Abiadura Handiko Trena Aramaion egiten ari den inbasio eta sarraskiak, eta baita horren ondorioz urtebetez gutxienez Arrasatera joateko errepide gabe uzteak bultzatu du Aramaion, aspaldiko partez, punk talde bat sortzea?
Egia esanda, arrazoia ez da hori, baina amorru handia eman digu AHTk, eta hitz askotan ageri da hori. Bide horretan ibiltzea lotsagarria da guztiz; eta gainera, lehen baso eta mendiz josita zegoen lekua ia desagertu da. Beste leku batzuetan ez da hain argi ikusten AHTk egin duena, baina gu muturren aurrean ikusten ari gara. Alde horretatik amorrua, inpotentzia eta gorrotoa sentitzen dugu.
Amorru handia dago bai, zuen hitzetan…
Hitzak idazterakoan, barrutik irtendako zerbait bada, abesterako orduan hori igarri egiten da. Barrutik irtendakoak asko esan nahi du abesten duenarentzat.
Iraganean Arrasate-Aramaio inguruetako talde gehienak punkyak ziren; gaur egun, ordea, ez daude asko.
Egia da gutxiago daudela. 80ko hamarkadan gizartearen egoera ez zen gaur egun dagoena eta hori izango da arrazoia. Hala ere, oraindik badira batzuk, entzuten da musika hori.
“Ez atzera egin, ez ezkutatu”; “Eman pausoak aurrerantz, beti gogor zapalduz”. Hortaz, punka ez da beti ezkortasuna, rollo negatiboa, suntsitzea?
Bai eta ez. Zati horiek
Mentes perdidas kantakoak dira eta galtzen denari burua altxatu eta aurrera egiteko esaten diogu. Dena den, ezkortasuna daramaten kantak oso garrantzitsuak dira barruak askatzeko.
“Noraino iritsi” nahi duzue taldearekin?
Unean pentsatzen dugu, eta ez etorkizunean. Orain kontzertuak egiteko, kanta berriak ateratzeko, ondo pasatzeko eta jendea ezagutzeko gogoz gaude.
Aramaion bada aspaldian beste musika talderik?
Bai, talde gehiago badaude. Entsegu lokalean mugimendu handia dago. Gutaz gain, gutxienez Alta-Tension, Limas Brothers eta @Pul daude.