Joxan Artzeri deitu nion, EIEko Hegats aldizkarirako Xabier Leteren gainean idatz zezan zer edo zer, artikulu bat, poema bat.
Idazketa eta orrazte lan astunekin zebilela esan zidan, liburu bateko piezei ordena bilatzen. Iruditu zitzaidan burua garbitzeko bota zidala aitzakia labur bihozbera, laster aitortu baitzidan egitorduan: “Ez naiz oraindik Xabierrekin egon”.
Leteren heriotzak lur jota utzi du Artze, oraindik ez ei daki zelan hurreratu beragana, nondik hasi bila. Lurdesen aurpegi gaztearekin egoten da, baina Leterekin ez du oraindik hitz egin.
Egia esan, jainkorik ez duten sinestunen mundua halakoxea da. Inor ez da betiko guztiz joaten. Pentsatu nuen kristauen antzera eman ziotela lur Leteri, baina fedegabe mistikoen ikuskera zabalekoa zela: “Belaze goitarretako argitasunean/ berreskura dezagula maitasun lehena/ brisarak gure bekokiak zimurrez garbitzean”.
Errua, oinazea, zoriona, beldurra eta salbazioa bizien ardura absurduak dira. Letek honez gero badaki. Egite onak eta txarrak baino ez daude. Eta lagunen ahotsa norberaren bila.