Azken orduko sorpresarik ez bada, aste honetan, hilaren 23an, Kutxa, BBK eta Vital-eko batzarrek Kutxa Bank sortzeari baietz esango diote. EAEko hiru aurrezki kutxen arteko “fusio hotzaren” ondorio da. Bizkaia eta Arabako kutxek jada onartu zuten operazioa joan den ostiralean eta Kutxakoak aste honetan bertan egingo du. Fusio hori modu harrigarrian egingo da, kutxen eta Bilduren arteko negoziazioaren ondoren –batzuentzat gardentasun gutxikoa–. Fusioa ez onartzeko gakoak ziren gaiak (pribatizazioa, hiru urtera mugatutako gizarte ekintza, euskal lan arlotik aparteko negoziazio kolektiboa…–, ezker abertzalearentzat jada gako izateari utzi zioten Bildurekin lortutako hitzarmenaren ondoren. Bilduren arabera, kutxak ez pribatizatzea blindatu zen, baita epemugarik gabeko gizarte ekintza eta langileek nahi luketen negoziazio kolektiboa ere.
Baina, nork berma dezake ezer, logika kapitalista mantentzen duen eta Espainiako Bankuak baldintzatua dagoen finantza sistema honetan? Nork blindatu dezake ezer, jadanik hasi bada kutxen bankutzea? Kapitalak bere legeak inposatzen ditu, eta beretzat, dibidenduak kontraesanean daude gizarte ekintzarekin. Ez da harritzekoa hainbat sindikatu eta agente politiko fusio honen kontra azaldu izana.
Bilduk ardura handia hartu du: akordio hau beteko dela zaintzea. Eta, zer egingo du Espainiako Bankuak bere arauak inposatu eta akordioa hausten badu? Espero dezagun balizko kasu horren aurrean Bilduk B plana aurreikusi izana. Aukera hori akordioan idatzita utzi beharko luke. Euskal finantza erakundeak, beste asko bezala, Madrilgo, Pariseko eta Bruselako gobernuen menpe daude. Ez litzateke lehenengo aldia izango, ezta azkena ere, Euskal Herriari erabakitzen ez uztea eta ez errespetatzea gehiengo politiko, sozial eta sindikalaren borondatea.