Greba orokorra deitu du euskal gehiengo sindikalak urtarrilaren 27rako. Gizarte zerbitzuen murrizketei, eta bereziki, Espainiako Gobernuak onartu nahi duen pentsioen erreformari erantzutea dute helburu. Erreformak, iraganean irabazitako eskubide sozialak ezabatuko dituela diote sindikatuek. Ekonomia krisia lehertu zenetik hirugarren greba orokorra izango da.
gehiengo sindikalak (ELA, LAB, STEE EILAS, EHNE, HIRU, ESK) Hego Euskal Herriko herritarrei urtarrilaren 27an greba orokorra egiteko deia luzatu die, pentsioen erreformari eta 2011rako hainbat aurrekontutan –estatu, autonomia eta foru aurrekontuetan– aurreikusten diren murrizketa sozialei erantzuteko. Espainiako Gobernuak pentsioen erreforma urtarrilaren 28an onartzea aurreikusi du, eragile politiko eta sozialekin akordioa lortu ala ez. Erreforma horrek etorkizuneko pentsiodunek gehiago lan egitea eta gutxiago kobratzea ekarriko du. Krisialdia hasi zenetik Euskal Herrian deitzen den hirugarren greba orokorra da eta, sindikatuen arabera, hau ere beharrezkoa da azken hamarkadatan euskal langileek defendatu dituzten eskubideei eusteko: “Pentsioen historiako erreformarik gogorrena izango da, ez daukagu beste aukerarik” esan zuen Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak greba aurkezteko unean. Bestalde, Espainiako Gobernuak eta CCOO eta UGT sindikatuek erreforma negoziatzen darraite, eta artikulu hau idazterako unean, badirudi Espainiako Estatuan greba orokorra deitzeko mehatxua desegiten ari dela.
Erreforma horrek ez die Euskal Herriko 700.000 pentsiodunei eragiten, ondoren datozen belaunaldi gazteei baizik, hau da, langabezian dauden edo enplegu ezegonkorrak dituzten gazteei. Zalantzarik ez dago Euskal Herriak pentsio sistema propioa izatea guztiontzat askoz hobea litzatekeela, baina hori beste eztabaida bat da.
Gobernua, alderdi politikoak eta gizarte eragileak bat datoz pentsioen erreforma ezinbestekoa dela, pentsioak beste 25 urtetan bermatu ahal izateko, aldaketa demografikoak, jaiotza tasa murrizteak eta bizi itxaropena luzatzeak, horretara behartzen baitu. Hala ere, pentsio sistema ziurtatzeko hartu behar diren neurrietan ez datoz bat.
Espainiako Gobernuak sistemaren kaudimena erretiro adina pixkanaka 65 urtetatik 67ra luzatuta bermatu nahi du eta, hala, 2027an erretiroa 67 urteko adinarekin hartzea derrigorrezkoa izango litzateke. Gainera, kotizazioaren zenbaketa aldia zabaldu nahi du. Kasu horretan gaur egungo 15 urteak 25 izatea da asmoa. Zantzu guztien arabera, oraingoan 15 urtetik 20 urterako jauzia egingo da eta horrek etorkizuneko erretirodunen pentsioak batez beste %6 murriztea ekar lezake. Beste herrialde batzuetan zenbaketa aldiari buruzko antzeko neurriak hartu dituzte dagoeneko. Frantziako Estatuan 10 urtetik 25era igaro dira, Austrian, aldiz, 15etik 40ra eta herrialde askotan (Finlandian, Polonian, Portugalen eta Suedian) lan bizitza osora zabaldu dute.
Sindikatuek erretiro adina atzeratzea arbuiatzen dute, baina zenbaketa aldia zabaltzea onartzen dute, beti ere kotizazio urte onenak aukeratu ahalko balira, hori pentsiodunen mesedetan izango litzatekeelako. Nolanahi ere, sindikatuek puntu hauen alde egiten dute: kotizazio oinarriak handitzea, soldatak hobetzea ekarriko lukeena; sistemaren barruan nekazaritza asegurua dutenak eta etxeko langileak integratzea; estatuak zenbait kontu sail beregain hartzea, hala nola minimoen osagarria; eta, jakina, lan merkatua hobetzea langile gehiagok ordain dezan.
Zalantzarik gabe, pentsio sistema erreformatuak lan merkatuan sartzeko zailtasun gehien dutenei kalte egingo die, hau da, egungo gazteei eta emakumeei. Lan ezegonkortasuna nagusi den merkatuan kotizazio urteak zabaltzeak esan nahi du gazte gehienek pentsio duina lortzea ezinezkoa izango dutela. Eta berdin gertatuko zaie egungo merkatuan sartzeko eta bertan eusteko zailtasun handiak dituzten emakumeei. Hala, 35 urtetan kotizatzeko lan merkatuan 30 urte bete baino lehen sartu behar da eta handik aurrera etengabe lanean aritu. Baina gazteen erdiak langabezian daude eta ez dute lanpostu finko bat lortzeko aukerarik. Eta dagoeneko lana daukatenen %23k kontratu ezegonkorrak eta jarraipenik gabekoak dituzte.
Gehiengo sozialaren pentsioak murriztu arren, murrizketa horiek inposatzen dituzten politikariek uko egiten diote beren pentsio abantailatsuak ukitzeari. Iragan azaroan Espainiako parlamentuan eta senatuan saiakera bat egin zen, baina ez zen onartu. 2006an onartutako pentsio sistemari esker, gure politikariek %80ko pentsioa lor dezakete 7 urteko jarduera parlamentarioaren ondoren eta %100ekoa 12 urte kotizatu eta 60 urteak beteta izanez gero. Gasteizko eta Iruñeko legebiltzarretan ere egoera antzekoa da.
What is the thought of the small trace of the complaints made on 28 April and that their only succession is the continuous chain of accidents and deaths of workers. In Azkoitia, once again in construction, a 62-year-old worker dies in a very common and therefore avoidable... [+]
When grandparents were young, retirement was represented as a time to enjoy life. Period of collection of the fruits of the work carried out during these years. What a satisfaction! It is a pity that young people today are never able to feel. You might think I'm a pessimist, but... [+]