Andrew Madden-ek (Dublin, 1964) eliz mutila zela bizi izan zituen abusuak, 12 urte zituenetik 15 bete zituen arte. Ivan Payne Dublingo apaizak bortxatu egin zuela salatzeko prozesua 1991n hasi zuen eta egia azalaraztea, apaiza zigortzea eta konpentsazioa jasotzea lortu du. “Nirekin justizia egin da, baina hamaika kasu daude oraindik ere iluntasunean”, dio. Ikerketa ofizialak bultzatzeaz gainera, 2003an bere biografia argitaratu zuen: Altar Boy. A story of life after the abuse (Eliz mutila. Abusuak jaso ondorengo bizitza).
Zure kasua salatu zenuenetik egia gutxinaka ezagutzen ari gara. Zer balorazio egiten duzu?
Harrezkero abusuen kontrako kanpaina asko egin dugu Gobernua eta Eliza ikerketak egitera behartzeko. Hedabideen bitartez presioa egitea lortu genuen; gertatutakoa kontatzea izan da helburu nagusietako bat. Azkenean, 2000. urtean Gobernuak Haurren Kontrako Abusuak Ikertzeko Batzordea eratu zuen. Nahiz eta kasu guztiei buruzko egia oraindik ez den azaleratu, eta nahiz eta erabateko justizia egitea lortu ez dugun, azken hogei urteetan emandako pausoekin pozik nago.
Hedabideek egindako presioa, beraz, garrantzitsua izan da.
Dudarik gabe. Hedabideak izan ziren salaketa egiteko izan genuen bide bakarra. Gobernuak ez zuen ikerketarik egin nahi Elizarekin arazorik ez izateko, baina azkenean ez zuten izan gertatutakoa denbora gehiagoz estaltzeko modurik.
Zuk salaketa egina zeneukan Batzordea sortu zenerako, nolakoa izan da abusuak jaso zituztenen erreakzioa?
Denetarik egon da. Ziur nago oraindik ere badagoela jendea salaketarik egin ez duena, baina Batzordea eratu ondoren asko izan ziren gertatutakoa kontatzera ausartu zirenak. Denontzako gogorra da, batzuentzako gehiago. Baina, gutxienez, salaketa egiterakoan justizia lortzeko pauso bat eman dugu eta askok gainera konpentsazioa jaso dugu.
Zer deritzozu Elizak izan duen jarreraz?
Gertatutakoari garrantzia kendu eta ikerketetan lankidetzan jarduteari uko egin dio; beraz, ez du errespeturik erakutsi. Biziraupen neurriak hartzen ari da. Apaiz zehatz batzuei bota die errua erantzukizunik ez hartzeko. Ikerketek, ordea, argi erakusten dute apaiz horien arduradunak, Elizako goi mailako apezpikuak, abusuen jakinaren gainean zeudela. Bazekiten gertatzen ari zena eta ez zuten deus egin; are gehiago, gehienek karguan jarraitzen dute. Gauzak puzten ari garela diote, ez gaituzte entzun nahi. Iaz, esaterako, Irlandako apezpikuen bilera batera joan ginen abusuak jaso genituen lau lagun eta eskutitz bat eman genien Aita Santuari emateko. Ez ziotela emango esan ziguten.
Benedicto XVI.aren barkamen eskaera aurrerapauso gisa ikusten duzu?
Barkamena eskatu zuen eskutitz horretan bertan ez zuen inolako erantzukizunik hartu, apezpiku irlandarren arazoa dela esan zuen, mundu mailako arazoa dela kontuan hartu gabe. AEBetan eta beste herrialde askotan ere abusuak egin dituzte. Irlandan kasu hauek argira ateratzen ari badira, Elizaren eragina handia delako da, baina arazoa globala da.
Gobernuaren jarrerarekin oso kritiko agertu zara.
Gobernuak urteetan zehar Eliza babestu besterik ez du egin. Fianna Failen Gobernuak Elizarekin izan duen harremana oso estua izan da eta gauza asko estali ditu. 1992an, Gobernura jo nuen nire kasua ikertzeko eskatuz eta ezezkoa eman zidaten. Baina orain ikerketak mahai gainean daude eta 2011ko otsailetik aitzina Gobernu osaketa berria dugu [Fine Gael eta Alderdi Laboristaren arteko koalizioa]. Faktore horiek eragin dute Gobernuak jarrera aldatu izana eta lehen aldiz historian gogor ari da jokatzen Vaticanoren kontra. Hala ere, Gobernuak gertatutakoaren ardura gehiago hartu beharko luke, gertaerak hezkuntza sisteman egin ziren eta.
Zer aldaketa sumatzen duzu gizartean eskandalu honen aurrean?
Gertaeren larritasunaren aurrean, Elizak sinesgarritasuna galdu du. Nola sinestu behar diete hiritarrek esan dituzten gezur guztien ondoren? Egia da askok Eliza lokala, irlandarra, eta Vaticanoa bereizten dutela eta bata edo beste babesten dutela, baina orokorrean Elizak errespetu morala, boterea, galdu du.
Dozenaka auzokidek babesa agertu diote proiektuari igandean. Alde Zaharreko lokala udalaren jabetza da, eta hiru urte dira hainbat eragilek elkarlanean okupatu zutela.
Perhaps we could say that this text is the result of an appraisal meeting. However, valuation meetings often leave a dry and bittersweet taste in the mouth. It's a sunny Tuesday afternoon. 16:53. We've connected to the valuation meeting, and we've decided to put a lemon candy in... [+]