Euskal Herrian agertoki politiko berria zabaltzen ari den bitartean, eremu sindikalean hodei beltzak azaltzen ari dira. Hori geratu zen agerian joan den astean, ELAren idazkari nagusi Txiki Muñozek Gara egunkariari emandako elkarrizketaren ostean. Desagertuko ahal dira hodeitzar horiek ekaitz bortitzen batek ELA eta LABek osatutako gehiengo sindikal abertzalearen batasuna gila gora jarri baino lehen. Ekintzarako batasun hori, ezker abertzalearen arabera, ELAk eman du puskatutzat. ELAk, aldiz, ezker abertzaleari eta Bilduri leporatu die haustura. Ezker abertzalearen orbitatik eta LABetik ELAri deia luzatu diote, bere erantzukizuna onar dezan. Momentu historiko honen aurrean eta krisi sindikal larrian, ondo dago erantzukizuna eskatzea. Erantzukizun hori ez litzaioke ELAri bakarrik galdegin beharko ordea, LABi, ezker abertzaleari berari eta Bilduri ere eskatzen ahal zaio. Gauzak ez dira egoera honetara iritsi buruzagi sindikal baten esaldi batzuengatik bakarrik. Sindikatu bakoitzak ondo daki hori. Borroka sindikalean, ez gutxitan, interes pertsonal eta korporatibistak daude “hegemoniak” markatzerakoan, eta batzuetan herri-interes orokorren aurretik ipintzen dira. Hango eta hemengo gobernu kapitalisten kontra borrokatzeko sindikatuek ez dute elkartzeko oztopo handirik. Euskal Herriaren kasuan, orain badago Gobernu bat, Gipuzkoako Foru Aldundia bezalakoa, ezker abertzalearen eskuetan. Eman ditu jada urratsak erreforma fiskalean eta ELA ez da neurri horien iritzi berekoa, uste duelako, eta ez arrazoirik gabe, liberalak eta kontinuistak direla, ñabardura batzuk salbu. Gaur egun sakonki antikapitalista den sindikatu honi inork ezingo dio “horikeria” leporatu. Erreforma horretako erabakiak hartu aurretik, ezker abertzaleak eta Bilduk eztabaidatu al zuten sindikatu nagusia den ELArekin ere? Ez baldin bazuen egin, zergatik? Ardura, bai. Baina denon partetik.