John Cageren 4’ 33’’ piezan interpretatzaile batek partitura ireki baten aurrean ez du pianoa jotzen lau minutu eta hogeita hamahiru segundoz. Beste tresnetarako bertsioak badaude. Orkestrarako ere bai. Zoragarria da kiribilean entzuteko, lehendabiziko mugimendua, bereziki, nire ustez hoberena, bular-estugarria, esaterako, isilezko konpas lasai batzuen ostean tronpetak sartzen ez direnean.
JENDEAK galdetuko du: “Zer egiten ari zinen 2011ko urriaren 20an, 19:00etan?”. “Ba, agiria noiz aterako zain, (ahaztuko zaigu?) iragarrita zegoen-eta”. Ordenagailuaren dirdaiaz argiztaturiko aurpegien lerroak ez du anekdota bilduma zabalerako ematen, ezta “ehem, ehem”, epika askotarako ere. Galdera, lehenbizikoz, biharamunean egin zidaten, Iruñeko irrati bateko kolaboratzaile guztioi bezala. Bide batez eskatu ziguten une historikoa ilustratzeko musika bat aukeratzeko, hor zeukatenen artean, bestela saiatuko zirela aurkitzen.
MUSIKAREN eragin baltsamikoa aipatzen da. Uxue Apaolazak Gregorio Allegriren Misererearen CDa entzunik, sms batez mezutu zidan bronkodilatadorea zela. Ama zenaren hil bezperaz oroitu nintzen. Berak arnasa ezin harturik, erizainei deitu behar izan nien. Aztoramendu erdian zerbait esan nahi zuen; ez ziotenez ulertzen, utzi zidaten hurbiltzen. “Ponme música, Ángel Mari, que me ahogo”. Ordu batzuk lehenago Radio Clásica aditzen egona nintzen, bera lo zegoen bitartean.
TOKI gehiagotan ikusi dut ariketa bera, ETAren amaierarako abesti bat proposatzearena. Kultur eremuan hitza bataila guztiak galtzen doan honetan (irudien kontra, sentimenduen kontra, musikaren kontra), nago ez ote dugun gordeleku eroso bat soinuaren esanezinean bilatu, mundu paralelo horretan, Ruper Ordorikak definitu bezala.
JULIAN Barnesen Vigilance ipuinean protagonistak eskaileretatik behera botatzen du kontzertuan eztulka ibilitako aldamena, musikak birikei dakarkien ona aintzat hartu eta errukitu gabe. Yehudi Menuhin biolinista eta orkestra zuzendariak esan ohi zuen jendea bere kontzertuetara joaten zela pneumologorenera joan aurretik azken neurri moduan.
IRRATITIK irtenda, berehala damutu nintzen egindako hautaketa musikal presazkoaz, ETAren armak uzteko erabakia “laguntzen” egokiagoak izan zitezkeen bi konposizio bururatuta (beranduegi): John Cageren 4’ 33’’ edo Emanuel Chválaren zerbait. Iraganeko hutsak zuzentzeko, aukera galduak zuritzeko, geure burua edertzeko, idatzi ohi dugu, hau, esaterako (beranduegi).
EUSKAL HERRIA “ce petit peuple qui chante au pied des Pyrénées” definitu zuen Voltairek. “Autour d’une table”, mahai baten inguruan, esan izan balu, erretratu biribila. Afalostean kantuan aritzeko ohitura ez dut batere maite. Solasaldia eteten, saihesten du. Dena den, elkarte gastronomikoetan politikaz hitz egitea debeku da. Horrela, inori ez zaio mokadua kontrako eztarritik joaten. Harritzen nauena da euskal sukaldariek garai berriaren zaporea hobekien adierazten duen plater bat oraindik proposatu ez izana. Bidean da seguruenik errelato goxo hori.
EMANUEL CHVÁLA txekiarrak konposatutako lan guztien artean batek jarraitzen du jokatu gabea, agian ez delako batere baltsamikoa: Concerto per tosse e orchestra. Kontzertua eztul eta orkestrarako. Gliereren Kontzertua koloratura eta orkestrarako atseginaren ifrentzua izan liteke. Exijentzia handikoa da. Bel cantoa aspaldian utzitako kantari zahar ajetsua, arnasbide gaixotikoa eskatzen du, partiturak zehaztutako hats bahitua, arnasestuak, eztarri garbitzeak, eztul bitonala eta, hondarrean, hil korroka emango dituena.
Eskoziako Lur Garaietara otsoak itzularazteak basoak bere onera ekartzen lagunduko lukeela adierazi dute Leeds unibertsitateko ikertzaileek.. Horrek, era berean, klima-larrialdiari aurre egiteko balioko lukeela baieztatu dute, basoek atmosferako karbono-dioxidoa xurgatuko... [+]
Karen Daniela Ágredok dioenez, atxilotu zutenean ez zuen inongo ertzainik zauritu, haiek lurrera bota zuten eta konortea galdu zuen. Ondoren, Ertzaintzaren komisariaren zoruan iratzartu zen eta handik ospitalera eraman zuten.
Hiuzz + Bloñ + Adur
Noiz: otsailaren 15ean.
Non: Iruñeko Aitzina tabernan (Egun Motelak kolektiboa).
--------------------------------------------
Larunbat goiza Iruñean. Neguko eguzkitan lanera doazen gizon –eta ez gizon– bakarti batzuk... [+]
11 doctors in health care earn 230,000 euros each year, one of the practices 18,000 euros
This Thursday, EH Bila asked the Government of Navarre to investigate and correct this situation in the plenary session of the Parliament of Navarre. The UPN and the PP have joined the... [+]
Zubiak eraiki Xiberoa eta Boliviaren artean. Badu jadanik 16 urte Boliviaren aldeko elkartea sortu zela Xiberoan. Azken urteetan, La Paz hiriko El Alto auzoko eskola bat, emazteen etxe baten sortzea, dendarien dinamikak edota tokiko irrati bat sustengatu dituzte.