Aro berrian gizarteak galdera eta zalantza berriak dauzka. Zaharrak ere bai, beste era batera formulatuta dauden arren. Badirudi gurea bidegurutze aroa dela. Eta egoera berriek lehentasun berriak sortzen dituzte norbanakoaren barruan. Galdegai zentraletakoena, zentralena ez bada, hezkuntzarena da. Eragile guztiak ados daude hezkuntza oso inportantea dela aitortzeko orduan, baina indar horiek derrigorturik onartzen dute hori. Ez dut sumatzen helburu estrategiko honi daukan inportantzia ematen zaionik, ez eta gutxiago ere. Hezkuntzan apustu egitea kosta egiten zaie. Beharbada da emaitzak berehala ematen ez dituzten estrategietan apustu egitea zaila egiten zaiela. Beharbada, interes orokorreko ikuspegia izateko gaitasunik ez dagoela. Etorkizunerako lehentasunak jartzeko ezintasun moduko bat. Eta ez da, hainbeste, hezkuntza arloan aurrekontu txikiak bideratzen direlako, baizik eta, arlo horretan ez delako berritzen. Egun, dagoeneko, badago umea ezagutzeko nahikoa oinarri zientifiko. Oraintsu ezagutu dut Rafael Cristobalek egin duen ekarpen teoriko paregabea eta bere aplikazioa Arizmendi Ikastolan. Iraultza txiki bat da, behingoz, pedagogia zaharra errotik aldatzeko. Adi.
Datorren astean Departamenduko Laborantza Ganbarako hauteskundeak ospatuko dira Ipar Euskal Herrian. Frantzia mailako FDSEA eta CR sindikatuez gain, ELB Euskal Herriko Laborarien Batasuna aurkezten da, "euskal laborarien defentsa" bermatzeko.