Ibaizabal: tximinien giza elikagaia

El vengador ontzia esklaboz betea, Ybarratarrek Afrikara bidalitako bigarren espedizioan.

2024ko abuztuaren 21ean - 09:40
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Euskal Herriko lurralde industrializatuenean gaude, Ibaizabaleko Ezkerraldean, edo Bilboko itsasadarrean, nahi bada. Hemen tximiniek agindu zuten behinola. Baina haiek elikatzeko ez zen soilik ikatza erabili, milaka langileren izerdia ere bai, eta are gehiago, milioika esklaboren odola erabili zen. Tximinia horiek jasotzeko kapitala urruneko kolonia esklabistetako dirutzarekin metatu zen, hein handi batean.

Robert Wedderburn ingeles-jamaikar abolizionista erradikalak zioenez, historiaren alde kapitalista desjabetzearekin lotzen den gisan, proletarioena erresistentziarekin lotu behar da. Peter Linebaughen eta Marcus Redikerren La hidra de la revolución (Hidraren iraultza, Traficantes de Sueños, 2022) liburuan irakurri dugu halakorik. Wedderburnek garbi zuen berandu baino lehen iritsiko zela iraultza, hala kolonietan nola lantegi eta meatzeetan. Baina espainiar inperioko esklabistek mende bat gehiago iraun zuten praktika inhumano horretan gotorturik, eta XIX. mende hasierako liberazio prozesu horiek apenas dute lekurik gure hirien iraganeko kontakizunean, Bilbo dugu adibide.

Espainiar  gobernadore, ministro zein militarren omenezko zumardi eta etorbideak nonahi aurkituko ditugu Bilbon oraindik. Ibilbide honetan, ordea, batek eman digu arreta: Luis Power kalea (1), Deustun.

Luis Power Echavarri “ausart ezezaguna” eta “heroia” izan zela irakurriko dugu zenbait hedabidetan, 1808ko frantsesen kontrako Bilboko altxamenduan jokatu zuen paperagatik. Baina ezin ahaztu bere karrera eta fortuna, aitak Puerto Ricon Compañía del Asiento de Negroseko agente bezala egindako lanari zor ziola. Martín Rodrigo Alharilla ikerlariak berriki plazaratu duen España Esclavista webgunearen mapan ageri da informazio hori. Powertarrek, jatorriz irlandarrak izan arren, aitona Bordelekoa zuten, eta barku-kortsarioen  jabe ziren, esaterako Perla Vizcaína izenekoa.  

Geroago, XIX. mendean, Bilboko Areatzako (2) moiletatik espedizioak irten ziren esklaboak salerostera, Juan José Zangroniz trafikatzaile etxebarriarrak aginduta. Adibidez, 1816an Flora izeneko ontzia itsasoratu zen Afrikarantz. Baina hori ez da inongo kale eta plakatan irakurriko.

España Esclavista-ko mapari jarraiki itsasadarrean behera Portugaletera joan gaitezke, Manuel Calvo esklabista handiaren ondasunak bisitatzera –200 esklaboko Portugalete azukre-ola zuen Kuban–. Gran Hotel Puente de Portugalete (3) bere antzinako jauregia, hilerrian (4) duen panteoi erraldoia, Manuel Calvo kalea (5)… itzal luzea utzi du Calvok herri horretan.

Aurrerago joanez gero, Santurtzira iristen bagara, Cristobal Murrietaren (6) omenezko eskultura ikusiko dugu, Matía y Menchacatorre Cía konpainiarekin Perura txinatar kolonoak inportatzen zeregin garrantzitsua izan zuen finantzaria, eta Santurtziko Itsas Eskola (7) zein beste hainbat azpiegitura eraikiarazi zituena, antza, bere burua garbitzeko.

Santurtzik itsasontzi esklabista bati izena ere jarri zion: Cazador Santurzano. 1833an, esklabo trafikoa jadanik ilegala zela, 681 afrikar edo bulto garraiatu zituzten bertan Kubaraino, Angel Elorriaga santurtziarra kapitain zuela. Zein zegoen operazio horren atzean? Besteak beste Jose Antonio Ybarra, halako inbertsioak egin zalea eta historiaren alde kapitalistan nabarmendu den familia ezaguneko kidea.

 

[Artikulu hau ARGIAren Gakoak 2024 108 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. ARGIA Jendeak paperean edo PDFan jasoko du, bakoitzak hautatu duen gisan. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta plazer handiz bidaliko dizugu! Gainerakoek, Azokan eros dezakezue]


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gakoak 2024
2024-08-30 | ARGIA
Aurtengo hiru disko on eta gomendagarri

ARGIAko erredakzioak aurtengo zortzi hilabeteotan kaleratu diren diskoen artean hiru hautatu ditu, gomendatzeko.


2024-08-26 | June Fernández
MIGRAZIO-DOLUA
Herrimina trauma bihurtzen da

Herrialde berri batera moldatzeak dakarren astindu identitarioaz gain, migrazio-bidaietan eta berton aurre egin behar dieten indarkeriek oztopatzen dituzte etorkinen bizipenak. Psikoterapia da ondoeza sendatzeko bide bat, baina ez bakarra.


2024-08-19 | ARGIA
Ikus-entzutea merezi duten sei lan

ARGIAko erredakzioaren eskutik, sei ikus-entzunezko proposamen.


2024-08-14 | Mikel Aramendi
Israel, Iran eta bi elefanteak

Hamasen erasoaren ezohiko muntak, eta Israelgo gerra-kabineteak hari emandako erantzunaren desmasiak zerikusi zuzena dute ondorio geopolitikoen sakonerarekin. Ekialde Ertainean eta nazioarteko aliantzetan aldaketak eragin ditu genozidioak: Israelek zer irabazi eta galdu du?... [+]


Ibilbide dekolonialak (I)
Donostia: non gogoa, han ezpata


Arantxa Orbegozo 'Txitxi'
“Niretzako bidaiarik politenak mantso doazenak dira”

Zirrara eta pasioaren eroale da Arantxa Orbegozo Txitxi (Tolosa, 1962). Bizitza darama eskuetan eta hura eskaintzen dio zuzentzen zaion edonori. Atleta izan da, txirrindularia, eta bere buruari proposatu dizkion beste hainbat diziplinatan aritua. Hala eta guztiz ere, benetan... [+]


2024-08-12 | Estitxu Eizagirre
Baratze-oihana
Bizitzaren ederra lantzen buruaskitasunerantz

Odei Etxeberri Bimboire, Gorka Roca Torre eta beraien seme Oihan eta Miru buruaskiak dira elikaduran. Horretarako, aztertu behar izan dute gorputzak zer elikagai eta zein kopurutan behar dituen; horiek zein janaritan dauden; urtaro bakoitzean horiek denak eskuratzeko zer landu... [+]


Eguneraketa berriak daude