenak bezain gogorrak izan, baina Japoniatik iristen zaizkigun berriek ezintasuna, etsipena eta deskontrola adierazten jarraitzen dute.
Gaur, oraindik, ez dakite zein den zentralaren benetako egoera. Langileek neurri batean baino ezin izan dituzte urgentziazko lanak egin. Japoniako lurra lehoinabarren azalen eran kutsatuta dago: hemen bai, hor ez, han bai, haratago ere bai. Gehiago edo gutxiago, Japoniako erdialde eta iparralde osoa ukitua dago. Fukushimako probintzia osora ez ezik, erradioaktibitatearen sindromea Tokioraino ailegatzen da, eta gero eta handiagoa da, adibidez, tiroidean arazoak izan ditzaketen umeen kopurua. Pertsona gazteek sortzen dute kezka nagusia, populazioa erradioaktibitate ahularen pean urteetan biziko baita, eta zientziak ez baitaki oraindik horrelako egoeretan zer eragin izango duen erradioaktibitateak. Japonia laborategi erraldoi bihurtu da, gizakiek saguarena egiten dutelarik.
Zorionekoak gu, egun batzuetan bederen Garoña geldirik izango delako.