Joan den astean Hego Euskal Herrian hainbat mobilizazio izan ziren, Donostian eta Bilbon (azken hau bertan behera geratu zen eguraldiagatik) , kapitalismoak bere gobernuen bidez inposaturiko murrizketa sozialen kontra eta azpiegitura handien kontra. Sindikatuek, gizarte taldeek eta alderdi politikoek –batez ere ezker abertzalekoak– deitu zuten haietara. Aste honetan, hilaren 11n, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan manifestazio gehiago izango dira erreforma neoliberalaren eta PPko Gobernuak ezarri nahi duen zentralizazioaren aurka. Mobilizazio horiek testuinguru berezian egingo dira, Zubietako errauskailua gisako azpiegitura handiek egurra jaso baitute auzitegietatik. Usurbilgo Udalari, Gipuzkoa Zero Zaborri eta mugimendu sozial eta ekologistei arrazoia eman die epaitegiak. Alternatiba baten alde lanean ari dira taldeok, merkeagoa, jasangarriagoa, osasuntsuagoa eta lanpostu gehiago sortuko dituena.
Joan den asteko eta aste honetako mobilizazioak, izan murrizketa sozialen kontra nola azpiegitura handien kontra (Pasaiako Portua, AHT, autopista handiak, errauskailua…), ”merkatuen”, espekulazioaren, eraikuntzaren eta gutxi batzuen negozioaren zerbitzura dagoen ekonomia kapitalistaren kontrako borrokan oinarritzen dira. Mobilizazioek bestelako eredu ekonomiko eta soziala aldarrikatzen dute, subiranotasunean, demokrazian, aberastasunaren banaketan eta naturaren errespetuan oinarritua. Espainiako Estatuan beste dinamika bat dago, Madrilgo egunkari bateko marrazkigileak ederki asko salatua: “Murrizketa sozialen aurrean herritarrak isilik, eta aldiz, estadioetan oihuka”. Zorionez, Euskal Herrian badago sektorerik dinamika horrekin hautsi nahi duena.
Macarena Olona estatuko abokatuak eta portuko aholkulariak iazko apirilean salatu zuen fiskaltzaren aurrean Pasaiako portuko lonjaren eraikuntzan balizko ustelkeria kasua. Espainiako Estatu mailan indarrean daude ere beste hamar portutako ustelkeria kasuen ikerketak.