Erreferente baten beharra zegoela ikusi zuen Koldo Otamendi musika zaleak. Horregatik sortu zuen duela hilabete gutxi Euskal Herriko rock agenda jasotzeko webgunea Asteko kontzertuen berri ematearekin batera ataria aberastu du argazki eta bideo galeriekin, baita zozketekin ere.
Askotan, gehiegitan, oso maiz erantzun bera errepikatzen dute musika taldeek elkarrizketetan: “Zuzeneko banda gara”. Hori horrela izanik, ez da harritzekoa Euskal Herriko musika eszenaren astez asteko kontzertu eskaintza beldurgarria izatea. Soziologoen egitekoen artean egongo ez bada ere, ondo legoke neurtzea gure lurraldea horren txikia izanda, zenbat kultur emanaldi dauden asteburu bakar batean. Esaterako, rock kontzertuen zerrenda luzea da. Gehiegizkoa ere bai, pentsatuko dute batzuek. Dena dela, errealitate baten aurrean gaude. Talde kopurua izugarria da, eta horietako asko zuzenera begira bizi dira. Eskaintza askotarikoa eta zabala da. Era guztietako eszenatokiak ere ez dira falta, inoiz baino gehiago dira eta. Hazi ez den gauza bakarra ikusle kopurua da. Orain, musika zale horiek kontzertu aukera asko dute eta bakarra hautatu behar.
Garai batean kalera, tabernara edo egunkarietara jotzen genuen kontzertuen berri izateko. Gaur egun ere joera antzekoa da, nahiz eta pixkanaka Internetek ordezkatu duen. Nolanahi ere, agenden informazioa arrunta izaten segitzen du, telegrama baten parekoa. Gabezia horretatik abiatuta jarri zuen martxan Koldo Otamendik Musika Zuzenean web ataria. “Euskal Herriko musika eszenaren hutsune batetik sortu zen. Konturatu ginen ez zegoela zuzeneko emanaldien berri ematen zuen inolako mediorik, erreferentzia bat falta zela”. Gunea aitzindaria da hizkuntzari eta edukiari dagokionez. Otamendiren hitzetan, “bai hemen eta bai atzerrian ere, ez dugu gurea bezalako webgunerik topatu”. Izan ere, agendari garrantzia berezia eman diote, beste euskarazko musika hedabideek ez bezala. “Gurean, oso gauza interesgarriak topa daitezke sarean barna, baina agian gehiago zentratzen dira musikaren beste arlo batzuetan: elkarrizketetan, monografikoetan, diskoen aipamenetan…”.
Musika Zuzenean atariaren ardatza kontzertu agenda da. Euskal Herriko “zuzeneko eszena bere osotasunean” hartzea da ideia. Musikalki, ordea, ez dago baldintza edo mugarik. “Nagusiki rock musika lantzen dutenak barneratzen ditugu, zentzu zabalenean”, azpimarratu du Otamendik. Kontzertuak herriz herri daude sailkatuta eta asteburuari begira bost edo sei nabarmentzen dituzte. “Ez dago irizpide jakin bat. Agendan diren emanaldiak bildu eta nabarmentzen joaten gara, beti ere oreka mantenduz, herrialde, areto edota musika taldeen artean, garrantzia eman gabe zenbat ikusle batuko diren”. Agenda osatu edo elikatzeko modu diferenteak dituzte, ataria “gune ireki bat bezala irudikatzen” dutelako. Otamendik argi du egitasmoa aurrera ateratzeko “musika taldeek, musikazaleek, aretoek, gaztetxeek edo eragileek parte hartzea” ezinbestekoa dela. Eta horretarako, nahi duenak bere emanaldien berri emateko aukera dauka.
Informazioarekin batera, ikusgarritasuna ere landu dute, zuzenekoen argazki galeria sortuz. Txukuna, praktikoa eta deigarria. “Ataria prestatzen ari ginela, konturatu ginen argazkilari mordoa zegoela gure artean”, gogoratu du Otamendik. Horrela, irudien bitartez igarotako emanaldien berri ematea erabaki zuten, “bertan bizitakoa berriz bizitzeko edo bertan egon ez zenak gertatu zena jakiteko”. Pixkanaka argazkilari sare polita osatu dute, eta ondorioz, era guztietako argazkiak topa daitezke. Bideo atala ere zuzeneko emanaldiei buruzkoa izatea nahi zuten, baina zailtasun asko izan dute soinu eta irudi onak dituzten bideoak aurkitzeko. Horrela, taldeek argitaratzen dituzten bideoklipak eta zuzeneko batzuk ikus daitezke. Aipaturiko bi atalekin lotuta, kontzertu kroniken atala ere sortu dute. “Gehiago jasotzea gustatuko litzaiguke” dio Otamendik, baina gustura dago orain arte argitaratu dituztenekin. “Argazkien atalarekin bezala, interesgarria deritzogu igarotako emanaldietan bizitakoa ezagutaraztea”.
Zuzeneko emanaldien aurretikoa eta ondorengoa atalka sailkatzeaz gain, pizgarririk ere ez zaio falta Musika Zuzenean atariari. Bisitariekin harremana estutzeko eta zerbait gehiago eskaintzeko zozketa gunea zabaldu zuten. “Amu gisa sortu genuen, eta jendearen erantzuna oso ona izan da”. Webgunean erabiltzaile profila sortzen dutenen artean, bertako taldeen diskoak, kontzertu sarrerak eta beste zozketatzen dituzte. Horrek harreman zuzena du atariaren harpidetza eskaintzarekin. Horrela azaldu digu Otamendik: “Bi harpidetza mota daude. Erabiltzaile profila sortzen duenak atal ezberdinetara sarbidea izango du: iruzkinak idatzi, kontzertuen berri eman... Aldiz, egitasmoa diruz lagundu nahi duena Musika Zuzen Lagun egin daiteke 25 euro ordainduta. Trukean kamiseta bat eta sariak eskuratzeko lehentasuna izango du”.
Hasiberria den egitasmoak harrera ona izan du musika talde eta zaleen artean. Aurrenekoek badute azkenik sarean txoko bat beraien emanaldien berri nahi beste emateko, eta bigarrenek, agenda osatuena bertan topatu dezakete. Otamendi oso pozik dago orain arte emandako urratsekin, baina asmo berriak dituztela aurreratu digu. “Atal berriak prestatzen ari gara, eta ekimen ezberdinak martxan jarri behar ditugu epe laburrean”. Hain zuzen ere, web ataria Musika Zuzenean egitasmoaren hasiera baino ez da. Aurrerantzean asmo eta helburu zehatzak dituzte: “Zuzenean egiten diren emanaldiak bultzatu eta sostengatu nahi ditugu. Euskal Herriko musika eszena aberatsa erakutsi eta musika zuzenean bizitzeko gonbita egin. Bide horretan, argazki erakusketa bat prestatzen gabiltza, eta zenbait mahai-inguru ere martxan jartzekoak gara”. Musika eszenaren errealitate bizia mantentzeko nahitaezkoak dira horrelako egitasmoak. Taldeek ederki betetzen dute beraien rola, eta ikusleena da hitza.
ARGIAri jakinarazi diotenez, 40-50 irakasle inguruk Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzaren pareko belardian igaro dute gaua. Dozena bat kide identifikatu ditu gauerdian Udaltzaingoak.
Kriztian Borda hautetsi ohia eta Lurzaindia elkarteko kideak sare sozialetan zabaldu duen bideo baten harira piztu da ika-mika. Arbonan laborantza lurrak "arriskuan" daudela salatu du Bordak, eta jakinarazi du Arbonako Herriko Etxeak bere kirol zelaia Baionako promotore... [+]
Triskantzaren balantze humano eta ekonomiko ilunaren esperoan, galdera berehala bururatzen zaigu urrutiko begirale baino asko gehiago ezin izan garenoi: zer gertatuko da orain gerra zibil horretan? Nolako eragina izango du lurrikararen suntsiketak? “Nargis efektu”... [+]
Bai ikastetxeek antolaturiko eskolaz kanpoko jarduerek, bai aisialdiari loturiko ekintzek eta udalekuek desgaitasunen bat duten haurrak kanpoan uzten dituzte maiz, eta hain justu, jarduera horiek bereziki onuragarriak dira premia bereziak dituzten haurrentzat. Hala dio... [+]
Euskal hizkuntzalaritza esperimentaleko katedra berria estreinatu dute Baionako fakultatean.
"Gerra inperialistaren eta Europako estatuen berrarmatzearen aurka" mobilizatuko da Langileon Nazioarteko Egunean.
Aitzindariak elkartea Aitzina Biga ikuskizuna prestatzen ari da. Ehun parte-hartzailetik gora izango dira dantzan, musikan, antzerkian, kantuan eta bertsotan apirilaren 19an Maulen aurkeztuko den ikuskizunean. Uztaila bitarte, beste lau emanaldi izango dira: Miarritze, Arrasate,... [+]
Antidepresiboen kontsumoa aztertuta, Euskal Autonomia Erkidegoan COVID-19aren pandemiak sintoma depresiboen intzidentzia handitu zuela ondorioztatu du ikerketa batek. Halaber, azterlanak nabarmendu du herritarren osasun mentala arazo fisikoekin batera artatzearen garrantzia, bai... [+]
Frantziako legebiltzarrean Errepublikanoek eta Batasun Nazionalekoek egindako zuzenketen harira dator erabakia. Zuzenketak onartu dituzte, eta, beraz, Euskal Hirigune Elkargoak emisio gutxiko eremua ezartzeko gastu ekonomikorik ez egitea erabaki du.
Pasa den asteko "kaleratze ilegala" salatu dute hainbat herritarrek, ostiral arratsaldean.
Jauzi Ekosizialeko kideek antolatzen duten bigarren edizioa da. Euskal Herriko trantsizio ekosozialak "inoiz baino premia handiagoa" duela adierazi dute, "datozen aldaketa sakonen aurrean trantsizio justua nahi bada".
Manifestazio jendetsu batek herriko kaleak zeharkatu ditu, Poliziaren gehiegizko dispositibo batek zainduta, gazteek kudeatutako guneen defentsan eta Gaztetxeak erasoen aurrean defendatzeko. Manifestazioaren amaieran, publiko egin dute iragarpena.
Parisko Auzitegi Korrekzionalaren arabera, 2,9 milioi euro desbideratu zituen Frantziako RN Batasun Nazionalak 2004 eta 2016 artean. Le Penez gain, alderdiko beste 24 kide ere errudun jo dituzte. Helegitea aurkeztuta ere, RNko buruzagia ezingo da aurkeztu 2027ko Frantziako... [+]
Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin dituzte manifestazioak. Israelek Palestinan egin duen eta aurrera daraman genozidioarekin kolaboratzen duten enpresei laguntza publikoa emateri uzteko eskatu diete Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari.
Hezkuntza Sailak EITBri azaldu dioenez, ikastetxe bakoitzean izan beharreko baliabideak batzar teknikoetan negoziatu partez, mahai negoziatzailean landu beharko lituzkete. Bihar eta etzi greba egingo dute EAEko ikastetxe publikoetako irakasleek.