Politika behin betirako baztertuko nuela zin egina nion nire buruari, ez nuela, nire osasuna zaintze alde, gai horren haritik notizia erdirik ere segituko, horretarako 1.000 eurotik gora pagatutako telebista hautsi beharko banuen ere. Politikariek –agintariek, oro har– hitzetik hortzera darabilten hizkera ulertzeko arazo larriak nituelako, datu objektiboen interpretazioan erakusten duten fantasia Lewis Carrollena baino aldrebesagoa egiten zitzaidalako, keinu bidezko lengoaia sasi-agerikoa ezta musean ere ikasi ez dudalako, horren guztiaren ahaleginean nire kortex zerebral zurrunak irakin egiten zuelako, gainera merke-zuhurreko ardoak baino biharamun latzagoak uzten zizkidalako eta, har dezadan arnas, finean tuntun eta arlote sentitzen hasi nintzelako, afizio apalagoak, nire ahalmen intelektualari aproposagoak zaizkionak, bilatzen hasi nintzen.
Une gogorra izan zen hura, aitortzen dut. Delirium tremens ikaragarriak heldu zitzaizkidan erabakiaren ondotik. Telebista kateetako Realityek, futbolak, Steven Seagalen filmeek ere ezin izan zuten haren hutsunea bete. Iritzi-artikuluetarako gaiak agortu zitzaizkidan. Euskadi Irratiko tertuliak entzuteari uko egin nion. Koadrilako afarietan postrea atera orduko ihes egiten hasi behar izan nuen. U2 eta Shakiraren jarraitzaile bihurtu beste erremediorik ez nuen izan.
Baina heldu zen eguna. Heldu zen askatasun konpletoa, tentaldirik tematienari ere ezezko biribila esateko kemena atera nuenekoa, pasibotik aktibora pasa eta politikarik gabeko espazioak aldarrikatzeari ekin nionekoa. Eta orduantxe, justuki une horren bueltan, agertu zitzaidan Arantzazuko Ama Birjina. Eta politika gaietarako itsutasuna sendatzeaz gainera, arranoaren bista eman zidan aluak, ikusmen panoramiko-paraboliko-erradiografikoa. Supituan konprenitu nuen Egia: politikariak gizaki itxurako izaki humanoideak dira, hominidoen eboluzioan ezagutzen ez zen adar batetik garatutako espezie kamaleoniko aurreratua, kukuak egin ohi duen bezala, arrautzak besteen habiatan jarriz hedatu dena.
Big Bang-aren aztarnak bilatzeari utzi eta errebelazio hura ikertzea deszifratzea gizarteratzea izango zen aurrerantzean, nire misioa. Laguntzaile taldea bildu eta I+G+I zentro independente bat sortu genuen: TIRCPIHMI, The International Reserch Center of Politic Invasion and Human Molecular Inmunology. Politikarien izaera hegemonikoa, ohiturak, jokamoldeak eta puntu esanguratsuak katalogatzea da TIRCPIHMIren epe motzeko xedea; hitz klabeak manipulatzeko eta hiztegi ofizialetan adiera berriak inposatzeko duten artea xehekatzea; gezurrak aitortzeko edota damua sentitzeko duten ezintasun intrinsekoa ikertzea; ahalguztidunaren gisan jokatzeko, beti hordagoka aritzeko dituzten dohainen kodea argitzea eta, ahal dela, manipulazio genetikoaren bidez edo, gizakiontzako txertoak erdiestea. Erronka bizia, zinez.
TIRCPIHMIk, esan gabe doa, ez du instituzio nagusien diru-laguntzarik jaso. Ez du Zamudioko Parke Teknologikoan egoitzarik lortu. Ez du Phisic Center-arekin eta Nanogunerekin lobbyrik osatu. Baina iritsiko da hori ere, datorren asteko Science et Avenir aldizkari ospetsuan argitaratuko den artikuluan irakurri ahal izango denez. Ezagutza baita herri honen etorkizuna.