Musikaren gaineko ikuspegi kritikoa, edo kritikatzailea.
ETA hil da, biba euskal poparen aro loriatsua!
Lelo hori “Rock matxiruloa hil da, biba euskal riot grrrl-en aro loriatsua!” bezain irreala da; baina aukeran nahiago dut bigarren hori.
Hasi zara arraro hitz egiten, musikaz aritu ohi direnak bezala; ez ahantzi ezer galdetzeko erantzunak ulertu egin behar ditudala.
Zailagoa da neoliberalen eufemismoak ulertzea, eta gobernatzen uzten diegu. Nahi baduzu, esango dizut Balerdi Balerdiren eta Beti Muganen itzulera aro loriatsuaren izpi dela.
Dena ez dago galdurik, beraz.
Dena galduta dago; horregatik, Emma Goldmani kasu egin eta iraultza dantzan egiten saiatu beharko dugu, nik neuk ez iraultza ez dantza egiten ez dakidan arren.
Ez iraultza ez dantza, bai ordea kritikatzen. Zer egin dizu zuri Euskal Rock Erradikalak?
Autogestiotik sortutako zerbait marka komertzial bihurtu izanak amorrua ematen dit. Gainera, interesgarriagoak iruditzen zaizkidan taldeak estali zituen.
Ados, hitz egin dezagun musikaz beraz: kontzertu batean gorroto dituzun gauzen top 3a entzuteko irrikan gaude…
Testosterona superabita, birtuosismo merkea –normalean jende bera izaten da kasu bietan)– eta kontzertuan etengabe hitz egitea, argazkiak ateratzea, eta abar.
Feminismo liberala ere esango zenuela uste nuen.
Musikaren munduan ezagutzen ditudan feminista gehienak erradikalak dira, zorionez. Feministatik ezer ez duten liberal asko dago, hori bai. Gehienak gizonak.
Baina abangoardia izan gara sexualitate kontuetan. Hara Dominika Etxart, lehen euskal abeslari transgeneroa.
EAEko Kultura sailburuak sexu binarismoaren kontrako ekintza egin nahi izan zuen, baina ez genuen ulertu.
Merezi ez ditugun politikariak ditugula, alegia.
Oso queer-ak, eta musikazaleak, gainera. Ziur Patxi Lopezi queercore-a ere gustatzen zaiola.
Patxi Lopez, historiara lehendakari indie gisa pasako dena!
Patxi Lopez eta indie-ak, horra kontzertu batean jasan ezin ditudan beste bi gauza.
Musika indie-a izango da, ordea, edo ez da izango!
Musika “egizu zuk zeuk” filosofiaduna izango da edo ez da izango.