Etxeko laguntzaileen mirariak titulupean –horrela euskaratu dezakegu libreki frantsesezko Mirage des services à la personne – dossier aberatsa eskaini du Le Monde Diplomatique hilabetekariak. Aitzakiatzat hartu dute krisi garaiotan Parisko gobernuak eta ezker frantsesaren zati handi batek etxez etxeko laguntzaile lanetan ikusten dutela enplegu posible mordoa. Alegia, senar-emazteak eguna etxetik kanpo pasatzen dutenei zerbitzatzen edo zaharrak bezala gaixoak zaintzen.
Munduan milioika dira familien zerbitzuan ari diren beharginak. Dossierra ez da sartu enpresa eta instituzioen garbiketan ari diren beste hainbeste milioika jendeen bizimoduan, joan den maiatzeko Net Hurbil batean –“Garbiketa lanetan ari diren emakume ikusezin horiek”– aipatu ziren haienetan, nahiz eta batzuen eta besteen arteko mugak sarritan lausoak izan, batik bat gero eta gehiago direlako zerbitzu horiek guztiak eskaintzen dituzten enpresak.
“Erratza madarikazio” artikulu nagusia François Horn eta François-Xavier Devetter ekonomialariek idatzi dute; bigarren honek Sandrine Rousseaurekin plazaratu berria du “Du balai. Essai sur le ménage à domicile et le retour de la domesticité” (Erratza. Saiakera etxeko zerbitzu lanaz eta neskametzaren itzuleraz). Frantzian zerbitzari lanak ehun urtean egin duen bilakabidea deskribatu dute, gurean gertatu diren aldaketak ere argitzeko moduan.
Frantzian bezala beste askotan 1920ko hamarkadan etxetik kanpo enplegua zuten hiru emakumetik bat mirabe ari omen zen; milioi bat Frantzian, kopuru handia 20 milioiko biztanleria aktiboaren barruan. Lehen mundu gerran urritu ziren, neskak fabriketara eraman zituztenean lanera. Gero, 1929arekin berriro ugaritu, gero eta urrunagotik etorritako baserritarrak gehienak. 1945 ostean, Portugal eta Espainiatik iritsi ziren milaka neskame.
1980tik aurrera berriro gutxitu ziren, baina azken hamarkadan langabezia handitu eta betirakotzearekin ostera ugaritu dira etxeko zerbitzuan aritzeko eskariak eta eskaintzak. Horri bi eratan erantzun diete estatuek. Batzuek, Frantzia kasu, edo Europako iparrekoak, saiatzen dira ekonomia arautuan sartzen, neskamea kontratatzen dutenei zergak jaitsiz, eta beste. Aldiz, mediterranearretan, Italian, Espainian eta Grezian, agintariek ezikusia egiten diote enplegu beltzen ugaritzeari.
Batera edo bestera, arau nagusia da etxeko zerbitzu lanak ahalik eta gehien merkatzea. Frantzian, zergak gutxituz. Grezian albaniarrak eta ukrainarrak ekarriz, Italian ukrainarrak eta errumaniarrak, Espainian hegoamerikarrak. Ez da kasualitatea herrialde horietan immigrazioa hainbeste feminizatu izana.
Grezian, Italian eta Espainian, kanpotik ekarritako emakumeek egiten dituzte estatu ahulegiek zaharrei eta ezinduei eskaintzen ez dizkieten zerbitzuak. Europa aberatsagoan, berriz, etxeetako zerbitzu lanak ere gero eta gehiago enpresa berezituek kontrolatzen dituzte, garbiketa enpresetako obreroekin parekatuz.
Etxeko neskamea hartzean familia bat berdintasunik ezaren logikan oinarritzen dela erakutsi dute Devetter eta Hornek: “Analisi ekonomikorik klasikoenak erakusten du ‘espezializazioaren’ logika hau: nire denbora libreak balio badu kualifikaziorik gabeko emakumeenak baino gehiago, zergatik uko egin bere zerbitzuei?”.
Etxeko lanak ematen zaizkie talde azpiratuei, emakumeei edo/eta etorkinei. Historikoki itsusitzat jo diren beharrak burutu behar dituzte, zikinari lotuak, edo zainketa aspergarri-pisuak. Ondo egiten ez badira behintzat, ikusten ez diren lan “alferrikako” horiek.
Bestalde, horiek nork egina ez da falta. Maila apalagoan daudenak ez daukatelako ikasketarik, esperientziarik, lagunduko dien ezagupiderik... edo bertako nazionalitaterik. André Gorz batek aspaldi kritikatua zuen zerbitzu sozialak garatzeko ordez gaizki ordaindutako enpleguak sustatzen dituen contre-économie tertiaire hau: “Neskame lanen garapenak eskatzen du berdintasun sozialik eza handiagotzea, biztanleriaren zati batek bereganatu ditzan jarduera ondo pagatuak eta beste partea makurtu dadin zerbitzari lanera”.
Le Monde Diplomatiquen bertan Julien Brygo kazetariak “Manila, Hong-Kong, Paris: Lanbidez mirabe” artikuluan deskribatu du sehi filipinarren kasua. Urtean ehun mila baino gehiago dira Filipinetatik mundu osora partitzen direnak zerbitzari lanetara. Ferdinand Marcosen garaian ekin ziolarik estatuak langileak atzerrira bidaltzeko politikari, 1974an, geroztik Filipinetako ekonomiaren sostengu nagusi bihurtu dira. Gaur 8 milioi eta erdi filipinar baino gehiago daude munduan barreiatuta, hein handi batean emakumeak, hau da, populazioaren %10, langileen %20 baino gehiago.
Filipinarrak AEBetan, Kanadan eta Ekialde Hurbileko herrialdeetan ari ohi dira, Saudi Arabian nagusiki. Kexurik, bilerarik eta grebarik ezagutzen ez zaien morroi eta neskame filipinarrok entrenatzeko ehunka akademia daude, urtero 100.000 ikaslez goiti biltzen dituztenak, ikastera etxeetako garbiketan egiten, otorduak atontzen, haurrak zaintzen, zaharrak artatzen, erosketak egiten... eta inguruko inork ahal bada ohartu gabe bizirauten.
Pierre Souchon kazetariak “Etxeko zerbitzariak sindikatuetara erakartzea, txindurri lana” idatzi du. CGT eta CFDTn horretan ari diren emakume sindikalistek –gehienetan, industrian aritutakoak, fabriken itxieragatik zerbitzuotara iritsi direnak – kontatu diote zein nekeza den, kotizazioa proposatzetik hasita: nola eskatu hileko jornalaren %1 jartzea hain estu bizi direnei?
Gaiari beste mutur batetik heldu dio Mona Chollet idazleak: “Scrupules féministes”. Estatistika honetatik abiatu da: emakumeak bataz beste egunean gizonak baino bi ordu eta erdi gehiago ematen ditu etxeko lanetan. Eta hona bitxikeria: biak lanean ari diren bikoteetan, emakumeak lanorduak mugatzen baldin baditu edo amatasun atsedenaldi luzea hartzen badu, etxeko lanen bere zatia handiagotzen du.
Emakumea ere etxetik kanpo jornada osoz ari denean, ondo bizi diren bikoteek lanok azpikontratatzeko joera dute. Sarkozyk dioenez: “Travailler plus pour gagner plus”. Baina honek diferentziak handitzea dakar, batzuek beren kualifikazioari zuku handiagoa atera ahal izateko beste batzuk kontratatu behar dituztelako behar itsusi gaizki ordainduetarako.
Hona beste datu hau: kanpoko emakumea hartu duten etxeetan gizonezkoen %18k pasatzen du aspiragailua eta, aldiz, dena bien artean partitzen dutenen artean %40k. Mona Cholletek dioenez, “gauza bat da bikote batean bakea egotea, eta beste bat bake hori justua izatea”.
Irudia irailaren 4an Londresen aterea dago eta Stronger Unions blogetik hartua. Igandea izanik neskameek elkartzea posible duten egun bakarra, Justice4Domestic-Workers sindikatuak bildu zituen Britainia Handiko parlamentuaren aurrean, etorkinon lan baldintzak gogortzen dituen lege berriaren kontra aldarri egiteko. “Langileak gara. Ez itzuli esklabotasunera” dio pankartak. Alabaina, munduaren beste muturrean, Manilako Abest akademian, emakume gazteak esklabutzarako entrenatzen dituzte, Le Monde Diplomatiquek argitaratu duen hango eskuliburuan ageri denez: “Ez negarrik egin; zure nagusiek ez dute hori maite, negarrak zoritxarra dakarrelako. Ez eseri aulki eroso batean nagusiaren aurrean. Izan apala; ez da beti erraza gure okerrez jabetzea, sarritan uste dugulako arrazoi dugula. Nagusia kexu bada, zerbaitengatik izango da. Egin zure lana inork eskatu aurretik”.
Arratzua-Ubarrundiako "Proiektu honi ez!" plataformak adierazpen hau kaleratu du, udalerri horretako EH Bilduko hiru zinegotziek dimisioa aurkeztu berritan.
Arratzua-Ubarrundia (Araba) herriko EH Bilduko hiru zinegotziek dimisioa eman dute Solariaren zentral fotovoltaikoagatik. Hau da hiru zinegotziek, Txetxu Zengotitabengoak, Laura Sanchok eta Javier Ruiz de Arkautek, herritarrei zuzendu dieten agur mezua.
Maiatzaren 8an hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea. Zortzi saio bikoitz jokatuko dira maiatzeko eguenetan. Sarrerak eskuragai daude bertsosarrerak.eus atarian.
Iazko uztailean, ARGIAren 2.880. zenbakiko orrialdeotan genuen Bego Ariznabarreta Orbea. Bere aitaren gudaritzaz ari zen, eta 1936ko Gerra Zibilean lagun egindako Aking Chan, Xangai brigadista txinatarraz ere mintzatu zitzaigun. Oraindik orain, berriz, Gasteizen hartu ditu... [+]
Joan den urte hondarrean atera da L'affaire Ange Soleil, le dépeceur d'Aubervilliers (Ange Soleil afera, Aubervilliers-ko puskatzailea) eleberria, Christelle Lozère-k idatzia. Lozère da artearen historiako irakasle bakarra Antilletako... [+]
Mila milioika mintzo dira agintariak. CO2 isurketak konpentsatzeko neurri eraginkor gisa aurkeztuta, zuhaitz landaketei buruzko zifra alimaleak entzuten dira azken urteetan. Trantsiziorako bide interesgarria izan zitekeen, orain arteko oihanak zainduta eta bioaniztasuna... [+]
Japonia, XV. mendea. Espioitzan eta hilketa ezkutuetan espezializatutako eliteko talde militarra sortu zen. Edo horixe uste du behintzat Stephen Turnbull historialari britainiarrak. Beste aditu batzuen ustez, askoz lehenago sortu ziren ninjak, duela 2.300-2.500 urte inguru. Eta... [+]
2022ko ekainaren 7an, Directa-k serie luze bateko lehen polizia infiltratuaren kasua argitaratu zuen. Martxoaren 5ean, Belen Hammad fikziozko izena erreta geratu zen, polizia-argotean dioten bezala. Jada hamar dira Directa, El Salto eta El Diario-k azken hiru urteetan argitara... [+]
Igande gaua. Umearen gelako atea itxi du, ez guztiz. Ordenagailu aurrean esertzeko momentua atzeratu nahi du. Ordu asko aurretik. Zazpietan jaiki da, eta, bihar ere, astelehena, hala jaikiko da. Pentsatu gabe ekiten badio, lortu dezake gauak pisu existentzialik ez izatea. Akats... [+]
Naomiren etxeko eskailerak igotzen ari dela datorkion usainak egiten dio memorian tiro. "Ez da sen ona, memoriaren eta emozioaren arteko lotura da. Baldintzapen klasikoa", pentsatzen du Peterrek bere golkorako Intermezzo-n, Sally Rooney irlandarraren azken eleberrian... [+]
Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia Sailaren zuzendari berria da Maite Errarte Zurutuza (Beasain, 1995), urrian Fermin Leizaolaren lekukoa hartu ondoren. Kultura materiala aztertzen jarraitzeko beharra azpimarratu du, gizartearen memoria eta bizimodu aldaketak erregistratzeko... [+]
Oldarraldia ari du EAEko administrazioa euskalduntzeko erabakien aurka, berriz ere, enegarren aldiz. Oraingoan berrikuntza eta guzti, espainiar epaitegiak eta alderdi eta sindikatu antieuskaldunak elkarlanean ari baitira. Ez dira izan akats tekniko-juridikoak zuzentzeko asmoz... [+]
Lurraren alde borrokan dabilen orok begi onez hartu du Frantziako Legebiltzarrak laborantza lurren babesteko lege-proposamenaren alde bozkatu izana. Peio Dufau diputatu abertzaleak aurkezturiko testua da, eta politikoa eta sentimentala juntaturik, hemizikloan Arbonako okupazioa,... [+]