“Badaukat” el duende? Nola dakizue kanta batek balio duela, zerbait berezia daukala?
Ezinezkoa da hala den jakitea, baina guretzat bereziak dira ilusio handiz sortutakoak direlako, igortzen duten mezua gustatzen zaigulako eta zer esana dutelako. Hitz errazak eta melodia garbiak: ahots bi eta gitarra bi, besterik ez dago disko honetan. Sinpletasunak bere xarma du. Hori ote sekretua?
Barne bizipenak pieza salbuespentzat hartuta, oso disko positiboa da hau, eta denboraren iraganari ere baikortasunez idazten diozue…
Bizitzari aurpegi ona jarri behar, noski, ez dago beste erremediorik. Hainbeste ezbehar, bizitza hain da konplikatua… Edozein gertakariren aurrean jarrera baikorra izatea oso lagungarria da eta bizitzako oztopoak errazago gainditzen dira. Musikaren bidez sentimenduak eta batez ere poztasuna zabaldu nahi dugu.
Nola jakin zuen Jose Herediak gitarra flamenkoa eta euskara hain bateragarriak direnik?
Bere hitzetan hori sentitzen, sumatzen edo intuitzen zuelako. Euskararen fonetika gustatzen zaio flamenko airearekin batuta. Adibidez, izugarria iruditu zitzaion Estrella Morentek Kepa Junkerarekin abestu zuenean.
Lanari Minus bat izena jarri diozue kanta bat bidean gelditu delako…
Bai, hamabigarren kanta sortua dago, baina arazo batzuen erruz kanpoan gelditu zen. Hurrengo diskorik baldin badago, han izango da. Oso abesti alaia da, Sehaska kantarekin lo gelditu den haurtxoaren ametsa kontatzen dugu.
Nolakoak dira zuen kontzertuak? Folkyak edo flamenko erromeriak?
Gure kontzertuak folkyak dira batez ere. Asmoa behintzat hori da, eta ildo horretatik bideratzen ditugu gure entseguak. Ez dugu flamenkoa zentzu hertsian lantzen, bestelako estiloak landu nahi ditugu. Izan ere, gutako bakoitzak musika estilo bat entzuten du eta horien ispilu dira gure kantak.