Azken mende laurdenean klima aldaketaren eta haren ondorioen ikerketan aurrerapauso nabarmenak egin diren arren, urrun gaude inpaktu sozioekonomikoei dagokienez aurreikuspen fidagarriak egin ahal izatetik. Jokoan dauden sistema natural eta humanoen konplexutasunak zailtasun handiak ezartzen dizkio modelizazioari, eta giza askatasunak, berriz, ez du modelizaziorik onartzen. Horrek guztiak oso eremu latzean jartzen gaitu.
Azken mende laurdenean klima aldaketaren eta haren ondorioen ikerketan aurrerapauso nabarmenak egin diren arren, urrun gaude inpaktu sozioekonomikoei dagokienez aurreikuspen fidagarriak egin ahal izatetik. Jokoan dauden sistema natural eta humanoen konplexutasunak zailtasun handiak ezartzen dizkio modelizazioari, eta giza askatasunak, berriz, ez du modelizaziorik onartzen. Horrek guztiak oso eremu latzean jartzen gaitu.
Desadostasun handienetako batzuek zerikusia dute ekonomiaren analistek inpaktu biofisikoak inpaktu sozioekonomikoetara itzultzeko darabiltzaten prozedurekin. Ondorio asko eta asko dituen klimaren beroketaren arazoari dagokionez, kontu zientifiko asko berpizten dira. Auzi zientifiko horiek eztabaida beroak eragin dituzte, alde batetik establishment ekonomiko ortodoxoaren, eta bestetik ekonomia ekologikoak –eta hein batean ingurumen ekonomiak– azken hamarkadetan zabaldutako ikuspegien artean.
Beroketa klimatikoaren ondorietako bat Ipar Atlantikoko ozeano-korrontea (Golkoko korrontea) gelditzea izan liteke. Korronte horrek Europari bero ematen dionez, hura eteteak izotzaldi txiki bat ekar lezake, zeinaren ondorioak, aditu askoren esanetan, garrantzitsuak izango bailiratekeen. Haatik, zenbait ekonomialarik, P. Michael Link eta Richard S.J. Tol-ek esaterako, FUND 2.8 (Climate Framework for Uncertainty, Negotiation and Distribution) eredua zabaldu dute; eredu horren arabera, negutegi efektuak berotutako mundu batean, korronte termohalinoaren erabateko kolapsoa ekonomikoki onuragarria ere suerta liteke! (...) Zirkulazio termohalinoaren amaierak beroketa atzeratuko luke, eta beraz klima aldaketaren kalteak gutxituko lituzke (BPGren %0,5 mendebaldeko Europan, %0,4 AEBetan). Alabaina, bi egile horien kalkuluen arabera “klima aldaketa arazo erreala da, guztizko inpaktuak zein bazterrekoak negatiboak baitira [munduko BPGren jaitsiera] bai zirkulazio termohalinoaren kolapsoarekin bai hura gabe”.
Baina zenbateraino da egokia, adierazgarria eta fidagarria kalte eta onuren estimazioa BPGren arabera egitea? Arretaz aztertzen baditugu klimaren ereduei uztartzen zaizkien eredu ekonomikoak –klimaren berokuntzak ekonomian izango duen inpaktua neurtze aldera–, ondorioztatu beharra dago euretako asko mugatuak edo desegokiak direla, eta horrek, azken batean, klima aldaketak eragingo dituen kalteak gutxiestera darama.
Gaur egun, mundu osoan, ehun milioi lagun baino gehiago bizi dira itsas mailaren gainetik metro bateko altuera baino beherago. Ziur egon gaitezke klima aldaketa azkar eta bat-bateko baten ondorioetako bat izango dela migrazio fluxuak era esanguratsuan areagotzea. (...) Hainbat kalkuluren arabera, 2000. urtean ingurumen errefuxiatuak gerrengatik errefuxiatutakoen hamar halako ziren. NBEren esanetan, migrazio mugimenduen %60 klima aldaketak eta jatorri naturaleko hondamendiek (lehorteek, uholdeek…) eraginda gertatzen dira.
IPCCk (Klima Aldaketari Buruzko Gobernuarteko Taldea) esan duenez, ez bada ezer egiten berokuntza moteltzeko, itsas maila 9 eta 88 zentimetro artean igo daiteke 2100. urtera bitartean. Ikerketa independente asko abiatu dira datu horretatik populazioen lekualdatzeak kalkulatzeko. Estimazio horien arabera, klima errefuxiatuak 150 milioi izan litezke 2050ean.
Baina IPCCren aurreikuspenak, orain dela urte gutxi arte baliagarriak, errealitatearen oso atzetik gera daitezke. Groenlandia eta Antartika guztiz urtzen badira –eta izugarri azkar ari dira urtzen XXI. mende honetako lehen urteetan–, itsas maila ez da metro bat igoko, 12 eta 25 bitartean baizik, agian gehiago. Horrek 500 milioi lekualdatze eragingo lituzke.
Ez dago gerra baino inpaktu soziopolitiko handiagorik. Hala ere, azken urteetan analista garrantzitsuek ohartarazi dute baliabide natural eta ingurumen funtzio gero eta urriagoekin zerikusia duten nazioarteko gatazkak ugaltzen ari direla. Azken boladan, zuzendaritza politiko-militarraren maila gorenean ere aitortzen da klima aldaketa nazioarteko harremanen desegonkortze faktorea izan daitekeela, gerra berriak barne.
Erresuma Batuko Defentsa ministroak, John Reid-ek, esan zuen klima aldaketaren ondorioen eta baliabide naturalak urritzearen uztarketak handitu egiten dituela lurra, ura eta energia eskuratzeko gatazka bortitzak gertatzeko arriskua. (...) Reiden arabera, errazagoa da baliabideengatiko gatazka horiek “garapen bidean dauden herrialdeetan” –ohikoa den eufemismoa erabiltzearren– ematea, baina herrialde aurreratu eta aberatsek ez dute ezinbestean klima aldaketa globalaren efektu kaltegarri eta desorekatzaileetatik ihes egingo. Ura eta energia gero eta urriagoak direnean, eskualde batzuetan laborantza lur oparo baina eskasak basamortu bihurtzean, nahitaezko baliabideak eskuratzeko gerrak gerkatari global bihurtu daitezke.
Sakoneko gaia da ea klima aldaketa azkar eta muturreko bat (...) zibilizazioaren kolapsoa sortzeko gai den ala ez; eta galdera horri ezin dio erantzun inongo eredu kimatiko edo ekonometriko edo mistok.
Eredu klimatiko eta ekonomikoek ez digute askorik esaten aldaketa “katastrofikoaz”. Mike Davisek zorroztasunez utzi du agerian auzi nagusia: “Eredu klimatikoak, hala nola ekonometrikoak, erraz eraikitzen eta ulertzen dira ondo neurtutako iraganeko joera baten estrapolazio lineal hutsa direnean. (...) Baina klima globalaren osagai gehienek jokaera ez-lineala agertzen dute: zenbait mugatatik aurrera antolakuntza eredu batetik bestera jauzi egin dezakete bat-batean. Eta horren ondorioak hondamendizkoak izan daitezke aurretiazko baldintza ekologikoei modu hertsian egokitutako espezieentzat. 1990eko hamarkadaren hasiera arte uste zen trantsizio klimatiko handiak gauzatzeko mendeak behar zirela. Gaur, badakigu tenperatura globalak eta ozeanoetako korronteak, baldintza jakinen pean, oso arin alda daitezkeela (hamarkada batean, edo azkarrago)”.
Kontua da badirela –bai biosferan oro har, bai ekosistema bakanetan, bai klimaren sistema orokorrean– atari kritikoak, eta horietatik aurrera, aldaketa mantso eta digeritzeko modukoa eraldaketa sakon eta azkar bihurtzen da. Klimaz den bezainbatean, zientzialari askok uste du agian gainditu ditugula atari kritiko horietako batzuk, edo gainditzear gaudela.
Zibilizazioaren kolapsoa guztiz kontuan hartzeko moduko aukera da, eta baliteke, ez oso urruneko etorkizunean, turismo guneetan galdutako hondartza metroez edo beroaldietan hildako adineko jendearen kostuez eztabaidatu beharrean, Europa suntsitu batean zenbat ehiztari-biltzaile taldek biziraun dezaketen kalkulatzen ibili behar izatea. Kolapso hori posible izate hutsak nahikoa izan behar luke klima aldaketaren aurkako politika ausartak sustatzeko.
There was no one or all. That we all suffer at least if the necessary changes are not made so that no one suffers the climate emergency. You – reader – I – Jenofá-, they – poor – and they – rich. The fires in Los Angeles did not give me satisfaction, but a sense of... [+]
The understanding and interpretation of the mathematical language is what is important in the learning process, at least it is what we say to our students. The language of mathematics is universal, and in general, the margin of error for interpretation tends to be small. We... [+]