Automatically translated from Basque, translation may contain errors. More information here. Elhuyarren itzultzaile automatikoaren logoa

Nafarroako konkista probidentziala

  • Posible al da iradokitzea zer Nafarroa izan genezakeen gaur, XVI. mendeko konkista gertatu izan ez balitz? Posible da, bai horixe, eta joera handia dugu une historiko batetik aitzina izan dugunaz bertze iragan posiblerik asmatzeko, hots, historia-fikzioa egiteko. Jakina,  ez da asmatze hori historialarien zeregina. Alta, zenbat historialarik ez ote dio ekin, profesionalaren plantan konkista hura kasu, harako gertaera haiek ezinbertzekotzat jotzeari? Eta hori ere ez ote da historia-fikzioa?

Nafarroa eta Biarnoako lurraldeak agertzen dituen 1642ko mapa, M. Tauernier-ena. Konkistatua izan ez balitz, Nafarroak edukiko lukeen irudia islatzen du nolabait.
Nafarroa eta Biarnoako lurraldeak agertzen dituen 1642ko mapa, M. Tauernier-ena. Konkistatua izan ez balitz, Nafarroak edukiko lukeen irudia islatzen du nolabait.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Historialariak, profesional onak, ez ditu zertan hartu ezinbertzekotzat iraganeko gertaerak, une bakoitzean gertatu zirenez bertzelako gertaerak ezinezkoak izan balira bezala. Hain zuzen ere, bere papera ez delako iraganeko egun baten biharamuna asmatzea, eta horixe eginen lukeelako edozein determinismoren betaurrekoekin: historia-fikzioa alegia, eta iragana ontzat hartu berak maite duen oraina mugiezintzat jotze aldera.

Historialariak, profesional onak, iraganeko une oro garaian garaiko orain gisa ikertu beharko luke, unean uneko orain ireki gisa, non eragile desberdinak egon ziren, era askotan joka zezaketenak –maltzur, zintzo, inozo, azkar, koldar, ausart, larderiatsu, herrikoi…, nahi bertze jokamoldetan–, eta horren arabera gertaera hura edo bertzelakoa –biharamun/etorkizun hura edo bertzelakoa– suerta zitekeen gero. Gaur eguneko orainaldi honetan bezalaxe. Eta “suerta(tu)” diot nahita, zoria ere ez dagoelako historiatik kanpo.

Iraungitze data naturala?

Badaude Espainiaren historia erreferentzial dezente, tomo lodi askotakoak, zeinetan unibertsitate-katedratiko ospetsuenek parte hartu ohi duten; eta hain dira erreferentzialak, haietan oinarritu ohi direla gero hezkuntzako historia-programak eta testu-liburuak. Bada, horietako batean, bertzeetan erran gabe doan baieztapen biribila egiten du ohiko historialariak: alegia, XVI. mende hasiera hartan Erdi Aroko hondar “absurdu” halako bat zela Nafarroako erreinuaren iraupena.

Harribitxi miresgarriak aurki ditzakegu historia handi horietako orrialdeetan. Galde joan natzaio, adibidez, Tuñón de Larak zuzenduriko Historia de España-ko Nafarroaz adituari, Javier Zabalori, eta beronek horrela erantzun dit bere orrialdeetan: “Ezinbertzez haietako batek [Frantziak ala Gaztela-Aragoik] bereganaturik bukatu behar zuen [Nafarroak] edo –nafar monarkiaren errealitate geo-historiko eta soziokulturalera egokiago dena– bien artean zatiturik” (elkarrizketatuak ez, nik nabarmendurik daude ene belarrietan gogorren jo duten hitzak, hurrengo elkarrizketetan eginen dudan bezalaxe). Eta aurrerago: “Konkista hau gutxienez bi belaunalditan estugarriki luzatzen zihoan drama baten amaiera logikoa” izan da.

Galde joan natzaio, berdin, Menéndez Pidalek zuzenduriko Historia de España-ko bertze aditu bati, Errege-erregina Katolikoez adituari, Manuel Fernández Álvarezi, eta bertze hau bota dit: “Geografia aldetik, Espainiaren zati bat zen [Nafarroa], eta batasun politiko hartan haren sarrera izan zen Fernando Katolikoaren azken Estatu-zeregin handia”.

Bertze batengana ere jo dut, Modesto Lafuenterengana, berau bakarrik 29 tomotako bertze Historia de España bat idazten ausartu zen harengana, eta bertze hau erantzun dit: “Nafarroako erreinu txikia, Frantzia eta Espainia artean kokaturik, frantsesa bere azkenaldiko harreman eta loturen aldetik, baina espainiarra jatorriz, bere hizkuntza, ohitura eta kokapen geografikoarengatik, halabeharrak agindurik zegoen goiz ala berandu birgaldatzeko monarkia espainiar handian. Bete behar zen batasun legea…”. Eta pozik ondorioztatu dit biribilki: “Eta horrela [Nafarroaren konkista dela medio] burutu eta biribildu zen azkenik espainiar familia handiaren batasuna, agindurik zegoen hura”; Iberiar penintsulako mapa aurrean, berehala lerratu zaio Lafuente jaunari begirada Portugal aldera, penintsulako batasun legeari aurre egiten jarraitzen duen jende temati horrengana, eta nik deus berririk ere galdetu behar gabe, biziki deitoragarriki –libre da irakurlea erabakitzeko zer den deitoragarri: Lafuenterentzat Portugalena ala edozein adimenarentzat Lafuenteren hitzak– jarraitu du: “Portugaleko erreinua salbu, gaztelar koroaren zatikatze zoritxarrekoa izan eta independente jarraitzen zuen hura”. Ez da harritzeko, horrelako giro historiko intelektualean, aipaturiko Manuel Fernández Álvarezek bertze hau ere, Nafarroaz ari, bota izana: “Berriro ere baieztatzen da tesi hura: konkistaturik suertatu nahi duten herriak baizik ez dira konkistatzen”.

Halabeharra, nafar herriaren volksgeist espainiarra, lege historikoa, geografiak eratzen duen herrien izaera eta bilakaera… Determinismoa dago azken buruan horrelako historialarien filosofiaren oinarrian. Gutxi izanen balitz, baten batek –Modesto Lafuentek berriro ere– Probidentzia bera sartzen du prozesu historikoan: “Nork mugiarazten ditu [herriak]? (…) Probidentziak, zeina, ulertu ezinean, batzuek fatalismoarekin nahasten duten”. Eta jakin badakigu: “Norbanako bakoitzak, familia bakoitzak, herri bakoitzak, nazio bakoitzak, gizarte bakoitzak bere misio berezia jaso du (…) gizateriaren bizitza unibertsalari begira”. Ados, XIX. mende erdialdekoak ditugu bi aipuak, gaurko irizpide eta metodo historiografikoetatik kanpokoak. Baina, kontuz! Espainiaren historiari dagokionez, itzal handi eta luzeko paradigma baten sortzailea izan zen Modesto Lafuente, ñabardura eta egokitzapen “zientifikoago” batzuekin –gehienbat Menéndez Pidalek eginikoak– indarrean egon dena 1980ko hamarkada arte. Zer erranik ez, paradigma hura baitaratu egin zuen Falangearen fundatzaile José Antonio Primo de Riverak –ez al du irakurleak haren “España es unidad de destino en lo universal” definizio hartan Lafuenteren oihartzuna aditzen?–.

Nafarroa, lagunik gabe?

Jada ez, historia erreferentzial berrietan ez da Probidentzia sartzen Nafarroaren konkistaz ari direnean. Baina bai jarraitzen dutela ezinbertzekotzat jotzen hura. Atzetik Historiaren indar ezkutuak egonen balira bezala: direnak direla unean uneko giza-eragileen jokamoldeak, urak beren bidera joatera behartuko lituzkete. Eta Probidentziaren ordez hainbat baldintza historiko, hainbat indar-lerro jartzen dute mahai gainean, ezinbertzez konkista hartara eraman ei zutenak. Hala nola, garai hartako Nafarroa guztiz isolatua zegoela nazioarteko munduan, hutsaren hurrengoa zela garai hartako europar estatuen mosaikoan, lekurik ez zuela Moderniaren sarrera errenazentista hartan. Determinismo historikoaren usaina darie horrelako irizpideei, begi-bistakoak izanen balira bezala lupa kritikorik gabe eta inertziaz ontzat hartzen dituzten horiei.

Ez zegoen Nafarroa hobekien kokaturik lagunak lortzeko aldameneko monarkien espantsionismo lehiakorren aurrean. Baina garaiko europar estatuen (des)kontzertuan estatu bat gehiago zen Nafarroa. Izatez, nola ez? Nafarroa Europako kantzileria guztietan izan zen mintzagai, negoziazioen gai, eztabaidagai: Frantzian eta Gaztelan, jakina, baina baita ere Vatikanon, Portugalen, Venezian, Ingalaterran, Inperioan… Eta, bai, Frantzia edo Gaztelaren arteko lehian, bataren edo bertzearen alde jokatu zuten aldizka bertze guztiek Nafarroaren piezaren inguruan. Vatikanok, azkenik, Gaztelaren alde, jakina denez, baina ezin erran Ingalaterrak, adibidez, begi onez ikusi zuenik Fernando Katolikoaren azkeneko esku-sartzea, inbasioa alegia: ezagun denez, aliatuak zeuden gaztelarrak eta ingelesak Frantziaren kontra, eta ingelesak Gipuzkoako kostaldean kanpatuak Guienan sartzeko prest, baina Fernandok Frantziari beharrean Nafarroari eraso zionean, etxera itzuli zen armada ingelesa horrelako ekintzarik hitzarturik ez zegoelako, Fernandok engainaturik ikusita Ingalaterrak bere burua.

Tudela del Dueroko aukera galdua

Sei urte lehenago, 1506an, Gaztelako goi-lautada abuztuaren eguzkiak bihozgabe kiskaltzen zuenean, negoziazio guztiz freskagarria egin zuten Nafarroako Katalina I.ak eta Joan III.ak Gaztelako errege berri Felipe I.arekin, Alemaniako enperadorearen semea berau, Tudela del Dueron, Valladolid hiritik gertu. Bazirudien horri esker ordura arte Fernando Katolikoak Nafarroari emaniko hartzaren besarkadatik libratuko zela Nafarroa. Ordura arte, izan ere, José María Lacarrak eta historialari gehienek deituriko gaztelar “protektoratu” baten altzoan zegoen euskal erreinua. Alegia, hartz-besarkadaren antzeko zerbait zen babespean: agaramontar eta beaumontarren arteko istiluetan, azken hauek Fernandok kontrolpean izateko aitzakiaz, okupaturik zituen Gaztelak Nafarroan hainbat hiribildu beaumondar (Larraga, Lerin, Artaxona, Iruñea bera…), bitartekotza gisa, 1495ean Madrilen sinaturiko itun baten arabera. Hartan, Nafarroatik egozten zuten Leringo konde beaumontarra, baina, horren truke, dirua eta lurrak ematen zizkion Gaztelak kondeari. Horretaz gain, gaztelarren aldeko puntu batzuk sinatu zituzten, hala nola Nafarroa inoiz ez zela aliatuko Frantziarekin Gaztelaren kontra.  Gero, 1500ean, Sevillako bertze itun batean, berreskuratuko zituen Nafarroak gaztelar tropek zaintzen zituzten plaza haiek, baina horren truke, Leringo konde eta haren laguntzaileei barkamena eman eta karguak eta ondasunak itzuli zizkien, betiere nafar erreinuaren neutraltasuna berriro baietsiz, hots, gaztelar hartz-besarkada oraindik tinko.

Bada, 1506ko abuztu amaieran Tudela del Dueron lortu zuten errege-erregina nafarrek zama horretatik libratzea, Felipe I.a ‘Ederra’-rekin eginiko bertze itun askoz faboragarriago baten bidez. Une hartan deseginik bide zegoen Fernando eta Isabel Katolikoek ezkonduriko Gaztela-Aragoi Estatu-bikotea. Izan ere, Isabel Katolikoa, Gaztelako erregina, 1504ko azaro amaieran hil zen. Oinordekoa Juana I.a ‘Eroa’ zen, Habsburgeko Feliperekin ezkondurik zegoena. Fernandok hitzarmena lortu zuen Salamancan: alaba Juanak, suhi Felipek eta hirurek batera gobernatuko zutela Gaztela. Baina arazoak sortu zitzaizkion Katolikoari errege-erregina berriak Borgoniatik Gaztelara heldu bezain laster: alegia, Fernando ez zuten Gaztelako noble guztiek begi onez ikusten eta Felipek ere bere kabuz gobernatu nahi zuen; gauzak horrela, bi bando agertu ziren berriro gortearen inguruan, Feliperen aldeko bat eta Fernandorena bertzea. Fernandok galdu zuen lehia eta 1506ko ekainean Aragoiko bere Koroara itzultzera erabaki zuen, Gaztelari utzirik eta Germana Foixkorekin ezkondurik, halako moldez non bikote berri honengandik seme-alabarik jaioko balitz, seme nagusiak edo alabak hartuko baitzuen Aragoiko Koroa, Gaztela-Aragoi arteko uztarria apurturik hortaz.

Tudela del Dueroko itunen arabera, bertzeak bertze, Gaztela eta Nafarroa-Biarnoren arteko aliantza sinatu zen: elkarri laguntza emanen zioten bertze hirugarren baten edozein inbasioren aurrean eta asilorik ez zioten eskainiko bakoitzaren lurraldetik ihes egindako inori –puntu honek zuzen-zuzenean beaumontar buruzagia babes gaztelarra galtzera eramaten zuen–. Itunak Maximiliano enperadorearen bedeinkapen guztiak jaso zituen, eta Alvaro Adot historialariak dioen bezala, “Austriako Etxearen eragin-gunean sartzeak bermerik ematen zion Pirinioetako estatuari bere gauzak guztiz kontrolpean izateko Gaztelako presioetatik kanpo, eta Maximiliano I.aren, Aita Santuaren eta Ingalaterrako erregearen sostengua errazten zuen”. Lagun berriak lortu zituen, bada, Nafarroak, atera ahal izateko Fernandoren hartz-besarkadatik, bai eta Gaztela-Aragoiren eta Frantziaren arteko presio itogarritik ere.

Dena dela, historian ere zoriak badu bere zeregina, eta ituna sinatu eta lau astera, uda partean Gaztelako goi-lautada kiskaltzen duen eguzkiak luzatu bide zuen bere indarra udazken hasiera arte, eta ezbehar bat ekarri: Burgosen zegoela Felipe I.a, pilotan kirolari, ur hotzegia edan omen zuen gorputza freskatze aldera, kontrasteak sukarra eragin eta egun gutxitan hil zen, irailaren 25ean. Ezuste hartaz baliatu ziren Fernando Katolikoaren lagun gaztelar nobleak erregeordetza berriro Aragoikoari emateko, Juana I.a erotzat, ezgaitzat joa baitzegoen aurretik. Eta hor bukatu zitzaien nafar errege-erreginari Gaztelatik libratzeko aukera hura, Fernandok, Gaztelara heldu bezain laster, bertan behera utzi baitzuen Tudela del Dueroko ituna.

Iraganaren bridak

Hortik aurrera, jada, bai, Gaztela-Aragoi eta Frantzia artean ibiltzen saiatu zen Nafarroa, José María Lacarrak deitu zuen “politika kulunkaria” egiten, eta azkenik, Gaztelak euskal erreinua inbaditu ondoren, Frantzia baizik ez zuen lagun izan, ezagun ditugun baldintza eta ondorioekin.

Hasierako galdera berriro mahairatuz: ez al da zilegi pentsatzea bertze iraganik izan zezakeela Nafarroak 1506tik gaur arte, Felipe I.a hil zen bezala hil izan ez balitz?

Ez galde, jakina, historialarioi; baina historialari batek, profesional-profesional, harako orain hartan gertatu zena ezinbertzekotzat, historiaren legeek agindutzat, filosofikoki beharrezkotzat jotzen badu, historialariarena ez, aztiarena baizik, profetarena, egiten du berak ere, hots, historia-fikzioaren edozein egileren antzera. Ez dut deus ere erran nahi historia-fikzioaren aurka, badaude lan eredugarriak genero literario horretan. Baina profesional-profesionalaren planta eginik historialari batek iragan posible bakartzat aurkezten badigu bere ikerketarena, ez ote digu zerbait gehiago erraten, historialari gisa ez berari, ez inori, ez dagokiona? Ez ote digu erran nahi, iraganetik heredatu duguna mugiezina dela, Historiak agindua, eta, hortaz, gaurko oraina ere itxirik dugula, etorkizun bakar batera bertze aukerarik gabe, iraganak bridaturik, abiatu beharrekoa?


You are interested in the channel: Nafarroaren Konkista
2024-06-20 | Beñi Agirre
Battle of Noáin, defense of Amaiur and Hondarribia

Immersed in the war against the community lords and churches, in 1521, Castile obtained the help of his brother-in-law Enrique de Navarra II.ak, King Francisco I of France, to recover the kingdom of Navarre invaded, conquered and occupied nine years earlier.

Parents Enrike... [+]


2023-12-13 | Axier Lopez
The Arrasate City Hall changes the name of the street tribute to the king of Castile who conquered Gipuzkoa at the request of the citizens
They will change the name of the street in honor of King Alfonso VIII who brought Gipuzkoa out of the Kingdom of Navarra and conquered for Castile. For its part, this street will be called “17 women” in honor of some of the women of the town who fought against the Francoist... [+]

2023-09-12 | Euskal Irratiak
Nafarroa bizi dela aldarrikatu dute Donapaleun

Memoria eta aldarrikapen eguna izan da larunbatean Amikuzeko hiriburuan. "Sekulan baino gehiago, gure izanetik aurkitu indarraz, bihar gu girena hazi", izan dira Zabalik elkarteko presidentearen hitzak, Nafarroa Bizirik eguneko ekitaldi ofizialean.


Donapaleun recalls that 500 years ago the General Staff of Navarre met
This Saturday, the association Zabalik, Nabarralde and Hernani Errotzen have organized a full day program to remember that in 1523 the Kingdom of Navarra implemented the capital in Donapaleu and maintained its structures.

United States in Donapaleu
500 years later memory and living language
On August 18, 1523, King of Navarre Henry II called the Major States in Donapale. After the attack and conquest of Castile, the kingdom that was limited to the territory of Baja Navarra was the last attempt to keep its structures alive. 500 years later you will remember this... [+]

Navarra matrilineal

The ideological heirs of the conquerors of the Kingdom of Navarra are today the political parties that manage means such as patriarchal intellectual production and EITB. These heirs continue with the colonization process of Navarre, distorting historical contexts and negating... [+]


2022-12-05 | Ahotsa.info
The Aranzadi Society and the SF78Goan pay tribute to Mayor Maya on Navarra Day
The Orreaga association has offered a tribute and a floral offering to all the people who have lived in history in favor of Euskal Herria in an event held in Pamplona on Navarra Day.

Peio Berterretxe, Board Director
"Sancho the Fort or the emerald of Miramamolin" is a critique of today's rulers, or at least a truffle."
This Saturday takes place in Hazparn the last performance of the emerald theatre of Sancho el Fuerte and Miramamolin. The work written in 1997 by playwright Antton Luku is staged by young Makears. That year he won the City of San Sebastian Literary Prize, which 25 years later is... [+]

Amaiur, his crown asks us

The castle of Amaiur (1522), in Baztán, was the last strength of the resistance against the Spanish conquest of the Kingdom of Navarra. The rebels, with their courage, also dominated the kingdom of Spain, challenged by their hearts, sought to rise up against the... [+]


2022-07-18 | Ahotsa.info
Remember the 500th anniversary of the resistance of Amaiur Castle
On Saturday, the central event commemorating the 500th anniversary of the resistance and destruction of the Castle of Amaiur, organized by the Association of Castles of Amaiur and the people of Amaiur and with the presence of representatives of various institutions, has been... [+]

Alarde de Irun and Navarro Braveheart
The mentholated cigars, the Dire Straits group and the people who said “have” are things of the past. From a past that no one proclaims. In a family meal you will ever remember your dizzy uncle, and thanks to that you will know that they existed. Even they smoked, listened... [+]

Amaiur, recreation of a symbol
On July 19, 1522, the Spanish army conquered the castle of Amaiur, defeating the Navarran warriors who wanted to resist in defense of their kingdom. It was not the fundamental battle of the conquest of Navarra, nor probably the most symbolic. The cry of the “last Navarros”,... [+]

2022-06-10
Amaiurtarra

You will easily see Spaniards of a certain age who want to underestimate or reduce the severity of something: “More was lost in Cuba,” recalling the loss of the remains of the colonial empire in 1898. Hungarians also have a similar expression, which is used in the same sense... [+]


Eguneraketa berriak daude