Apraiz, Pérez eta Ruiz eskola zaharrekoak dira; hizkuntza ondo ikasiko zuten ustean, gramatika, ortografia eta esaldi-zuhaitzak gogotik eginak dira. Irakasteko metodo horren eraginkortasuna ordea, zalantzan jartzen dute, eta eleanitzak diren ikasleen panorama berrian, metodo komunikatiboaren alde egiten dute.
Berritzegune Nagusiko, (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza) hizkuntza aholkulariak dira Maribi Apraiz eta Marimar Pérez. Tere Ruiz berriz, Hizkuntzen Trataera Bateratua programaren arduraduna da.
Edozein hizkuntza irakasteko eta ikasteko proposamen metodologiko eraginkortzat dute ikuspegi komunikatiboa. 1960-70eko hamarkadan iritsi zen hona ikuspegi hori, baina ezin esan hezkuntza sistemak (argitaletxeek, ikastetxeek, irakasleek...) barneratuta duten metodoa denik. Hirurekin izandako elkarrizketan ikuspegi komunikatiboa azaltzen saiatu gara.
Hitz gutxitan esan al daiteke zer den ikuspegi komunikatiboa?
Maribi Apraiz. Hizkuntzak irakatsi eta ikasteko proposamen metodologikoa da. Adjektiboak berak ematen du erreferentzia nagusia, komunikatzea, hizkuntza erabiltzea du helburu. Oinarria hizkuntza trebeziak lantzea da: bakarrik hitz egitea, elkarrekin hitz egitea, idaztea, irakurtzea...
Marimar Pérez. 1960-70eko hamarkadetan atzerriko hizkuntza, ingelesa, irakasteko sortu zen eta hedatzen joan zen. Jada, hizkuntza guztietarako baliagarri dela aldarrikatzen da.
Zer gertatu da? Erdi Aroan, hizkuntza irakasteko modua erabileran zegoen zentratuta, erretorikan. Hizkuntza ondo erabiltzea zen helburu nagusia. Gero, gramatikak hasi ziren azaltzen eta hizkuntza irakasteko fokoa gramatikaren arauetan eta kodeetan jarri zen.
Tere Ruiz. Esaten da hizkuntzaren kodea oso ondo deskribatzen baldin badakizu, kodea (hizkuntza) ondo erabiltzeko gai zarela. Baina...
T. Ruiz. Ez du beti funtzionatzen.
M. Apraiz. Honen guztiaren oinarrian bada uste oker bat. Irakasleok, edo gizarteak, ez dakit zein jarri protagonista, uste dugu ikasleek lehenengo hizkuntza badakitela eta jakin badakitenez, zer egingo dugu hobetzeko? Bada, azter dezagun hizkuntza bera, ikas ditzagun morfologia, sintaxia... eta komunikatzeko gaitasuna hobetuko dute. Eta ez da hala gertatzen, erabileraren bidez hobetzen dugu.
T. Ruiz. Eta gogoetaren bidez. Azkenean continuum moduko bat da, hemen [besoarekin ertz bat adierazi nahi du] ikuspegi gramatikala daukagu (hizkuntza deskribatzean oinarritutakoa) eta hemen ikuspegi komunikatiboa (hizkuntza erabiltzean oinarritutakoa). Hemendik hona badaude bideak.
Bigarren muturrean [komunikatiboan], 2-3 urteko umea dago; hizkuntza erabiltzen hasi da gurasoen laguntzarekin. “Ura nahi duzu?” galdetzen diogunean ez diogu esaten “ura sustantiboa da eta gaztelaniaz esan nahi baduzu agua esan behar duzu”. Ez diogu umeari hizkuntzaren erabilera azaltzen, erabiltzen laguntzen diogu. Baina, batzuetan, gogoeta ezinbestekoa da hobetzeko. Adibidez, idazten ari gara eta ez dakigu nola esan gauza bat. Hiztegira joko dugu, edo subjuntiboa nola erabiltzen den errepasatuko dugu. Alegia, gogoeta egingo dugu. Beste gauza bat da, besterik gabe, alemanaren aditz-jokoa buruz ikastea.
M. Apraiz. Tamalez, batzuetan, azterketan hori galdetzen zaie.
T. Ruiz. Ni nagusia nintzela euskaldundu nintzen. Akordatzen naiz azterketak zein ondo egiten genituen eta zein txarto erabiltzen genuen aditza hitz egiterakoan.
Gutxienez hiru hizkuntza irakasten diren hezkuntza sistemaz ari gara. Nola gauzatzen da ikuspegi komunikatiboa horrelako testuinguruan?
T. Ruiz. Hizkuntzen Trataera Bateratuaren bidez. Hizkuntzak irakasten dituzten irakasleek akordioak egin behar dituzte, antzeko metodologiak erabili behar dituzte.
Hala egiten al dute?
T. Ruiz. Guk nahi baino gutxiago. Dena dela, curriculuma da praktika markatzen duen marko legala. Irakasle askok aitzakia moduan darabilte curriculuma, eduki gehiegi dituela diote... Ikuspegi komunikatiboaren bidez, curriculumak jasotzen dituen eduki guztiak landu daitezke. Eta curriculumaren helburuak begiratzen baldin badituzu, ikusiko duzu hizkuntzaren erabilera dela helburu nagusia.
M. Pérez. Curriculuma da marko legala, baina zer gertatzen da eskola askotan? Testu-liburuek markatzen dute bidea, benetako curriculum bihurtzen dira. Argitaletxeek esango dizute ikuspegi komunikatiboa txertatu dutela, baina gero betiko ariketak dakartzate.
T. Ruiz. Esate baterako, ikuspegi komunikatiboan, eskutitza idazteko eskatuko diezu ikasleei eta horren bidez hiztegia, ortografia, arau gramatikalak ikasiko dituzue. Testu-liburuek hizkuntza zatikatuta ekartzen dute: lehenengo bi orrialdeetan ortografia, gero lexikoa, gero gramatika, gero literaturaren historia eta bukaeran idazketa tailerra. Ikasleek ez dute filologo txikiak izan behar.
M. Apraiz. Testu-liburuek ziurtasuna ematen diote irakasleari. Testu-liburu batzuetako edukiak, ageri diren moduan ikasgelan landuta, hizkuntzaren erabileran ikasleek ez dute larregi sakonduko. Irakasleek badakite hori.
M. Pérez. Gauza gehiago dago. Metodo formala erabiltzen baldin baduzu ikasgela kudeatzea askoz errazagoa da. Irakasleak badaki zer esan behar duen, badauka jakinduria eta gela erraz kudeatzen du. Ikuspegi komunikatiboan ez dago isiltasunik, irakasleek ez dute asko hitz egiten, ikasleak mugitu egiten dira batetik bestera. Galderak ez dauka irakaslearen erantzun bakarra, erantzunak eztabaidatu egiten dira. Horrela lan egitea ez da erraza eta irakaslearen prestakuntzan horrelako estrategiak eta edukiak ez dira sartzen.
Testu-liburuak eta irakasleak aipatu ditugu. Gurasoek nola baloratzen dute irakas metodo hori?
T. Ruiz. Gurasoek, irakasleen moduan, ziurtasuna nahi dute.
M. Apraiz. Gurasoek sentitu behar dute, ikastetxean irakasle guztiek estrategia metodologiko berdin-antzekoak dituztela.
M. Pérez. Ikasturte batean metodo bat eta hurrengoan bestea... horrela ezin da ibili. Ikasleak ere, irakas metodo tradizionalarekin (gramatikalarekin) ohituta daude. Anekdota bat kontatuko dizuet. Ikasturte amaieran, irakasleak ikasleei eskatu die kontatzeko zer ikasi duten. Baten erantzuna: “Asko irakurri dugu, asko idatzi dugu, asko entzun dugu, baina hizkuntza ez dugu egin”. Zer da hizkuntza ikasle horrentzat? Analisi sintaktikoa, morfologia, sintagma... Irakurtzea eta idaztea dibertimendua balitz bezala.
M. Apraiz. Ikaslearen betiko galdera da: Zer ikasi behar dut azterketarako?
T. Ruiz. Ikastea oso erraza da. Beste anekdota bat kontatuko dut: Gaztelania eskolak eman behar nituen eta aurreko ikasturtean literaturan zer egin zuten azaldu zidaten ikasleek. Irakasleak literaturari buruz ehun galdera prestatu zituen eta hiru hilabetero 33 erantzun jakin behar zituzten buruz. Galdera-erantzunak horrelakoak ziren: “Non jaio zen Machado? Sevillan”. Horrelako gauzak ikastea oso erraza da. Azterketa bezperan ikastea nahikoa duzu gainditzeko. Baina hori zertarako? Aspergarria da horrela ikastea eta ikasitakoa ahaztu egiten da. Ez al da hobe literatura irakurtzen ikastea, irakurriz gozatzea?
Marimar Pérez. Hezkuntza eleanitzean ezinbestekoa da ikuspegi komunikatiboa lantzea. Zergatik? Lehen litekeena zen hizkuntza bakarra irakastea. Orain, gutxienez hiru hizkuntza irakasten dira eskolan eta irakas-denbora aprobetxatu egin behar dugu. Denbora aprobetxatzeko modu bakarra dago, hau da, zer da hizkuntzak lotzen dituen ezaugarria? Bada hizkuntza denak komunikatzeko tresna direla. Ezin dugu jarraitu hizkuntza bakoitza modu desberdinean irakasten. Ikasle bakarrak hiru hizkuntza ikasi behar ditu.
Esan dugu irakasleek diotela curriculumak eduki gehiegi biltzen duela. Baina, ikasgelan euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez gauza bera errepikatzen dugu. Ipuinaren egitura nolakoa den euskaraz ikasi badute ez dugu gauza bera egin behar gaztelaniaz, ez dugu berriz azaldu behar sarrera-korapiloa-amaiera. Hizkuntza irakasleen artean hitz egin behar dugu eta elkarri galdetu, “zuk zer irakatsi duzu?”.
To be honest, I don't know why I'm writing this. In today’s hostile environment, opinions of this kind are not well received. Perhaps LUZ will not publish this because it does not correspond to the opinions they have published so far (but if they have finally decided to publish... [+]
We Basques move our feet behind the witness of Korrika to proclaim that we want to survive as a Basque people in favor of our language, with the aim of the Basque Country we desire.
The tipi-tapa is the first step taken by a migrant person who leaves his homeland in Africa,... [+]
Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bizkaiko Foru Aldundiko langileak elkarretaratzea egin dute langileen egonkortzearen eta euskalduntzearen alde.