Goiz burrundatsua Bilboko Kafe Antzokian. Gabriel Aresti euskaltegiko ikasleak hamaiketakoa egiten ari dira eta kafe-makina jo eta su ari da lanean. Ikasle batek “Bi ebaki, pintxoa eta zukua” egin dio eskaera, euskaraz, barraren atzean dagoen zerbitzariari. Orain dela 17 urte, Bilboko Kafe Antzokiak ateak zabaldu aurretik, gauza arraroa zen hiri honetako tabernetan euskara erabiltzea. Zer esanik ez erdigunean, Albiako lorategien ondoan. Ikasleak, apurka-apurka, ikasgeletara doaz bueltan –Kafe Antzokiaren goialdean dago euskaltegia–. Guk, lasaiago, elkarrizketari ekin diogu. Xabier Monasterio, Gabriel Aresti euskaltegiko sortzaileetako bat, eta Mikel Urbeltz, Kafe Antzokiko Kultur arloko arduraduna ditugu ondoan.
“Oso arin eta, era berean, oso astiro igaro dira 17 urteak” azaldu digu Xabier Monasteriok, “Ematen du Kafe Antzokia betidanik egon dela zabalik, baina guri atzo goizean gertatu zela iruditzen zaigu batzuetan”. 1978an zabaldu zen Gabriel Aresti euskaltegia, Bilboko Kale Nagusian, “frankismo osteko urte berrietan” esan digu euskaltegiko sortzaileak. “80ko hamarkadan, ikasleak euskalduntzen ari ziren, baina ez zuten euskaraz bizitzen hasteko espazio naturalik. Bilboko jendeak, bertan bizi ginen euskaldun zaharrok eta euskaltegietatik ateratzen ziren euskaldun berriek halako toki errefentzial bat behar genuen, elkarrekin batzeko eta euskararen erakusgarri izan zedin”.
Aspaldiko asmo horrek zabaldu zuen Bilboko Kafe Antzokia zabaltzeko bidea, 1995ean, Bixente Deunaren elizaren ondoko zinema zaharrean, apaizena aspalditik. “Espazioa errentan lortu genuen luzerako, eta irakasle talde honen kreditu pertsonalen bidez ordaindu zen, arrisku handiz, inork ez baitzekien nolako harrera izango zuen proiektuak” jarraitu du Monasteriok. “Labur esanda, euskararen herriaren eta Euskal Herriaren simulazio txiki bat egitea zen gure asmoa”. Ateak zabaldu zituenean harrera ezin hobea izan zuen, “horren zain baitzegoen jendea, euskararen erreferentzia behar zen Bilbon”.
Bigarren apustua heldu zen atzetik: Ondarroako Kafe Antzokia. “Bilboko Kafe Antzokia sortu zuen jende taldean Ondarroako jende asko dago”, argitu digu Mikel Urbeltzek. “Testuingurua ezberdina zen, euskara eta euskal kultura ez dira nagusi Bilbon. Aldiz, Ondarroa herri euskalduna da guztiz. Herrian aisialdi eta kultura aukerak eskaintzea zen helburua, euskararen kontrako erasoei aurre egiteko, esparrua gal ez zezan, espazioak irabaz zitzan. Nolanahi dela ere, euskararekiko atxikimendua bultzatzea izan da gure asmoa, bai Bilbon eta bai Ondarroan“ jarraitu du Urbeltzek.
Zenbat Gara kultur elkarteak babesten du Bilboko Kafe Antzokia, ia 1.000 bazkide ditu eta ia denetarik biltzen du, baita bertako langileak ere. Urbeltzen hitzetan, “euskaraz bizi nahi duen orori irekia baita elkartea. “Gure asmo guztiak biltzen ditu Zenbat Gara elkarteak”, jarraitu du Urbeltzek. Alegia, euskararen eta euskal kulturaren sustapena eta euskara bera bizimoduan txertatzea. “Euskara Bilboko erdigunera ekarrita, euskarari behar besteko duintasuna ematea, euskara herriari lotzea”. Oso printzipio zabalak direnez gero, haren orbitan denetarik egin daiteke: euskaltegia, kafe antzokia, irratia –Bilbo Hiria irratia sortu zen garaian, euskara hutsez emititzen zuen irrati ez publiko bakarra zen Bilbon–, Atoan argitaletxea, Bakaikuko barnetegia... “Nahiz eta lan eremu ezberdinetakoak izan, denok ari gara euskararen normalizazioaren inguruan lanean”, dio Monasteriok, “Hizkuntza, kultura eta herria dira Zenbat Gararen zutabe nagusiak. Kulturarik gabe ez dago herririk”.
Enpresa-egiturari dagokionez, eredu kooperatibistari jarraitzen diote Bilboko Kafe Antzokian. “Autoeraketan eta autofinantzazioan sinesten dugu, ekonomia partekatu horrek aukera ematen digu nolabait defizitarioak diren zuloak beste toki batzuetatik estali ahal izateko” azaldu du Monasteriok.
“Kafe Antzokia ez da areto soila” jarraitu du Mikel Urbeltzek, “zer egin nahi den, zer bultzatu nahi den, barruan zer gertatzen den, horixe da garrantzitsuena. Aretoa eta dirua beharrezkoak dira, baina funtsezkoena lan taldea da. Aretoa oskola da baina arima ere behar da, eta hori pertsonak dira, helburu horiek betetzeko lanean ari direnak”.
Bestalde, Kafe Antzokiak beti izan du leiho bat irekita kanpotik datozen ekimeneei. “Euskaldunok ez baitugu soilik euskal kultura kontsumitzen”, Urbeltzen hitzetan, “kanpora begira ere, egon beharra dago”. Xabier Monasteriok azaldu digunez, “euskararekin zerikusirik ez duten aretoen eredu ere izan da gurea. Lehen kontzertuak frontoietan gertatzen ziren. Orain, aldiz, badira leku duinagoak horretarako. Bilboko gauari ere euskara txertatu nahi izan diogu”.
Bilboko ereduak ondo funtzionatu duenez gero, eta oihartzun handia izan duenez gero, bere eredura eta ispilura beste batzuk sortu dira. “Guk askotan esaten dugu Kafe Antzokia lehen izen berezia zela, eta orain izen arrunta dela” diosku Xabier Monasteriok.
Plateruenako gerenteak, Beñat Gaztel-Urrutiak, antzeko hitzez deskribatu du Durangoko Kafe Antzokia. “Lehenengo Kafe Antzokia sortu zuten Bilbon, euskararen aldeko herri mugimendu baten eskutik. Han jarri ziren oinarriak eta oso argiak dira. Kafe Antzokiak kulturgune euskaldun konprometitua izan behar du, herri bakoitzeko berezitasunetara egokituta jardungo duena. Egitarauari begiratu besterik ez dago zertan gabiltzan jakiteko”.
Plateruena Berbaro Euskara elkartearen ekimenez sortu zen duela zortzi urte, eta egun 900 bazkide ditu. Egituraz kooperatibistak dira hauek ere. “Plateruena kulturaren sustapenerako eraiki genuen” argitu digu Gaztel-Urrutiak, “kulturgintza da gure izateko arrazoia”. Euskarazko herri kulturgintza parte-hartzailea sustatzeko ahaleginetan ari dira Plateruenan. “Euskal komunitatea trinkotzeko elkar ezagutu eta gure nortasunaei osasungarri zaizkion bizipenak elkarbanatzea ezinbestekoa da, bagarela sinesteko. Etorri, ikusi eta joan formulatik harago doazen proposamenak dira”.
Kafe antzokiei buruzko iritzi argia du Beñat Gaztel-Urrutiak: “Euskal Herriko kulturgintzaren hezurduran atal bat gara kafe antzokiak, sortzaile eta bestelako eragile askorekin batera. Sortzaileak ezinbestekoak dira, gainerako guztiak premiazkoak gara. Plateruenera etorrita, egitasmo garrantzitsua delakoan gaude. Batetik herri-bizitzatik oso gertu dagoelako, herritarren eta eragileen parte-hartze handia eta zuzena dute. Eta bestetik, nahikoa autonomia daukagulako geure irizpideen arabera jarduteko”.
Euskal Kultura noiztik den errentagarria galdetuta zera erantzun du Plateruenako kideak: “Merkaturatzen den kultur sorkuntza gehiena ez da errentagarria, bereziki euskarazkoa, hartzaile gutxi dituelako”. Aberasgarria bada ordea, begi-bistako arrazoiengatik. “Jendartearentzat aberasgarria den heinean sustatzen ahalegintzen gara. Errentagarria izatea baino, bideragarria izatea da helburua. Horixe dugu eguneroko borroka”.
Debagoienan, Elgetan, bada beste Kafe Antzoki bat, Espaloia. Erreferentea da eskualdean eta beste kafe antzokien filosofiari jarraitzen dio. “Badira zortzi urte pasatxo kultur gunea zabaldu genuela. Plaza berri baten moduan irudikatu genuen orduan, eta plaza ireki hori defendatzen jarraitzen dugu. Izenak ere badakar hori, Espaloian egiten dute topo jendeek, pentsamolde ezberdinetakoak, adin guztietakoak… Eta noski, guk horrela irudikatu dugu euskaltzaleon espazioa eta baita kulturari lotutako ekimen moduan ere”, esplikatu ditu Josu de la Vegak.
Beste ereduetan bezala, lan taldea eta atzean dagoen kultur elkartea funtsezkoa dira Espaloian. Kasu honetan Goibeko kultur elkartea da antzokiaren zutabe. 250 bazkide ditu. “Jendea erakartzeko gaztainak debalde ematea eraginkorragoa izango litzateke kultura eskaintzea baino”, dio kulturaren errentagarritasunaz. “Proiektu hau jende asko erakarri eta diruz aberastekoa balitz, honez gero enpresari abilen batek hartuko zukeen kafe antzokien frankizia. Gu aberasten gara, bai, baina kulturaz. Lantaldeko kideok asetzen gaituen heinean jarraituko dugu lanean, eta badugu hamargarren urteurrena ospatzeko asmoa”.
Debagoienako jendea erakartzen du batez ere Espaloia Kafe Antzokiak, Bergarakoak, Arrasatekoak. Baina Eibartik eta Elorriotik ere joaten zaie jendea. “Gure ekimenak kultura duina eskaintzen lagundu gura izan du” dio de la Vegak, “kafe antzokiok euskal kulturari ondo ekipatutako aretoa baino zerbait gehiago eskaintzen diogulakoan nago, eta egia esan, askotan eskertzen dute hori sortzaileek”.
Lasai Kulturgunea duela hilabete eskas zabaldu zuten Bilboko Zazpi Kaleetan. Bertako kide dugu Imanol Martinez, eta baita Altxaporrue konpartsako kidea ere. Azken horren ekimenez sortua da kulturgunea. “Aspaldiko asmoa zen”, azaldu digu Martinezek. “Euskara eta kulturgintza bultzatzea, gure oinarrizko irizpidea da berez”. Altxaporrueko lagunek ez dute negozio huts bezala ulertzen kulturgunea. “Auzolanean sortutako ekimena da, Bilbo osorako eskaintza kultural osagarria eman nahi duena. Beti ere, euskararen inguruan, eta Euskal Herrian zein Bilbon sortzen diren gauzen leku izan nahi dugu”. Konpartsa berez da kultur elkartea, eta konpartsak biltzen dituen 40 lagunek parte hartzen dute bertan. “Urtean sei asanblada orokor egiten ditugu, irekiak dira, edozeinek parte har dezan. Hala ere, eguneroko jarduerarako, lantaldeetan gaude banatuta”.
Goazen orain Gasteizera. Bertako Alde zaharrean dago Parral taberna. 1995eko abenduaren 5ean sortu zen. 50eko hamarkadatik ordura arte, erretegia izan zen. Parraleko partaide Txunbik azaldu digunez, “taberna hartatik izena baino ez da mantendu”. “Lau gazte elkartu eta buruan bueltaka geneukan taberna eredua sortzeko aukera izan genuen hemen. Kulturaren presentzia era iraunkor batean ezinbesteko ikusi genuen hasieratik”. Parral lau kidek osatutako sozietate zibila da. Urteen poderioz, Gasteizko bizitza kulturalaren parte bilakatu da. Horren adibide, jada ezagunak diren astearte kulturalak.
Lau bazkideei kulturarekiko arreta aurretik datorkie, dena den: “Gutariko batzuk zenbait bandatan parte hartu izan dugu, eta beste zenbaitek kolektibo sozio-kulturaletako militante gisa kontzertuak antolatu izan dituzte. Astearte kulturalak jada tabernako parte dira, gure menu begetarianoa bezalaxe” dio Txunbik. Parral tabernan era guztietako ekintza kulturalek lekua dute, “beti ere tabernako azpiegiturarekin bat etorrita noski”. Emanaldi musikalak, antzerki obrak, eta oro har ikus-entzuneko ekintzak izaten dira batez ere. “Formatua interpreteak aukeratzen du beti. Big Band Berriko 21 musikari batera eskenatokian sartu izan dira eta estu xamar ibili badira ere, emanaldi polita eman zuten”. Gasteizko bizitza kulturalean erabat murgilduta daude Parral tabernako lagunak. “Gasteizko panorama kulturalaren eskaintza gaur egun oso zabala da eta praktikoki astero asetzen dugu gure kultur egarria. Honekin batera, nabarmendu nahi genuke gure moduko aretoek esfortzu handia egin behar izaten dugula urtebeteko programazioa inolako laguntzarik gabe mantentzeko. Era berean udal agenda kulturalari ekarpen itzela egiten diogu”.
Iruñeko Txantrea auzoan, berriz, Akelarre kulturgunea dugu. Akelarrek taberna moduan 17 urte baino gehiago darama irekita, baina duela 7 urte Kultur Elkarte izatera pasatu zen. “Elkartearen helburuak kultura sustatzea eta hedatzea da. Kulturaren hedapen librea, alegia” azaldu digu Mikel Goñik, Akelarreko kideak. 40 bazkidek osatzen dute elkartea. “Funtzionamenduari dagokionez, zuzendaritza modu asanblearioan egiten dela. 15 egunetan behin biltzen gara, eta bilera irekia da, hau da, bazkidea den edonor bertaratu daiteke”. Elkarte denetik 350tik gora ekitaldi antolatu dira kulturgune horretan. “Guretzat kultura balio erantsia da, gure identitatea delako”, nabarmendu digu Goñik.
All
WHEN: January 18th.
IN WHICH: Jimmy Jazz of Vitoria-Gasteiz.
----------------------------------------------
I have a question in my mind lately: how much do things change in 30 years? Yes, reader, you guessed it: I’ve just turned three decades old. It will be a... [+]
Chulería, fuck!
WHEN: 5 January.
WHERE: At the Kafe Antzokia in Bilbao.
----------------------------------------------------
As I filled the room, looking down behind the railing above the theater, I've been playing to see if I find someone younger than me before the... [+]
Beyoncé at the break of an American football game in Houston, Texas. The American singer has come to the center of the stadium in a cowboy suit that she's had access to. The hat covers the nice, the legs the boots long to the knees. The scarce white suit shows her thighs and... [+]
FERMIN MUGURUZA 40. ANNIVERSARY
When: 21 December.
Where: Bilbao in the Arena.
-------------------------------------------
Every year Bilbao will be on the 21st of December. The cider and talo, protagonists of the day, is the day of the fair of St. Thomas. This year,... [+]
Hatortxu Rock jaialdiko 29. edizioa egingo da larunbatean Atarrabian. Sarrerak jada agortuta daude, baina txandak osatzeko laguntza behar da oraindik.
TU
Where: Ahotsenea (Plateruena, Durango)
When: 8 December
-----------------------------------------
Scarves, umbrellas and eye holes are the protagonists of December 8 in Durango. On the last day of the fair they have joined at noon on Sunday and the densest winter... [+]
Anari + Belako When:
5 December.
Where: Sala Zentral de Pamplona.
-----------------------------------------------
I remember that the first time I saw Belako live was in the first month of Erasmus. I didn't go to see them, but a concert that was finally suspended. In return,... [+]
We have known Aitor Bedia Hans, a singer of the Añube group for a long time. At that time we were reconciled with BEÑAT González, former guitarist of the Añube group. It was at the university time, when the two young people of Debagoiena came to Bilbao to study with music in... [+]