Lehorra eta itsasoa, bien talkak osatzen du kostaldea deritzogun hori. Bigarren azpian murgiltzeak sentsazio paregabeak bizitzeko aukera ematen digu, baita biziaren festa bertatik bertara ikusteko ere. Nahiz eta, zoritxarrez, festa horretan gero eta lagun gutxiago dugun zain, natura izorratzeko hain zale garen hanka bikook.
Grabitateaz aske. Horrela sentitzen gara lehorrerako diseinatutako izakiok urpean. Ez da kasualitatea astronauta izateko prestakuntzaren osagaietako bat urpekaritza izatea. Erraz mugitu gaitezke urpean, baina astiro, ezinbestean. Eta flotagarritasuna kontrolatzen jakin behar da, eskarmentudun urpekari batek esan digunez.
Flotagarritasuna kontrolatzen bakarrik ez, beste zenbait gauza ere ikasi beharko du urpean murgildu gura duenak. Azken batean, ez da gure ingurune naturala. Euskal Herrian hogeiren bat enpresak eta klubek eskaintzen dituzte urpekaritza ikastaroak, astebete ingurukoak. Mailak eta mailak daude, baina ikastarorik oinarrizkoenak hamazortzi metroko sakoneraraino murgiltzeko aukera emango digu, munduko herrialde guztietan baliagarria den ziurtagiria medio. Nahikoa da hori hain hurbil eta hain ezezagun dugun mundu baten liluraz gozatu ahal izateko.
Behin ikasita, urpekariak badu bere kasa itsasoratzea, baina aukera hobea da –askoz merkeagoa delako– aipatutako klub edo enpresa horietako batekin joatea. 30 euroren bueltan dago ekipoa alokatzea, eta murgiltze-puntura eramango zaituzten ontzia nahiz gidaria ordaintzea.
Olatuak arerio
Oraintsu hasten ari da Euskal Herrian urpekaritza egiteko sasoirik egokiena, urri edo azarora arte luzatu daitekeena. Jakina da, jakina denez, Kantauri itsasoak ez diola baretasunari zor bere ospea. Metro batetik gorako olatuak daudenean deseroso samar sentitu daiteke norbera urpean, horregatik haizetik babestuta dauden lekuak dira onenak. Nolanahi, udaberrian eta udan ez dira falta urpekaritzarako baldintza egokiak eskaintzen dituzten egunak euskal itsasertzean. Leku bi aipatzeagatik, Getariako (Gipuzkoa) San Anton mendiaren inguruak eta Bermeo kostaldea nabarmenduko ditugu. Bigarren horretan, kaitik hiru miliako distantziara, Mina Mari ontzi hondoratua ikusteko aukera dago. 60ko hamarkadan urperatu zuten, portuan su hartu eta gero.
Urtaroen menpe, lehorrean nola
Itsas hondoa ez da uniformea. Lekuaren arabera aldatzen da, urtaroaren arabera ere bai. Maiatzean, eguraldi ona hastearekin batera, algak hazten dira, eta neguan ez duen itxura ematen diote itsasoari. Ingurua berdez tindatzen hasiko da sasoi honetan, eta hori izango da kolore nagusia ekaina iritsi orduko, algek hondoko harriak ia erabat estaltzen dituztenean. Abuztu amaieran etorriko da aldaketa, landareak ihartzen hastean; berdetik marroira igaroko gara orduan, baina horrek ez dio xarmarik ostuko urpeko munduari. Nola basoan, itsas hondoan ere ederra da larrazkena.
Hori harrizko hondoetan gertatuko da. Hareazkoetan, oso bestelakoa da paisaia. Beren itxura ingurunearekin nahasten maisuak diren arrainak ikus daitezke bertan: mihi-arrainak, oilarrak, arraiak… Harri artean, berriz, bestelako ezkutaketa teknikak erabiltzen dituzten animaliak izango ditu bidaide urpekariak: olagarroak, nekorak, itsas aingirak, zarboak eta beste asko. Pena da, ezkutatzeko trebeziak ez diela balio izan beren kopurua urtez urte urritzea saihesteko. Eta hala ere, lehorrekoa baino askoz mundu aberatsagoa izaten segitzen du itsaspekoak, faunaz zein landarez.
Denboraren muga
Altxor bizidun horiekin partekatu dezakegun denborak muga dauka, ez ahaztu mundu honetan gonbidatu hutsak garela. Seguru denek entzun duzuela inoiz deskonpresio hitza. Gainazalera arriskurik gabe itzuli ahal izateko erabili behar den teknika da hori, baina ez da beharrezkoa olgetako urpekaritzan, alegia, lerrootan hizpide dugun urpekaritza motan. Baldintza bakarra jarriko digu itsasoak: geldiunerik egin gabe itzuli nahi badugu, ezin izango dugu arauek diotena baino minutu bat bera gehiago eman ur azpian. Hamazortzi metroko sakoneran, 56 minutuko bisita egiteko baimena baizik ez digu ematen naturak. Hori, hotzak ez bazaitu lehenago bueltatzera behartu. Murgiltze bat baino gehiago egin daiteke egun berean, baina gutxienez ordubeteko tartea utzita batetik bestera. Zenbat eta sakonago jaitsi garen, orduan eta luzeago itxaron beharko dugu. Ez dirudi gehiegizko ordaina, grabitatearen menpe ez egotearen truke.
Eskoziako Lur Garaietara otsoak itzularazteak basoak bere onera ekartzen lagunduko lukeela adierazi dute Leeds unibertsitateko ikertzaileek.. Horrek, era berean, klima-larrialdiari aurre egiteko balioko lukeela baieztatu dute, basoek atmosferako karbono-dioxidoa xurgatuko... [+]
Ilbeltzeko igande goiz batez jo dugu Baztanera. Eguzkiak oraindik ez du Lekarozko plaza argitu; bertan elkartu gara Garbiñe Elizegi Narbarte, Itziar Torres Letona eta Ernesto Prat Urzainkirekin. Itzaletan hotz egiten du eta umorez goxatu dugu lehen agurra, hogei urtean... [+]
"(The purpose of the Oion Plenary) is clear, to legitimize by law the energy megaprojects with significant irregularities in the processing"
Last Wednesday we had a hard and unpleasant day, not only for Labraza, but also for all the towns where we are threatened by a wind,... [+]