Automatically translated from Basque, translation may contain errors. More information here. Elhuyarren itzultzaile automatikoaren logoa

"Pertsonak ez gara jatorri bat, sentimendu bat baizik"

  • “Itsaso gaindi ikusten baduzu, gure gogoa daraman ontzia…”.

Fotsis Katsikaris
Fotsis KatsikarisDani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Zer da entrenatzaile on bat?

Ezagutza, psikologia eta senaren arteko koktela. Jokoaren zirrikituak, estrategiaren aldaerak, taldearen gorabeherak eta inguruaren eraginak ezagutzeaz gain, entrenatzaile on batek ez dauka kontzeptu eta teknologia berriei adi egon beste erremediorik bere filosofiari parametro aurrerakoiak txertatu nahi badizkio. Gurean, geldi egotea atzera egitea da. Jantzia izateaz gain, entrenatzaile onak psikologo ona izan behar du. Ezinbestekoa zaio bakoitzaren zein taldearen psikologia menperatzea, eta etengabe bilatu behar ditu erabakitako norabidean eragiteko moduak. Ezagutza eta psikologia dira ikasi litezkeenak, liburuetan idatzita datozenak, eta gero oso entrenatzaile onek zainetan dakarten talentu sena dago. Feeling berezi bat dute, uneoro delibero zehatz eta egokia hartzeko gaitasuna, ezustekorik harrigarriena aurreikusteko dohaina. Niri asko laguntzen dit nire jokalari iraganak. Oso entrenatzaile onak izan ditut, beti izan dut begi bat geroan, eta beti saiatu naiz bakoitzaren hari-muturrak dantzatzeko manera analizatu eta gogoan hartzen. Horri esker, entrenatzaile lanetan hasi nintzenean, bapo zamatuta nekarren motxila.

Jendearentzat, uneoro erabaki garrantzitsuak hartzea da zama. Eliteko jokalari batentzat aldiz, bertute nagusia izan daiteke.

Erabaki onak hartzeko gaitasunak egiten du jokalari bat on, oso on, bikain ala kaskar. Ez da gaitasun fisiko hutsa, altuera, jauziaren elastikotasuna edo tiro mekanika. Saskibaloia burua da, nortasuna. Ezertan hasi aurretik, jokalari bakoitzak hamar hilabeteko exijentziari eta presioari aurre egin diezaiokeen neurtu behar duzu, bere bizimodu eta osasuna ororen gainetik zaintzeko gai izango den, bere eguneroko bizitzako arazotxoek bere errendimendua hondoratuko duten... Egunero pertsona hobeak izateko egin behar dugu lan, pertsona hobeak garen heinean onduko baikara jokalari moduan. Beti esan dut nire eskemetan giltzarri bihurtzen diren jokalariak gai direla familia aurrera ateratzeko, erabakitzen badakitelako, erortzean zutitzera egiten dutelako, ez dutelako beldurrik ikasteko eta edozein egoeretara moldatzeko. Horregatik diot saskibaloia baloia saskiratzea baino askoz gehiago dela.

Ez da erraza izango, ordea, izartxoz betetako aldagela bat kudeatzea.

Zintzotasuna, zintzotasuna eta zintzotasuna. Ez dago besterik. Zintzotasunak taldeko izar arranditsuenarekin talka egitea eskatzen badizu, ezin zara kikildu, aurre egin behar diozu. Izarraren dirdirak itsutzen bazaitu, aldagelarekiko duzun sinesgarritasuna galduko duzu, zure indar guztia, eta hori da gerta dakizukeen okerrena. Jokalariak ez dira tontoak, ederki dakite bakoitza puzzlearen zer pieza den, bakoitza zein eskailera mailan dagoen, eta ez bazara maila apalenean dagoenari egozten diozuna gorenean dagoenari aurpegiratzeko gai, zureak egin du. Jokalariek entrenatzailea liderra izatea nahi dute, eta traiziotzat daukate aginte-makila duenak ez agintzea. Ardura horri zintzotasunez baizik ezin zaio erantzun. Txokera joatea beti da gogorra, ez parean izar bat duzulako, pertsona batekin txoke egitera zoazelako baizik. Horregatik, taldearekin argiki mugarritzen dugu joko-eremua, eta denok dakigu zein diren inolaz ere gainditu ezin diren marra gorriak. Egoismoak, nortasun gatazkatsuak edo izar baten gutiziak ez du ezer justifikatzen. Ezin da inor taldearen gainetik egon.

Nola osatzen da hainbeste nazionalitate, erlijio, hizkuntza, kultura eta ohitura desberdineko jendearekin multzo homogeneo bat?

Kolore desberdinekin koadro eder bat osatzea bezalakoa da. Koloreak konbinatzen asmatzean datza arrakasta. Entrenatzaileak asko du pintoretik. Taldea eraikitzen hasten zarenean koadroaren osotasuna izan behar duzu gogoan. Kontua ez da joko-antolatzaile, hegaleko edo pibot baten bila zabiltzan soilik, beste elementu batzuek erabakitzen dute fitxaketa. Jokalariari buruzko ikerketa sakona abiatzen dugu. Nondik datorren, zer saskibaloi eskolakoa den, bere familia egoera, daraman bizimodua, iraganeko taldeetan arazoak izan dituen, zelako perfil psikologikoa duen… Direnak eta ez direnak aztertzen ditugu, niretzat askoz eraginkorragoa baita talentu gutxiagoko jokalari konprometitua fitxatzea, talentu handiko bazter-nahastailea baino. Nortasun eramanerraza badu, lehiakortasun handikoa bada eta taldearentzat sakrifikatzeko prest badago, urrea atera zeniezaioke. Besteak, eliz dorreko beletak baino gehiago zorabiatuko zaitu.

Nola sortu nortasun propioa duen taldea, berau “munduko biztanlez” osatzen denean?

Pertsonak ez gara jatorri bat, sentimendu bat baizik. Bakoitzak dakarren kultura oinarri paregabea da mundura irekitzeko, eta ezin diozu uko egin zauden tokira egokitzeari. Ezin zara, zauden herrian zaudela, zure sorterrian bezala bizi. Hala bizi denak altxor anitz uzten ditu bidean, bai pertsona bezala, bai jokalari legez ere. Jokalari arrakastatsuenak ez dira beti talentu handikoenak izaten, ongien integratutakoak baizik. Ez da gauza bera Bilboko, Malagako edo Moskuko jokalaria izatea. Gure baloreen artean dago klub lagunkoia, familiarra eta inplikazio handia eskatzen duena izatea. Horrek nortasun handiko oso aldagela indartsua ukaitea ahalbidetzen digu, jokalarien arteko harremana itzela izatea, eta hori hala, arazoak askoz errazago konpondu ditzaket aldagela hil edo gatazkatsu batean baino. Garbi daukagu denok garela arazo eta irtenbideen parte, ez daukagu egiak aurpegira esateko beldurrik, eta horrek ez dauka preziorik. Jakina ederra litzatekeela bertako jokalari gehiago edukitzea, baina ezin gaitezke kexatu. Ekarri dugun jokalari bakoitzari argi utzi diogu zein den gure mentalitatea, gure filosofia, gauzak egiteko modua, eta hiri honen harrotasun sentimendua uneoro arnastuarazi diogu. Hori pistara eramaten duzun momentutik irabazi duzu. Zaleak, bere baloreekin bat eginez, baloia berreskuratzen jokalari bat lurrean bueltaka ikusten duenean berdin zaio Santutxukoa edo Chicagokoa den.

Zer da talde batek fitxatu eta hiri berri batera heltzean egiten duzuna?

Begi-belarriak ireki eta ahal bezainbat informazio prozesatzen ahalegintzen naiz. Ezinbestekoa iruditzen zait klubeko jendeak funtzionamendua, hiria, kultura, kodeak, bizimodua… erakustea, eta behin bertakotzeko oinarrizko tramiteak konpondurik, harremanak ehuntzea gustatzen zait. Orain arte egon naizen hiriak lagunen begietatik ezagutu ditut lehenik, eta bisita horiek asko esaten didate lagunen begiei buruz. Bitxia da, lagunari esker ezagutzen duzu hiria, eta hiriari esker laguna. Herrialde askotan izan naiz, mentalitate desberdinekin egin dut topo, eta esango nuke nire baloreei uko egin gabe mentalitate horietan txertatzeko dudan gaitasuna dela nire bertute nagusietakoa. Berbarako, premiazkoa iruditzen zait hizkuntzaren traba ahal bezain fite gainditzea. Valentziarekin fitxatu eta hilabete pare batera prentsaurrekoak eta elkarrizketak gazteleraz ematen nituen. Nire akats eta larritasun guztiekin putzura salto egitea hobetsi nuen, jendearengana iristeko bide laburrena delako hizkuntza. Entrenatzaile orok lan egiten duen hirian gehien hitz egiten den hizkuntza menperatu behar luke. Hizkuntza ez jakiteak isolatu egiten zaitu, eta isolamenduak galbidea dakar gurea bezain mundu mediatikoan. Gainera, zer zentzu dauka lehen aldarrikatu dudan integrazioaren teoriak hizkuntzarik ez badakizu? Gure lana harremanean oinarritzen da, eta harremana ekonomia bezalakoa da, zenbat eta bitartekari gutxiago, hainbat hobe!

Hizkuntza jakiteak izugarri lagunduko du ingurua eta prentsa kontrolatzen.

Hedabideak zure mezuak inguruari helarazteko kanalak baizik ez dira eta zuk erabakitzen duzu zer eta nola transmititu. Lan nekeza da, baina anitz zaindu beharrekoa, zure mezuaren jabe ez zaren momentutik edozer gerta dakizukeelako. Baliteke espektatibek neurriz kanpo gora egitea, azeria oilategian sartzea, taldeari komeni ez zaion giroa sortzea... Inpaktu soziala edozein momentutan munstro bilakatu daitekeen piztia asegaitza da. Entrenatzaileak kantxan jokalariei transmititu behar dien gisan, kantxatik kanpo gizarteari sentimendu bat helarazi behar dio. Entrenatzailea taldeko bozeramailea da, barkuko kapitaina, eta ezin liteke erratu. Prentsak kale gorrira bota zaitzake, baina ez zaio beldurrik izan behar, hori ez baita prentsaren errua, zuzendaritza ahul baten sintoma baizik. Une kritiko batean, prentsak zakurrak lepora askatuko dizkio zuzendaritzari. Zuzendaritza batzuek txakurrak askatzerako botako dute entrenatzailea, bestetzuek borrokatu eta etsi egingo dute, eta zuzendaritza indartsuek zakurrei heldu eta laztantzen bukatuko dute. Garbi dago entrenatzailea botatzea dela errazena, baina zuzendaritzak ez luke inoiz ahantzi behar, prentsaren presioari men egin eta entrenatzailea behin botatzen duena luzaroan izango dela ahula, luzaroan ibiliko duela prentsak hankapean.

Aldagelak ere hartu dezake entrenatzailea hankapean?

Jakina. Entrenatzaileak aurpegira begiratu behar die jokalariei, baina badaezpada ere, beti ukan behar du begi bat bizkarrean labankadarik sar ez diezaioten. Alabaina, hori ere zuzendaritzaren indarraren araberakoa da. Entrenatzaile ororen kanporaketaren erraietan “nork agintzen du?” galderaren erantzuna dago. Klubak ez baldin badu entrenatzailea babesten, aldagelak sentitu egiten du, eta hor, hilda zaude, zure kaleratzea denbora kontua baizik ez da. Horixe gertatu zitzaidan niri Valentzian. Zuzendaritzak ez zuen nik hartutako erabakien alde egin, desertu erdian bakar-bakarrik utzi ninduten, eta sumatzen hasita nengoen gisan, ostikoz jota bota ninduten. Ez dago bueltarik. Hausturak mingarriak izaten dira, baina natural-natural bizi behar dituzu. Azken finean, desadostasunak amildegia bezain sakonak badira, zertarako jarraitu?

Saskibaloia gizartearen ispilu den neurrian jo du krisiak?

NBAkoa gertatu beharreko zerbait zen. Estatu Batuetan, saskibaloia ez da kirol bat, ez da ikuskizun bat, sektore ekonomiko bat baizik. NBA enpresa bat da, eta ugazabek, ezeri baino lehenago, zenbakiei begiratzen diete. Urrezko aroan, jokalariek urrezko hitzarmenak negoziatu zituzten, segur aski merezi zituztenak baino dirutza eta eskubide handiagoak erdietsiz. Orain soufflé-a despuztu egin da, eta urrezko hitzarmen horiek berrikusi ezean lurrezkoa izango da oro. Nire ustez, alta, mehatxutzat baino aukeratzat hartu behar litzateke krisia. Hauxe da proiektu sendoa eraiki eta geroan denontzat komenigarriak diren oinarriak finkatzeko unea. Hain garestia den produktua euria bezala jausten da goitik behera, eta iraunkorra izan nahi duenak, behetik gora egin behar du lan. Agian, horrek salbatu gaitu Europan. Hemen ere krisiak ez du barkatu, baina aurten sekula baino liga indartsuagoa dugula esango nuke, taldeak inoiz baino gehiago indartu direla.

Krisi kontuez ari garela, nola bizi du greziar batek bere herriak bizi duena?

Izugarri gogorra da, mingarria, nekeza. Josi ezin den zauri zornatua. Krisi honekin galdu duguna ez da sinesgarritasun ekonomikoa soilik, urguilua baizik. Greziako jendea harrotasun handiko jendea da, oztopo eta krisi guztien gainetik aurrera egiteko barne-indar eta kemena topatu duena. Oraingoan, ordea, jendea pot eginda sumatzen dut, etorkizunik ezin amestuta, tunelaren osteko argiaren bila abiatzeko grina gutxirekin. Inork ez daki nola irtengo garen zulo beltz honetatik, baina denok dakigu gure seme-alaba eta biloben geroa hipotekatu dugula, eta zama horrekin bizitzea gaitza da oso. Krisiez mintzo garenean, beti aipatzen dugu aspektu ekonomikoa, baina oraingoan are larriagoa da faktore psikologikoa. Abaildura animiko kolektibo hau lehenbizikoa da Greziaren historia modernoan, eta ez dakit nik ez ote dugun porrot ekonomikoa baino garestiago ordainduko

Nortasun agiria

1967ko maiatzaren 16an sortu zen Greziako Korydallos-en. 1986tik 1997ra saskibaloi jokalari profesionala izan ostean ekin zion entrenatzaile ibilbideari, laguntzaile lehenik, eta bere kasa ondoren. Atenaseko AEK, San Petersburgoko Dinamo, Valentzia eta Aris Salonica entrenatuta heldu zen Bilbao Basket-era 2010ean, eta iazko ekainean taldea ligako finalera eraman zuen.

Azken Hitza
Produktuaren baloreak

“Ikuskizunean oinarritutako kirola da gurea, izugarri zukutu litekeen produktua. Zergatik uste duzu futbolak inportatu dituela jokaldi onenen sekzioa, MVP-aren figura edo estatistika zaparrada? Saskibaloiak balore sozial, komertzial eta propagandistiko itzelak dauzka”.
 


Newest
2025-03-28 | Sustatu
La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko du Puntueus-ek

Azken aldian, asteburuetan, Internet ez dabil ondo. Hasieran, zaila zen webguneei ezarritako blokeoen zergatia ulertzea; orain, badakigu Espainiako La Ligak agindu zituela, futbola modu ilegalean emititzea saihesteko. La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien... [+]


Abenduaren 27an Bilbao Arenan milaka euskaltzale batzeko dei egin du Kontseiluak

Bilbon eginiko aurkezpenean iragarri dute ekitaldia, euskarari "arnas berri bat emateko eta behar duen indarraldia gorpuzten hasteko" lehen urratsa izango dela nabarmenduta. Euskaltzale guztiei, baina, oro har, "justizia sozialean eta gizarte kohesioan aurre... [+]


“Ez genuen komunik, ez urik, ez argindarrik... eta hori ere kendu digute!”

Aljeriatik datoz Mohamed eta Said [izenak asmatuak dira], herri beretik. “Txiki-txikitatik ezagutzen dugu elkar, eskolatik”. Ibilbide ezberdinak egin arren, egun, elkarrekin bizi dira Donostian, kale egoeran. Manteoko etxoletan bizi ziren, joan den astean Poliziak... [+]


Olatz Salvador
Konfort gunea

Olatz Salvador
Noiz: martxoaren 15ean.
Non: Deustuko jaietan.

------------------------------------------------

Martxoak beti du deustuarrontzat kolore berezia; urtero ospatzen ditugu jaiak, San Jose egunaren bueltan. Bi asteburu bete festa, eta urtetik urtera Deustuko... [+]


Intza Gurrutxaga Loidi, EHE-ko kidea
“Oldarraldiaren aurrean, hainbat administraziotatik, adibidez, koldarraldia dator”

Euskal Herrian Euskarazek manifestazioa deitu du apirilaren 6rako, 11n EHEko bi kide epaituko dituztelako. Hiriburuetatik autobusak antolatzen ari dira. Bi helburu bete nahi dituzte, batetik, epaituak izango diren bi kideei babesa erakustea, eta bestetik, euskararentzat justizia... [+]


Bidasoako haur eta gazteen psikiatriako kontsultaren itxierak haserrea piztu du

Pazienteek Donostiara joan behar dute arreta jasotzeko. Osasun Bidasoa plataforma herritarrak salatu du itxierak “are gehiago hondatuko” duela eskualdeko osasun publikoa.


2025-03-28 | Irutxuloko Hitza
Metroaren lanetako gainkostua 33,3 milioi eurokoa dela adierazi du Eusko Jaurlaritzak

EH Bilduk galdera sorta bat erregistratu zuen Eusko Legebiltzarrean Donostiako Metroaren igarobideko lanen gainkostua argitzeko. Informazio hori atzo jakinarazi zuen Susana Garcia Chueca Mugikortasun sailburu sozialistak.


Ezkabako ihesaldia gogoratzeko, La Fuga mendi-martxa

Kirola eta oroimena uztartuko dituzte, bigarrenez, mendi-martxa baten bitartez. Ez da lehiakorra izanen, helburua beste bat delako. La Fuga izeneko mendi martxak 1938ko sarraskia gogorarazi nahi du. Ezkabako gotorlekuan hasi eta Urepelen amaituko da. Maiatzaren 17an eginen dute.


Atzera bota dute Zaragoza eta Araba arteko goi tentsioko linearen proiektua

Martxoaren 19an amaitu zen proiektua aurkezteko epea, baina Errioxako PSOEk adierazi du Forestalia enpresak "interesa baztertu" duela. Enpresak bi parke eoliko eraiki nahi zituen Aragoiko lurretan, baina oraindik ez ditu lortu baimenak eta hori dute egitasmoa... [+]


2025-03-28 | ARGIA
200.000 euro lortzeko kanpaina abiatu du Integrazio Batzordeak

Seaska Sarean inklusio egoeran dauden 165 ikasleei laguntza bermatzeko hasi dute kanpaina, antolaketa propioa eratuta. Frantziako Hezkuntza Ministerioaren jarrera salatu dute kanpaina aurkezteko prentsaurrekoan, behar bereziak dituzten haurren inklusiorako baliabide... [+]


AEBn ekoizten ez diren autoei %25eko muga-zergak ezarriko dizkiela iragarri du Trumpek

Muga-zergak apirilaren 2tik aurrera ezarriko dira eta altzairuari eta aluminioari ezarritakoei batuko zaizkie. "Gurekin negozioa egiten duten eta gure aberastasuna eskuratzen duten herrialdeei ezarriko dizkiegu", AEBetako presidenteak adierazi duenez. 


2025-03-27 | Arabako Alea
Greba mugagabea hasi dute Gasteizko lorezainek

%90eko jarraipen "ia erabatekoa" izan du grebak, sindikatuen arabera. Gasteizko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzen dituzte Enviser azpikontratako 90 langileek.


Eguneraketa berriak daude