Pardina eta makien arrastoan

  • Aragoiko Asabón errekak zeharkatzen duen lurraldeak hainbat ustekabe eder gordetzen ditu. Ez naiz historialaria, eta, hortaz, ez dut halako kronika historiko bat eginen. Bereziki mendizale gisa mintzatuko naiz, aspaldi honetan nire gogoak –nire senak– halako leku bakanduetara eraman nauelako. Bizikletaz egindako ibilbideetarik bat probestuko dut, eskualde horretan metatzen diren pardinen berri eman eta, halaber, 1944tik goiti inguru hartan bildu ziren makien edo gerrillari antifrankisten gaineko zenbait istorio zuenganatzeko.

Pequera izeneko pardina da argazkikoa. (Argazkia: Xabier Iaben / ARGIA CC BY-SA)

2024ko uztailaren 30ean - 16:35

Longás, Bailo (Bailo, Arres, Larues, Paternoy, Arbues eta Alastuey) eta Las Peñas de Riglos (Riglos, Ena, Centenero, Rasal, Salinas de Jaca, Santa María de la Peña, Triste, Yeste eta Villalangua). Herri horiek osatzen duten eskualdea orain arte “Aurrepirinioa” kontsideratu bada ere, egun, geologo aunitz bat datoz erratean “Pirinioa” dela, bertzerik gabe. Hortaz, erran dezakegu Huescako Pirinioetako hego-mendebaldean kokaturik dagoela.

Bizikletaz eginiko ibilbideak harilkatuko du kontaketa, eta izenburuan ageri den gisan, eskuarki pardinek eta makien mugimenduek izanen dute protagonismoa. Pardina hitzaren etimologiaz denaz bezainbatean, bi hipotesi daude. Lehena RAErena da, eta zera dio: hitz aragoiarra dela, eta latineko Parietina hitzetik bide datorrela, eta izaten ahal dela bai “pareta hondatuak”, bai “larre-mendi baxua”. Bigarrena Manuel Alvar hizkuntzalariarena da, eta berak zioen latineko pratu hitza zela etimoa: pratu > paratina > pardina, erran nahi baita, belaiarekin lotzen zuen.

Zernahi gisa ere, erraten ahal dugu pardina dela lursail bat non nekazaritza eta abeltzaintza ustiatzen diren. Normalean, honako eraikinak zeuden: etxebizitza nagusia –bertan bizi ziren pardineroak–, eta horri atxikiak, lanerakoak zirenak –abeltegiak eta abar–. Gehienetan, behatoki onak ziren lekuetan kokatzen ziren, eta iturria hurbil izaten zen.

Pardina batzuk garai batean herriak izanak ziren, hori dela eta, zenbaitek eliza dute. Haien antzinatasuna frogarik izanik ere –1187an Huescako 238 herrik San Indaleziori botoa egin zioten eta horien artean egungo pardina batzuk zeuden–  pardinen ibilbide hau, gutxi goiti-beheiti, 1836ko Mendizabalen Desamortizaziotik 1950era arte kokatuko dugu, hamarkada horretan hustu baitziren gehienak. 1941etik aurrera, Patrimonio Forestal del Estado (PFE) izeneko erakundeak desjabetze aunitz egin ondoren, sekulako birlandaketa jarri zuen martxan; horren ondorioz, bazkalekuak ikaragarri murriztu ziren, eta, gainera, isun handiak jartzen ziren, abereek pinu landatu berriak janez gero. Bertzalde, XX. mendearen erdialdean hasitako industrializazioak akabaila eman zion antzinako bizimodu hari.

Chaz pardina. (Argazkia: Xabier Iaben / ARGIA CC BY-SA)

Pardinetako eguneroko bizitzari dagokionez, etxea da oinarria, baina Euskal Herriko hainbertze lekutan bezala, ez soilik eraikuntza gisa, baizik eta antolaketa sozial moduan. Bertan, jeneralean, hiru belaunaldi bizi ziren, eta gehienetan maizter ziren; izan ere, XIX. mendeko bi desamortizazioek, zoritxarrez, ez zuten pardinen jabetza nekazari eta abeltzainen esku jarri, baizik eta goi nobleziako zein burgesiako kideen esku. Familiarekin batera, morroiak –aragoieraz, gazteak zirenean, repatanes deitzen zitzaien–, jornalpekoak zein artzainak egoten aha ziren. Eta, horietaz gain, pardina askotan mutilzaharren bat gelditzen zen, aragoieraz, los tiones.

Etxeetako beheitiko solairuan abeltegiak, jaki-tokiak eta sukaldea egon ohi ziren. Lehen solairuan, logelak; eta goitian, sabaia edo bihitegia. Ez zuten argindarrik, eta lastargiak zein kriseiluak erabiltzen ziren. Beregain samarrak zirenez, gehienek bazuten baratzea, eta zenbaitek, erlauntzak; gainera, ehizak eta arrantzak segurtatu egiten zuten eguneroko mantenua. Haatik, osasun arloan gabezia handia zuten: medikuarenera joateko, adibidez, distantzia handiak egin behar izaten zituzten. Baina ongi ezagutzen zituzten inguruko sendabelarrak, eta baziren sendalari ezagunak, adibidez, Samper Altoko pardinako maizterra.

Pardineroak, Teruelgo masietakoak ez bezala, arras loturik zeuden beren jatorrizko herriekin, eta ez zuten bazterkeriarik jasan. Gainera, askotan, eskolaratzea zela eta, pardineroen haur aunitz astean zehar herrietan egoten ziren, haien jendakien etxeetan.

Pardinak hiru lan-arlotan aritzen ziren: nekazaritzan –batez ere garia eta garagarra–, abeltzaintzan eta basogintzan. Abeltzaintzaren kasuan, azpimarratzekoa da bazkalekuak ez zirela soilik pardineroen aziendarako; izan ere, Huescan –Zaragozan eta Teruelen ez bezala–, abelburuen erdiak trashumanteak ziren, eta artzain aunitzek, ardibide edota cabañerak jarraikiz, eskualde hau erabiltzen zuten udazkeneko bazkaleku (aragoieraz, aborral), Aragoiko hegoaldeko lur beroagoetara joan aitzin negua ematera. Eta hori, jakina, diru-iturri inportantea zen pardineroentzako.

Orografia malkarrak hartaraturik, basogintzari erreparatuz gero, eta orografia malkarrak hartaraturik, basoen zabalera handia zen, eta kontuan hartu behar da hori hala zela arestian aipaturiko PFEk bere birlandatze-prozesua abiarazi baino aunitzez lehenago. Tenore hartan, egurra oinarri-oinarrizko lehengaia zen azpiegituretarako (argiztatzerako, trenbideko trabeserako…) eraikuntzarako (habeak...) zein etxerako (beheko sua elikatzeko, sukalderako…). Nolanahi ere, XIX. mende bukaerako eta XX. mende hasierako Goi Aragoiko egurraren ustiapena ez zen nahi bezain eraginkorra izan; 1930eko hamarkadan eman zion egiazko bulkada, trenbidean zein errepide-sarean egondako hobekuntzarengatik.

ASABÓN ERREKAREN BUELTAN

Asabón erreka Gállegoren adarretako bat da, eta sorburua Xavierreko lepoan du, Longás eta Bailo herrien arteko mugan, Zaragoza eta Huescaren arteko muga ere badena. Hasiera batean, mendebalde-ekialde norabidea hartzen du, eta Javarraz eta Pequera pardinak zeharkatzen ditu puska horretan. Gero, hegoaldera egiten du garbi, eta Nueveciercos eta Chaz pardinen ondoan iragan eta gero, Villalangua herriraino egiten du. La Peñako urtegira heldu aitzin –bertan egiten du bat Gallego ibaiarekin–, Gabas eta Paternoyko erroitzetako errekastoen ura hartzen du.

Hona pardina nagusiak (ikus mapa): Javarraz, Pequera, Nueveciercos, Salafuentes, Montañano, Sierra Alta, Nofuentes-Corralón, Chaz, Ferrera, Gabas, Cercito, Rompesacos, Villamuerta, Esporret, Mesón del Cajicar, Bergosal, Lagé, Visús, Samper Alto eta Samper de Asabón.

Ibilbide honetan gerrillarien gaineko zenbait kontu gogora litezke, zeren gezurra iduri arren, maki gehiago ibili ziren pardinak inguratzen dituzten Santo Domingo eta Carbonera mendilerroetan Pirinioetako mugan baino, gerrillariek osaturiko hainbat brigadaren biltoki izan baitziren biak.

Asabón erreka zeharkatzen den uneetako bat. (Argazkia: Xabier Iaben / ARGIA CC BY-SA)

Abiapuntua: Longás

Abiapuntua Zaragozako Longás herri bakandua da (840 m). Jacako Puente la Reinatik abiatuz gero, Bailorako A-132 errepidea hartu beharra dago, eta handik kilometro gutxira, asfaltaturik gabeko ia 15 kilometroko pista zeharkatu. Zaragozako herria izanik ere, Longásek lotura historiko estua izan du Huescarekin: Longáseko eremuan dauden Sangorrin eta Salafuentes herrixkak, adibidez, San Juan de la Peñako monasterioaren agindupean egon ziren, eta horrek zenbait gatazka administratibo ekarri zizkion herriari.

1944ko urriaren bukaeran Longáseko Planasuertes izeneko sarobean bi gerrillari hil zituen polizia frankistak, eta bertan lurperatu zituzten; ez zen sekula haien identitaterik eman, eta ez zituzten erregistro zibilean sartu. Eta urte bereko azaroan, urte bereko azaroan, bi maki gazte herrian sartu ziren ogi eske, pentsatuz ez zela arriskurik izanen, baina bertako batek salatu egin zituen; guardia zibilak bertaratu eta bietako bat hil zuten. Lekukoek diote 1950eko hamarkadaren hasmentan hildakoaren aita eta bertze semea Longásera itzuli zirela mendeku hartzeko asmoz, baina azkenean atxilotu eta Sos herrira eraman zituzten.

Lehen 3-4 kilometroak arestian aipatu dudan pistatik egiten dira, eta gero eskuin hartu behar da, Sangorrinerako bidetik. Lau bat kilometroren ondotik, Zaragoza eta Huescaren arteko mugan dagoen Xavierreko lepora (1050 m.) iritsiko gara. Inguru hartan sortzen da Asabón erreka, eta handik aitzina bidelagun izanen dugu puska handi batean. Hiru kilometro jaitsi ondotik, lehen pardinara iritsiko gara.

Guardia Zibila sarri ibiltzen zen herrietan makien bila.

Javarraz (880 m)

Hagitz hondaturik dago, eta sasiz inguraturik, baina leku apartan dago kokatua, behatoki ederra den gain batean. Lehen aipamena 1068 urtekoa da. 1663an, Jacako katedralari zegokion pardina zen, eta 1863an Ayerbeko markesaren esku zegoen. Bide batez, jaun hori hainbertze pardinaren jabe zen, ezen San Juan de la Peñako monasterioarekin batera eskualde hartako lurjabe nagusiak ziren.

Pardina horrek baso handiak zituenez, egur asko atera zen bertatik, eta 1940ko hamarkadan bertan zegoen Uros familiak 150 bat ardi-buru zituen. Gainera, landa onak zituen, eta batez ere garia eta garagarra landatzen zituzten. Azkenean, Javarraz 1958an hustu zen, eta 1965ean PFEk erosi zuen. Gaur egun, erabilera publikoko mendia da. Bide nagusiari jarraikiz, handik bi kilometrora, bigarren pardina dago.

Pequera (840 m)

1720koa da, halaxe ageri da aurrealdean. Pardina gehienak –edo bederen azken berreraikuntzak– XIX. mendearen bukaerakoak edota XX. mendearen hasierakoak dira. Etxalde luzea da, eta bi etxek osatzen dute. Badu leiho txiki bat, eta aditu batzuek diote garai batean bertan omen zegoen eliza batekoa izan litekeela, zeren eta batzuetan pardinak dauden lekuetan gerora hustutako herriak zeuden garai batean.  Eta Pequera berez 1187an San Indaleziori botoa egin zioten 238 herrietarik bat zen.

Harreman handia zuten Javarrazekin eta geroxeago aipatuko dudan Nueveciercoseko pardinarekin, eta, bitxikeria gisa, ba omen zuten gramola bat eta bereziki zerri-hiltzean (aragoieraz, matacía) eta bertzelako bestetan erabiltzen zuten. 1960an, Izuel familiak PFEri saldu zion, eta gaur egun, Javarraz bezala, erabilera publikoko mendia da, eta Bailoko udalerriari dagokio.

Handik 500 bat metrora, Asabón errekak mendebalde-ekialde norabidea utzirik, hegoaldera egiten du garbi, eta guk ere, harekin batera, eskuin hartuko dugu bidegurutzean, eta utzi eginen dugu Santa Barbarara doan pista, berez Bailo eta Longás lotzen duena. Bi kilometroko malda beheiti egin ondotik, hirugarren pardinara iritsiko gara.

Nueveciercos (780 m)

Erabat hondaturik egonagatik ere, oraino bereizten ahal dira ukuilua eta etxebizitza, zeinak ogi-laberako kupula txiki bat gordetzen baitu. Nueveciercos ere 1187an San Indaleziori botoa egin zioten 238 herrietarik bat izan zen. 1800ean familia bat bizi zen bertan, eta Jakako Santo Domingoko komentua zen pardina horren jabea. 1863an, Concilioko Lopez Etxekoak ziren jabeak, eta zazpi belaunalditan mantendu zuten jabetza. Bide batez, Lopez familia hainbertze pardinaren jabe izan zen.

1959an, azken jabeak PFEri saldu zion, eta egun erabilera publikoko mendia da eta Bailoko udalerriari dagokio. Bide batez, familia hori Bailoko Pequera etxera joan zen bizitzera, eta harrezkero Nueveciercos Etxea deritzo. Asabón errekari jarraituko diogu, eta tarteka zeharkatu ere eginen dugu. Gero, hiru kilometroko tartea egin ondoren, malda beheiti hori ere, Chaz pardinara iritsiko gara.

Gerrilari talde bat muga zeharkatzen Aragoi aldera egiteko.

Chaz edo Jaz (700 m)

Hau ere jatorriz aspaldiko herria zen, 1134an San Juan de la Peña monasterioari eginiko dohaintza batean ageri baita. 1601ean, Pedro de Urries zen jabea, eta 1743an, goitian aipatutako lurjabe nagusietako baten esku zegoen: Ayerbeko markesgoa.

L formako eraikin-multzoa da, eta horri atxikita korta bat dago, mendebaldeko estalkia duena, partzialki itxitako patio baten inguruan. L-aren alde batean eta bertzean ukuiluak eta animaliendako eraikinak daude. Aipagarria da altuera handiko tximinia tronkokonikoa, aragoieraz, chaminera.

Pardina hau bi errekaren elkargune lau batean dagoenez, erraten zen inguruko pardinek baino lur hobeak zituela, eta garai hartako kantu ezagun batek honela zioen: “En Nofuentes canta el gallo; en Corralón la gallina; y en la pardina de Chaz florecen las clavelinas”.

Sanclemente familia luze bizi izan zen bertan, XIX. mendearen bukaeratik 1974ra arte. Harreman handia zuten inguruko pardinekin (Corralón, Montañano eta Ferrera), eta pardina gehienetan ez bezala, Chazen argindarra izan zuten, eta menturaz horri esker iraun zuten bertan hain berandura arte.

Egungo jabea Coarasa familia da, eta pardina hondaturik egon ez arren, iduri du abandonatu samarra dagoela. 500 bat hektarea ditu, eta Bailoko udalerrian dago.

Makien presentziari dagokionez, bi kontu txiki. 1947ko martxoaren 14an, Santo Domingoko mendilerroan zegoen gerrillari talde bateko lau lagun Chazera jaitsi eta hiru eskopeta, bi urdaiazpiko eta bertzelako elikagaiak hartu zituzten bertatik; eta urte bereko uztailaren 22an, Biarno aldera itzultzen ari ziren gerrillari batzuek bidaian lagungarri eginen zitzaizkien 2.000 pezeta hartu zituzten pardinan.

Orain, eskuin hartu eta bideak emeki-emeki goiti egiten du Fontanizas errekari jarraikita; bi kilometro eta erdi egin eta gero, Corralón pardinara helduko gara.

Corralón (780 m) eta Nofuentes (950 m)

Berez, pardina hau erabat loturik dago Nofuentes izenekoarekin (950 m); izan ere, bi etxeek osaturiko pardina bakarra dela erraten ahal da.

Corralón, berez, bi etxetan banaturik dago, eta bakoitzak bere sarrera eta bere eskailerak ditu. Etxe honetan XX. mendearen hasmentan bizi izandako familia bat ibilia zen lehenago Mauleko espartinen fabrika batean lanean, Jazetaniako hainbertze jende bezala.

1955ean, PFEk erosi zuen Nofuentesko pardina, eta, arestian erran bezala, Corralonekoa ere hari zegokionez, bertan bizi zen azken familiak utzi behar izan zuen etxea. Bitxikeria bat: Biel herriko alkatea behin eta berriz saiatu zen bere herriak Nofuentesen zuen alera izeneko bazka-zorra berreskuratzen. Foru-alera hori aspaldiko eskubidea zen, eta haren arabera, udalerri bateko biztanleek beren aziendak mugakide zuten bertze udalerri bateko bazkalekuetara eramaten ahal zituzten, baina solik egunerako (“de sol a sol y de era a era”, eta hortik alera izena).

Gaur egun, Nofuentes-Corralón pardina-multzoa Aragoiko Komunitatearena da, eta ehizarako zein bazkalekurako erabiltzen da.

Bereziki azpimarratzekoa da pardina honen protagonismoa Francoren aurkako gerrilla zela eta; hango maizter ziren Cirés familiakoak makien kolaboratzaile fermuak izan ziren. 1944ko udazkenetik goiti, sekulako laguntza eskaini zien gerrillarien brigadei hegoalderako bidean. Gogoratu beharra dago gerrillaren asmoa zela Santo Domingoko mendilerroan elkartzea mugatik zetozen 186. dibisioko hiru brigada nagusiak: lehena Erronkaritik iragan zen; bigarrena Forges d´Abeletik abiatu eta Escalé pausua erabili zuen; eta hirugarrena, Bielsa ondoko mugatik.

 Corralón pardina. (Argazkia: Xabier Iaben / ARGIA CC BY-SA)

Familia horretako kolaboratzaile nagusia 1917an sorturiko Florencio Cirés izan zen, El chaval de Nofuentes. Bitxiena da 1936ko Gerran armada frankistan aritu zela, eta gerran zauritu ondotik ohore-domina eman ziotela; eta horrek, doike, lausotu egiten zituen berarenganako susmo guztiak.

Kontua da, 1945eko urrian, Santo Domingora zihoazen bost gerrillarik Leskun aldeko Portiello d´o Ristéko lepotik muga iragan eta Oza aldera egin zutela. Etaparik txarrena beti Aragoi ibaiaren zeharkaldia izaten zen, zelatari frankista-falangista aunitz baitzen inguruan. Azkenean, lortu zuten aitzina egitea, eta gordeleku ona harrapatu zuten Arbues herriko hegoaldean. Eta ondoko gau batzuk, hain zuzen, Nofuentesen eman zituzten, Florencioren abegikortasunari esker.

Gainera, gizon horrek lotura-lan aunitz egin zituen, bikain ezagutzen baitzituen zoko-moko guztiak. Eta kontuan izan behar da, halaber, Cirestarren etxean aunitzetan guardia zibilek egiten zutela lo; hortaz, handia zen hartzen zuten arriskua.

Erraten da, adibidez, Corralonen gau batean guardia zibilak zeudela beheitiko solairuan, eta makiak, sabaian; eta zenbait lekukok erraten dute Cirestarrek azienda makiek erabilitako bidetik eramaten zutela, arrastoak ezabatzeko.

Baina, azkenean, guardia zibilek atxilotu egin zuten Florencio Zaragozan, bertara joan baitzen erresistentziari gutun bat emateko asmoz. Handik denbora batera, aske utzi zuten, baina ez zen sekula Nofuentesera itzuli, eta nolabaiteko zaintzapean egon zen Gurrea de Gállegon. Eta gobernadore zibilak lortu zuen Cirés familia ia osoa Nofuentesetik egoztea, Florencioren gurasoak izan ziren adinagatik bertan gelditu ahal izan ziren bakarrak. Baina, hondarrean, azken ondasunak saldu ondotik, Sabiñanigora joan ziren bizitzera, eta bertan hil ziren 1972an.

Ibilbide honetako azken pardina ezagutu ondotik, bideak goiti egiten du Santo Domingo aldera; gero, ezker uzten du mendilerroa eta 1.145 metrotan dagoen lepo bateraino egiten du, Longáserako norabidea harturik, zirkularra osatzeko xedez. Ondoren, hiru kilometroko jaitsiera egin eta

Santo Domingoko Paisaia Babestutik aterako gara, eta oraindik 10 kilometroko bide zabala ibili beharra dago Longásera itzultzeko.

Iragan ez hain urrunera eginiko bidaia izan da, kuttunak ditugun zenbait kontu eskaini dituena: bakardadea, isiltasuna, Instagramera zorionez sekula igoko ez den orografia ustez arrunta eta bereziki bihurria, txorien kantuak, ustekabean agertzen diren behi eta behorrak, Asabón errekaren xuxurla fina, birlandaketako pinuen nagusitasuna, erkametz gutxi batzuen goranahi isila, eta gerrillari antifrankisten zein pardinero laguntzaileen lorratz eta hatsa.

Gaian sakontzeko liburuak:

- Las pardinas del río Asabón, (Crónicas de un mundo olvidado). Oscar Martin. Huescako Diputazioa, 2017.

Garai batean San Joan de la Peñako fraideek Asabón erreka inguruko lur eta herri guztiak menperatzen zituzten. Mendeen poderioz haietako asko “pardina” bihurtu ziren, bakardadean bizi ziren jendeek landutako lurrak.
 

 

- Cuando los maquis: guerrilla y pasos de frontera en el Pirineo Occidental. Luis Pérez de Berasaluce. Autoedizioa, 2018.

Gerrillari antifrankistek Mendebaldeko Pirinioetan, Aragoin, Nafarroan eta Okzitanian, lan itzela egin zuten 1950eko hamarkada arte, muga zeharkatu eta armak eta propaganda banatzen. Liburu honek bereziki Santo Domingo eta Carbonerako mendizerratan gertatutakoa kontatzen du.

 

[Artikulu hau ARGIAren Gakoak 2024 108 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. ARGIA Jendeak paperean edo PDFan jasoko du, bakoitzak hautatu duen gisan. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta plazer handiz bidaliko dizugu! Gainerakoek, Azokan eros dezakezue]

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gakoak 2024
2024-08-30 | ARGIA
Aurtengo hiru disko on eta gomendagarri

ARGIAko erredakzioak aurtengo zortzi hilabeteotan kaleratu diren diskoen artean hiru hautatu ditu, gomendatzeko.


2024-08-26 | June Fernández
MIGRAZIO-DOLUA
Herrimina trauma bihurtzen da

Herrialde berri batera moldatzeak dakarren astindu identitarioaz gain, migrazio-bidaietan eta berton aurre egin behar dieten indarkeriek oztopatzen dituzte etorkinen bizipenak. Psikoterapia da ondoeza sendatzeko bide bat, baina ez bakarra.


2024-08-19 | ARGIA
Ikus-entzutea merezi duten sei lan

ARGIAko erredakzioaren eskutik, sei ikus-entzunezko proposamen.


2024-08-14 | Mikel Aramendi
Israel, Iran eta bi elefanteak

Hamasen erasoaren ezohiko muntak, eta Israelgo gerra-kabineteak hari emandako erantzunaren desmasiak zerikusi zuzena dute ondorio geopolitikoen sakonerarekin. Ekialde Ertainean eta nazioarteko aliantzetan aldaketak eragin ditu genozidioak: Israelek zer irabazi eta galdu du?... [+]


Ibilbide dekolonialak (I)
Donostia: non gogoa, han ezpata


Arantxa Orbegozo 'Txitxi'
“Niretzako bidaiarik politenak mantso doazenak dira”

Zirrara eta pasioaren eroale da Arantxa Orbegozo Txitxi (Tolosa, 1962). Bizitza darama eskuetan eta hura eskaintzen dio zuzentzen zaion edonori. Atleta izan da, txirrindularia, eta bere buruari proposatu dizkion beste hainbat diziplinatan aritua. Hala eta guztiz ere, benetan... [+]


Eguneraketa berriak daude