Sektorearen bilakaeraren azterketa zehatza eginez eta azken hiru hamarkadetan helduen irakaskuntzak, testuinguru zailean, ezagutu duen garapen baikorra kontuan harturik, Ipar Euskal Herriko helduen euskalduntze alfabetatzea egonkortzeko bidean dela ondoriozta daiteke.
Hain zuzen ere, une honetan instituzioen aldetik esparrua kudeatzeko eta antolatzeko agertzen den prestutasunak ziklo baten bukaeran eta beste baten hasieran koka gaitzake.
Dena den, sail honetan eta beste eragileen garrantzia gutxietsi gabe, prozesu osoan zehar AEK-k egin duen ekarpena balio handikoa dela ezin uka. Hogeita bi urte iragan dira jadanik, 1980ko urri hartatik Iparraldeko AEK, gau eskoletako federazio gisa, bere lehen urratsak egiten hasi zenetik. Geroztik ehunka izan dira gure erakundean parte hartu duten ikasle eta irakasleak, eta ez dira arbuiatzekoak ere, urte hauetan herritarrak erakartzeko zein botere publikoen oniritzia lortzeko egin diren hamaika eginahal.
Haatik, denbora tarte horretan ezagutu dugun testuingurua ez da beti aldekoa izan; egoera soziolinguistiko kezkagarriari, lege babesik gabeko egoera eta botere publikoen uzkurkeria endemikoa gehitzen ahal zaizkio. Tendentzia ezkor hauei aurre eginez eta euskararen berreskurapena ez dela haurrekin soilik bermatuko konbikzioarekin, AEK temati hedatu da Iparraldeko geografian barna. Horrela, 16 euskaltegietan banaturik, urtetik urtera 1.000 ikasle inguru biltzen ditu. Hain zuzen ere, premia handiko egoera honetan, AEKren egituraketa sendoa eta Euskararen Erakunde Publikoaren aldetik sektorea bultzatzeko xedeak dira gaur egun, helduen irakaskuntzan garatzeko bermerik garrantzitsuenak. Bi eragile horien artean finkatuko diren ildo estrategikoen menpe baita zalantzarik gabe arloaren geroa.
Kontuan hartu behar da bistan dena, inkesta soziolinguistikoen emaitzek behin eta berriz baieztatzen dutena; euskararen egoera larria dela Iparraldean.
Euskararen egoera juridikoaren bilakaerak ez du ororen buru, aldaketa nabarmenik ezagutu azken urte hauetan. Izan ere, legediari dagokionez, Frantziako hainbat gobernuren erabakiak gorabehera handien ondorioak dira. Legegintzaldirako aurkeztu egitasmoan, François Hollande lehendakari berriak, Frantziak 1992an Europako Kontseiluak ebatzi Hizkuntza Gutxituen Aldeko Europako Karta izenpetuko duela hitzeman badu ere, oraino ez da argi ikusten zein epe eta baldintzatan gauzatuko den ekimena.
2006ko abenduaren 21ean, Euskararen Erakunde Publikoko administrazio kontseiluak egiazko Hizkuntza Politika Proiektu baten onarpenarekin, helduen irakaskuntzan diharduten eragileen finantziazioa bermatzeaz gainera, esparruko helburuak, estrategiak, norabideak eta ekintza programak jorratzen hasiko ginela pentsa zitekeen. Alta bada, geroztik diruztatzeko moldeetan nolabaiteko arrazionaltasuna nagusitu den arren, sektorea bere osotasunean sustatzeko dispositiborik ez da oraindik indarrean eman. Honela beraz, bada helduen euskalduntze alfabetatze alorrari buruzko antolaketa-esparrua iraunkorki zehazteko garaia. Eginkizun horri lotu dira dagoeneko partaideak hainbat elkarrizketa eta negoziaketa saioak plantan emanez.
Gaur egun, orohar, hiru publiko mota hurbiltzen da euskararen ikastera, hala nola: lanerako ikasi behar duten eta xede taldeetan biltzen diren administrazioko langileak (AEK-ko ikaslegoaren %13,8a), publiko berezietan koka daitezkeen ikasleak (ama eskolako gurasoak adibidez, %13a), eta gainerakoak beraien ekimenez euskara ikasten ari diren helduak orotariko %69a dira.
Geroari begira, azpimarratzekoak dira halaber, arloa eraginkortasunez kudeatu nahi izanez gero, EEPri legozkiokeen betekizun garrantzitsuak:
– Jendarte osoari begira, euskararen ikasteko gogoa sustatzeko politika indarrean eman. Izan ere, egoera juridiko eta soziolinguistikoak berez ez du sortzen euskara ikasteko behar sozialik. Errealitate gordin horren aitzinean, administrazioaren aldetik etengabeak izan beharko lirateke motibazioa sortzeko kanpaina eraginkorrak.
– Publiko desberdinen eskaerei erantzuteko baliabideak sortu. Hots, motibazio, interesgune eta betebehar anitzeko publikoa izanik ere, eragileen eskaintza osoa izan behar da, nahiz eta kasuz kasu berezitasunak jorratzen ahalko diren.
– Administrazio eta lan munduko xede talde gehiago sortzeko ahalak eskaini. Azken urteetan EEPk lurralde elkargo batzuekin elkarlanean sustatu duen hizkuntza politikaren ondorioz, publiko mota hau emendatuz joan da zorionez. Halere, ikusteke da oraino egin formakuntzek ondorio zuzena izanen duten administrazioaren eguneroko jardueran.
– Bestalde, komenigarria litzateke helduen euskalduntze alfabetatzean ari diren formakuntza egituren ezagutzaren bermatzea, formakuntzak emateko egitura homologatuen estatutua sortuz adibidez.
– Egitura hauen egoera ekonomikoaren egonkortzeko xedean, lauzpabost urtetarako helburuak finkatuko dituzten hitzarmenei esker diru-laguntzak bideratu beharko lirateke.
– Moldakuntza jarraikiko prozedurak bultzatuz (DIF, CIF...) besteak beste, ikasleentzat mailaketaren araberako beka sistema ere indarrean ematea onura handikoa litzateke.
– Irakasleen formakuntza eta titulazioaren ezagupen sistemak ere ez lirateke ahantzi behar eginbeharretako saskia betetzerakoan.
Haien jarduera ibilmolde autonomoan garatuz, helduen euskalduntzearen eremuko erakunde eta elkarteena da kalitatezko irakaskuntza egikaritzeko betebeharra. Horrez gain, EEPren laguntzarekin euskararen erabilera sustatuko duten sare eta eremu berriak sortzeko ardura dukete.
Dena den, gaurko egoeratik atera eta hizkuntza politikari bultzada indartsua eman nahi bazaio diru baliabideak nabarmen handitu behar dira. Horrela bada, EEPren ondoko aurrekontuek gaitasunik izanen al dute jendartean eta hainbat administrazio sektoretan normalizaziorako urratsak eraginkorrak izan daitezen? Geroak erranen digu finkatutako helburuen parean hein bereko baliabideak ezartzen diren ala ez.
Joseba Garai Iparraldeko AEK-ko arduraduna da.
49 urte preso pasa ondoren, libre utzi dute Leonard Peltier AEBetako ekintzaile autoktonoa. Otsailaren 18 honetan heldu da bere senide eta lagunen artera 80 urte dituen preso-ohia.
In the Maszycka cave in Poland, remains of 18,000 years ago were found at the end of the 19th century. But recently, human bones have been studied using new technologies and found clear signs of cannibalism.
This is not the first time that a study has reached this conclusion,... [+]
Porzheim, Germany, February 23, 1945. About eight o’clock in the evening, Allied planes began bombing the city with incendiary bombs. The attack caused a terrible massacre in a short time. But what happened in Pforzheim was overshadowed by the Allied bombing of Dresden a few... [+]
On February 3rd, the time has begun to pre-enroll our children and young people in schools, and as every year we would like to remind you why we do not think it is a good idea to enroll them in religion. Last year we finished the article saying that “many of you will be... [+]
From the Association of Parents of the Instituto Arratia Small Tram we want to encourage reflection on the use of screens in the learning community.
Lately there is a lot of concern about the impact of screens on children and adolescents. This responsibility extends from... [+]