Bankiaren kiebrarekin, bere nazionalizazioarekin, eta ondoren iragarritako funts publikoetako 24.000 milioi euroko injekzioarekin sortutako egoera, benetan da larria eta beldurgarria. Espainiako herritarrak, Euskal Herrikoak bezalatsu, beldurtuta eta arduratuta daude. Jada, batzuei corralitoa ez zaie zientzia fikzioa iruditzen eta banku nahiz kutxetatik aurrezkiak ateratzen ari dira, Argentinan, Grezian eta Irlandan egin zuten moduan. Zergatik beldur hori? Bankiako hondamendia eta kiebra –Rajoyren familiak kudeatua– lehertzear den finantza sistemaren izebergaren punta baino ez delako.
Gezurra esan badigute; Bankiako hondamendiarekin engainatu eta manipulatu egin nahi izan bagaituzte; milioika euroko galerak zeuden tokian etekinak zeudela esan baziguten; Bankia diru publikoz kapitalizatzeko 4.000 milioi euro nahikoa zela esan eta ondoren 24.000 milioi izan baziren… Zeinek sinetsi diezaieke gezurra hain lotsagabeki esan duten ministro eta gobernuari? Zeinek ziurta dezake orain, Bankiako kapitalizazio milioidunaren ondoren, arazoa konponduta dagoela? Zeinek bermatuko digu Bankiaren ondoren ez direla finantza hondamendi gehiago azaleratuko, ezkutuko izebergaren gisan?
Rajoyren Espainiako Gobernuak ez. Herritarrak memelotzat eta ezjakintzat hartzen ditu. Ez zaio inporta gezurra esatea, manipulatzea eta Bankia moduko finantza erraldoiak hondamendira eraman dituzten “gaizkile lepazuridunak” babestea. Babesa eman eta blindatu bakarrik ez, indemnizazio eta erretiro milioidunak ere eskaintzen dizkie. Bitartean, langileak eta herritarrak murrizketak jasan behar! Euskal Herriak Espainiarekin loturak lehenbailehen hausten baditu, hobe!