Euskal Herriko soinuak biltzen ditu Soinumapa webguneak . Egunero sortzen eta hiltzen dira soinuak, eta sareko artxibo honi esker gure iragana, oraina eta geroa ezagutzera eman nahi dute.
Olatuen soinua, segalarien ahalegina, hegazkin baten lurreratzea, manifestazio bateko aldarrikapenak, edo ezkilen dilin-dalana. Euskal Herria soinuz beteta dago, egunero desagertzen eta sortzen diren soinuz. Horiek jasotzeko asmoz sortu zen soinumapa.net webgunea 2005. urtean. “Gure historiarako argazki zaharrak biltzea garrantzitsua dela inork ez du ukatzen. Baina inoiz ez da soinu bilketarik egiten, eta askotan iruditzen zait soinuek irudiek bezainbesteko gaitasuna dutela informazioa gordetzeko, eta askotan baita gehiago ere”, dio Xabier Erkizia Soinumapako kide eta musikariak. Argazki batek istant bateko errealitatea islatzen du, eta hots baten grabazioak, aldiz, informazio gehiago gordetzen du bere baitan. Horregatik, gure iragana, oraina eta geroa ezagutzeko, artxibo akustiko propioa edukitzea oso garrantzitsua dela dio Erkiziak. Baina gure ondarea, kasu askotan, esku pribatuetan dago oraindik ere.
Musika munduko hainbat pertsona “lan egiteko beste modu bat garatzen” hasi zen, Erkiziaren hitzetan. Inguruneko soinuak erregistratzeari ekin zioten, gero horiekin musika egiteko asmoz; baina ohartu ziren konposaketetarako erabiltzen zuten materiala baino gehiago pilatzen zitzaiela. Esku pribatuetan geratzen ari zen material hori guztia, eta “beste pertsona batzuentzako interesgarria izan zitekeela pentsatu genuen”, dio. Garai hartan, soinu artxiborik ere ez zegoen, “eta zeuden bakanak irratien esku zeuden”. Horregatik, denen eskura egongo zen artxiboa sortzeari ekin zioten.
Web 2.0ren sorrera garaiak ziren, eta formatu hori interesgarria izan zitekeela pentsatu zuten. SoundTransit izeneko webgune holandar bat hartu zuten oinarri, “soinuen bidez bidaiatzea proposatzen zuen guneak. Eta bertara igotako grabazioak erabiltzaileen parte hartzeari esker lortutakoak ziren”. Sistema hori oinarrian hartu eta sinplifikatu egin zuten “teknikoki ere ez baikinen oso onak, eta ahal izan genuena egin genuen”. Hala ere, sortutako produktu berria sistema eraginkorra zen. Atzerrian sortzen ari ziren antzeko proiektu ezberdinek interesa erakutsi zuten, eta webgunearen sistemari buruz galderak egiten zizkieten. Hori dela eta, hotsen mapak egiteko aplikazio bat sortu zuten, eta orduz geroztik hainbat webguneren abiapuntua izan da Soinumapa.
Webgunearen formatua eta edukiak zehazten ari baziren ere, oraindik grabazioek izango zuten izaera nolakoa izango zen erabakitzeke zegoen, oso garbi ez zeukatelako. “Soinumaparen sorrerarekin bueltaka genbiltzala, Luz Maria San Gil mexikarraren lan batekin egin genuen topo Artelekuko mediatekan”. Bi diskoko bilduma zen, Euskal Herrian egindako grabazio ugariz osatua. Azaleko ohar batek hala zioen: “Etorkizunean edonork soinu hauei edozein erabilera eman nahi izanez gero, libre da”. “Bere Creative Commons zigilu partikularra egin zuen”, dio Erkiziak. Bilduma hori Soinumapak egitasmoarentzako abiapuntua izan zen, ordura arte proiektuaren ideia lantzen ari baziren ere, hainbat puntu zehazteko baitzeuzkaten: nola etiketatu eta sailkatu, nola bildu... Eta disko horrek hainbat gako eman zizkien bide horretan.
Sistema martxan jarri zutenean, erabiltzaileen interakzioa bilatu zuten Soinumapako kideek, eta Remapa izeneko egitasmoa sortu zuten. Bertan, musikariek webguneko grabazio bat hartu eta harekin abesti bat sortu behar zuten. Bakoitzak Soinumapatik artxibo bat hartzearen trukean, berak ere grabazio bat zintzilikatu beharra zeukan webgunean. Era horretan, astero pieza berri bat sortuz, 33 abesti egin zituzten urtebeteko epean.
Gaur egun, ordea, Soinumapara bideratzen dituzte ahalegin guztiak, eta dagoeneko 600 grabaziotik gora daude webgunean, 60 pertsona ingururen borondatezko ekarpenaren ondorioz lortutakoak; eta parte hartzean oinarritutako proiektua den heinean, kopuru hori hazten joango dela espero dute.
Erabiltzaileek igotzen dituzten grabazioez gain, ordea, sei laguneko talde editoriala ere badu Soinumapak. Hiru hilabetero kanpaina berriak antolatzen dituzte; esate baterako, orain dela gutxi inauterietako grabazioak biltzen aritu dira, eta pasa den udan, animalienekin egin zuten lan. “Horrek ez du esan nahi ordea, inauterietako edo animalien grabazio gehiago egingo ez ditugunik”, dio Erkiziak. Izan ere, kanpaina horietatik aparte, erabiltzaileen grabazio ugari jasotzen dituzte, “eta denek daukate interes berezia guretzako”.
Etorkizunera begira, etengabe ari dira artxiboa handitzeko lanetan. “Egunero sortzen diren soinuak biltzea da gure helburua”, Erkiziaren hitzetan. “Badira beste mapa batzuk desagertzen ari diren hotsei erreparatzen dietenak, baina hori oso zaila da. Eta gainera arrisku bat du, soinua fetitxe bihurtu baitaiteke”. Erkiziak dioenez, berak zerbait grabatzen badu, interesgarria zaion zer edo zer entzun duelako da, “baina entzun duzun hori ez da berriz ere errepikatuko. Horrek frustrazio puntu bat sortzen du, baina era berean, erne egotera ere behartzen zaitu”. Berak dioen bezala, mikrofonoarekin lan egitea berandu iristearen artea baita.
“Grabazioak teknikoki Euskal Herrian XX. mende hastapenetan hasi ziren arren, soinuak aspalditik erregistratzen dira, baina era ezberdinean”, dio Xabier Erkizia musikariak. Gogora ekarri du, esaterako, Victor Hugo idazle frantsesaren Pasaiako deskribapena. “Soinu hutsa”, bere hitzetan. Edo Bitoriano Gandiagaren idatzi eta poemetan ere “soinuak ikaragarrizko garrantzia” daukala azpimarratzen du. Uneren bateko euskal gizartea irudikatzen duten soinu idatzien artxibo bat badugu beraz, kanpoko eta bertako literaturan. Baina horiez gain, artxibo akustiko aipagarria ere badaukagu gurean. Grabatuta dauden Euskal Herriko lehen soinuak 1900 ingurukoak baitira. Urte hartan Parisen egin zen erakusketa unibertsalean aurkeztu behar zuten fonografo batekin proba batzuk egin behar zirela eta, Hendaia, Irun eta Hondarribia ingurura etorri ziren bertako giro soinuak grabatzera. Gaur egun ordea, artxibo hori Austrian dago, “eta inork gutxik daki dokumentu hori badenik ere”, dio Erkiziak. Lehen grabazio horri balio eskasa eman zaiola uste du, “ez daukagulako gure artean, eta ez dugulako entzun. Baina denoi interesatuko litzaiguke hots horiek entzutea”.
1950ko hamarkadan ere atzerritik etorri ziren gurera bertako soinuak grabatzera. Kasu honetan Alan Lomax musikari estatubatuarra gerturatu zen. Batez ere euskal musika erregistratu bazuen ere, kaleko giroa ere grabatu zuen. Orain dela gutxi argitaratu dira Lomax-ek Nafarroan eta Bizkaian grabatu zituen dokumentu haiek “Egiten ari garen lanaren aurrekaria izan zela esan daiteke”.
Gure garaira inguratuz, Nafarroako Unibertsitateko irakasle batek Iruñeko mapa akustikoa osatu zuen 1996an. Sarera ere igo zuen, “baina gaur egungo nabigatzaileek ez dute irakurri ere egiten”. Berarekin harremanetan jarri ziren Soinumapa egitasmoko partaideak, eta bere artxibo hori webgunera ekarriko dute laster.
Aitzindari hauen guztien soinuak batzeko lanetan ari dira Soinumapako kideak, “gure helburuetako bat baita artxibo pribatu horien inguruko berrikusketa egitea, eta ahal den heinean publiko bilakatzea”. Gaur egun teknika asko daude gure inguruko soinuak erregistratzeko, eta horregatik “gure belaunaldiari gertatu zitzaiona berriro gertatu ez dadin lan egingo dugu, soinuak erregistratzen eta denen eskura jartzen, hain zuzen”.
Aurretik bistaz ezagutzen banuen ere, musikaren munduak hurbildu gaitu Julen Goldarazena eta biok. Segituan ezagutu nuen Flako Chill Mafiak erakusten zuen irudi horretatik harago eta horrek baldintzatu dizkit, hein handi batean, proiektuarekiko harremana eta iritzia. Lauzpabost... [+]
Erretiratu berri den lankide-ohi baten omenez, Historiako irakaslea. Bejondeizula!
Hezkuntza-legeek azpimarratzen dute zein garrantzitsua den ikasleengan pentsamendu kritikoa sustatzea. Baina irakasle-klaustroak, garai batean ideien eztabaidarako eta proposamenak... [+]
The liberal democracy of the Western countries has a growing appearance of a minimalist democracy. At the heart of the definition would be respect for changes in government through elections. The authoritarian variant of this was called competitive authoritarianism by political... [+]
Commissioned by the developer Palacio de Arozteguia, hundreds of oak trees were illegally cut in Baztan’s Lázaro lands in 2021. The citizens managed to stop, putting their body in front of the machines and spending days and nights in these lands. The company that acted... [+]
Zutabe hau idazten nengoela, gaia aldatu behar izan dut, nire arreta osoa harrapatu dutelako Trumpen muga-zergek. Azalpen gutxi beharko duzue, leku guztietan da berria, Txinako produktuei %10eko zerga eta Kanadako eta Mexikoko produktuei %25eko muga-zergak jarri dizkie. Trumpek... [+]
This wedge that the announcement on the radio Euskadi to replace the bathtub with a shower encourages the commencement of the works in the bathroom of the house. A simple work, a small investiture and a great change are announced. There has been a shift in toilet trends and a... [+]
Archaeologists have discovered more than 600 engraved stones at the Vasagård site in Denmark. According to the results of the data, dating back to 4,900 years ago, it is also known that a violent eruption of a volcano occurred in Alaska at that time. The effects of this... [+]
Vietnam, February 7, 1965. The U.S. Air Force first used napalma against the civilian population. It was not the first time that gelatinous gasoline was used. It began to be launched with bombs during World War II and, in Vietnam itself, it was used during the Indochina War in... [+]