MALORES ETXEBERRIA
"Pello
haserre dago, errurik gabe horrelako pelikulan atrapatuta baitago"
Pello
Zubiriak zazpi egun eman zituen inkomunikatuta. Haren senitartekoek ezer
gutxi zekiten haren osasun egoerari buruz; joan den astelehenean ospitalean
eta bizirik zegoela jakin zuten. Zubiriaren emazte Malores Etxeberriarekin
hitz egin genuen pasa den larunbatean egunotan bizitako sufrikarioaz.
Lehenik
eta behin, zer moduz zaude Malores?
Gertatu
den guztia gertatuta, ondo; indarra daukat. Askotan ez dakizu indarrak
nondik ateratzen dituzun. Niri oso lagungarria gertatu zitzaidan pentsatzea
niri gertatu izan balitzait horrelako zerbait, Pello ez zela geldituko,
mundu guztia nahastuko zuela. Zera pentsatzen duzu: edozer gauza egin
behar da gizon hau ateratzeko sartu duten tunel horretatik.
Horretaz
ari gara, oso indartsu agertu zarela.
Egoerak horretara behartzen zaitu eta indarra atera egiten da. Horrelako
egoera gogorretan edo erori egiten zara edo indarra ateratzen duzu. Gero
buelta izango da, baina tira, momentuan indarra ateratzen zaizu.
Pello
nola ikusi duzu?
Hiru bisita egin dizkiot. Erreanimazioan zegoela bi eta gelan zegoela,
beste bat. Lehenengo bisitan inpresionatu egin ninduen: sueroarekin, monitorez
inguratuta, oso argal... Hirugarren bisitan Pello ikusten hasi naiz, bere
erreakzio batzuk, bere ironia, jenio bizia
Hobeto ikusi dut. Gorputzez
ordea, berdintsu, oso ahul. Lehendik zuen gaixotasuna gehiagotu zaiola
pentsatzen dut, ibili-eta oso gutxi egingo zen. Ez dakit zer jango zuen,
eta zeuzkan kilo gutxietatik galdu egin ditu beste batzuk.
Zer esan
dizu berak egun hauetaz?
Oraindik ez daki oso ondo zer gertatu den egun hauetan, ez du ondo
lotzen. Zazpi egun izan dira inorekin hitz egin gabe, eta gainera batetik
bestera. Noiz sartu da ospitalera? Zenbat aldiz eraman dute? Bidai hori
begiak estalita egin zuen. Zazpi egunetako "pelikula" hori osatzen
ari da. Espetxeratuta zeuden besteek diote barruan zaudela denboraren
nozioa berehala galtzen dela.
Zuk nola
bizi zenuen besteek dagoeneko deklaratu eta Pellok inkomunikatuta jarraitzen
zuen momentua. Zer sentitu zenuen?
Oso gogorra izan zen. Abokatuak Pello ospitalean zegoela esan zidan.
Ondo omen zegoela eta ez larritzeko. Goiz osoa pasatu genuen Entzutegi
Nazionalean tramiteak egiten eta ez zigun inork ezer esan. Horrelako egoera
larri batean familiak ezin al du jakin bi edo hiru egun beranduago arte
bere familiako hori ospitalean dagoela eta zein egoeratan dagoen? Edozer
gauza espero duzu hainbeste denbora ospitalean daramalako eta ikusi duzulako
etxetik nola atera den. Txikituta egon daiteke. Ospitalera joan ginen
eta han ez zegoen erregistratuta, ez zen existitzen. Argentinako pelikula
bat dirudi. Azkenean mediku bat etorri zen esanez ezin zutela ezer esan,
inkomunikatuta zegoelako. Nik edozer gauza espero nuen ordurako. Bizi
al zen galdetu nien eta baietz erantzun zidaten, lasai egoteko. Hurrengo
egunean deklarazioak bukatu ziren eta gu han ginen oraindik. Momentu hartan
oso sentsazio arraroa izan genuen, lau kalera zihoazen eta haien senitartekoak
pozik zeuden, besteei barrura zihoazela esan zieten... Ez genekien Pello
nola zegoen eta beste hiru egun, ospitaletik inolako informaziorik lortu
ezinik egon ginen.
Une honetan
erregistratuta dago ospitalean?
Pellok deklaratu eta hurrengo egunean, inkomunikazioa altxatu ziotenean
eta bera bisitatzeko baimena eman zidatenean Gregorio Marañonera
joan ginen. Esan genien Audientziatik etorri ginela, baimena eman zigutela
bisitatzeko, eta hala ere, "gizon hori ez da agertzen ordenadorean"
esan zigun harrerakoak. Esan nion, "Aizu, herenegun berdina esan
zenigun. Joan zaitez nahi duzun lekura, ekarri nagusia edo nahi duzuna,
baina ez esan ez dela ordenadorean agertzen. Hori esan beste edozeini,
baina niri ez, hiru egun daramatzagu hemen bueltaka...". Hurrengo
pausoa askoz ere normalagoa izan zen. ZIUko medikuak etorri eta informazioa
ematen hasi ziren... Gizatasun pixka bat sentitzen hasi ginen. Medikuak
inguratzen ziren, gurekin hitz egiten zuten. Bisitatzeko aukera izan nuen,
beti ere poliziaz babestuta...
Gelan
bertan ditu poliziak?
Ni han egon naizenetan bi egon dira gelan. Ez dakit ateratzen naizenean
han egoten diren edo ez. Gaur galdetu beharko diot hori Pellori. Bisitako
denbora hain da mugatua, gauza piloa galdetu nahi dizkiozu eta ahaztu
egiten zaizkizu, eta berak ere gauza pila bat jakin nahi ditu. Gaur paperean
idatzita eraman beharko ditut. Oso egoera latza izan da. Nik badakit torturatu
egiten dela, bizi izan dugu hori, eta badakigu. Baina ondo ondoan gertatu
arte, sinesten duzu, baina ez duzu bizi. Nola gerta liteke hau 2003an
hemen? Edonorekin ezin da gertatu, garbi dago. Baina jende honekin, hain
garbi egonda, ez dutela inolako errurik, nola gerta liteke? Eskandalu
ikaragarria da. Eta niri zer pentsatu handia eman dit horrenbesteko inkomunikazio
eta itxitasunaren atzean zer egon daitekeen.
Eta gainera,
inkomunikazioak jarraitzen zuen bitartean, komunikabideetatik informazio
ugari ateratzen zen. Zuek ez zenuten zuzeneko informaziorik...
Ezertxo ere ez, ez informazio zuzenik ez ofizialik. Kazetariengandik
iristen zitzaizkigun berriak. Bere buruaz beste egiten saiatu zela esan
ziguten. Eta guk pentsatzen genuen: "Baina noiz, nola, zer gertatu
da...". Oraindik ez dugu informazio garbirik horren inguruan.
Horri
buruz hitz egin al duzue zuzenean Pellorekin?
Nik gauza batzuk galdetu dizkiot. Eta bera ari da pixkanaka istorioa
osatzen. Horrek Pello kezkatu egiten du: Zer gertatu da? Noiz hasi da
eta noiz bukatu da? Zer dago tartean? Oraindik ez dago osatua sekuentzia
guztia.
Tratu
txarrak jasan ditu?
Bai. Berak ez dit esan hau edo bestea egin didate. Baina nik galdetu
egin diot ea zutik eduki duten. Eta baietz erantzun dit. Txorkatilak erabat
handituak ditu eta dakidanez, hotz ikaragarria igaro dute. Gero gauza
asko entzun ditu, garrasiak... Inma Gomila entzun zuen ondoan. Beste gauza
batzuk ez ditu garbi. Zazpi egun inkomunikatuta egon ondoren, denbora
eta gertakizunen haria ez ditu hain garbi oraindik. Eta guk ere ez, dagoen
informazio apurra askotan ez baitator bat.
Badaki
"Egunkaria" itxi dela?
Atzo (otsailaren 28an) komentatu zidan. Nik uste dut Iñaki
Esnaolak esan ziola eguerdian. Ordubete egon ziren kontu-kontari. Eta
atzo esan zidan: "Egunkaria itxi omen dute". Bisitatu nuen lehenengo
egunean barruan zeintzuk zeuden ere galdetu zidan, ez baitzekien. Ahots
batzuk ezagutu zituen, esaterako, Inmarena. Baina beste asko ez zekien
norenak ziren.
Harrituta
egongo da gertatu den guztiarekin, ezta?
Bera haserre dago, inolako errurik izan gabe horrelako pelikulan
atrapatua geratu delako. Indignatuta dago.
Epaileak
zer moduzko tratua eman zion deklaratzeko garaian?
Normala, pentsatzen dut. Gainera, hori ospitalean izan zen. Pellok
ez zidan aparteko ezer esan. Epailea "nahiko korrektoa" iruditu
omen zitzaion..., korrektoa bai, baina barruan utzi zuen.
Madrilen
zinetela, bertakoek zer ikusten zuten. Albistea jarraitzen ari ziren komunikabide
guztiak hemengoak ziren, edo bertakoak ere baziren?
Hasieran, uste dut, denetarik zegoela. Baina gure sentsazioa izan
da bakarrik geundela. Gauza bat da hemen egotea eta bestea han egotea.
Esaten zigutenean hemen sortzen ari ziren mugimenduak, guk ez genuen sinistu
ere egiten. Han ez zen ezertxo ere ikusten. Guk komentatzen genuen gure
artean Madrilen ere egon behar zuela beste sentsibilitate bat zuen jendea,
mugimenduren bat, anti-zerbait... Noski, egongo da, baina hara ez zen
inor inguratu. Han bakarrik zaude. Prentsak ere han modu batera ematen
du informazioa eta ia hobe ez irakurtzea. Hala ere pentsatzen duzu: "ohartuko
dira zerbait gertatzen ari dela, ezta?" Baina inor ez da hurbiltzen
zer gertatu den galdetzera. Desmobilizazio izugarria dago eta nahiz eta
atxilotuek errudun ez direla esan, loturaren bat izango dutela, zerbait
egingo zutela, uste du jendeak. Horrelako iritzia sortzea lortu dute.
Bakardade sentsazioa handia da.
Egia esan, EITBko kazetari gazteek-eta asko lagundu digute. Beraiek zeuzkaten
akreditazioak barrura sartzeko, eta nik bakarrik sartu behar banuen tramiteak
egitera, nirekin batera sartzen ziren eta tramiteak irauten zuen bi edo
hiru orduetan nirekin egoten ziren. Alde horretatik asko lagundu digute,
baina hemengoak ziren. Gero bazeuden hango kamera batzuk hemengo medioetarako
lanean, eta zur eta lur zeuden gertatzen ari zenarekin.
Ospitalean,
Pello inkomunikatuta zegoela, berri baten zain zeundetenean, zer nolako
tratua jaso duzue?
Oso bitxia iruditu zitzaidan medikuak hain itxi ikustea. Dirudienez,
oso gogor zituzten harrapatuta jarrera hori izateko. Ez da normala. Inkomunikazioa
altxatzen denetik beste gertutasun bat nabaritu dut. Familia bati mediku
batek ematen dion tratu normala eman didate ordutik aurrera.
Eta informazioa
eman dizutenean, egun hauetan guztietan nola egon den-edo esan dizute?
Niri ZIUko medikuak eman dit informazioa. Baina berak eman didan
informazioa, Pello bere sailean dagoenetik aurrerako informazio da. Lehenagokoa
da oraindik ez dakiguna
Susmoak
egongo dira inkomunikazioa hainbeste luzatu den azaltzeko, ezta?
Badago sentsazio bat. Egoera bat hain gertu ikusten duzuenean, kezkak
sortzen zaizkizu. Zergatik hain inkomunikazio estua gaixo dagoen pertsona
bati? Gauza asko etortzen zaizkizu burura. Baina hori da oraindik ez dakiguna.
Badirudi oso garbia ez den zerbait dagoela.
Eman al
dizkiote botikak?
Eman dizkiotela uste dut, ez dakidana da zein maiztasunarekin eta
nola dosifikatu dizkioten. Badirudi, ostiraletik badago ospitaleren batean,
eta ez bakarrean. Beraz, poliziarengandik medikazioa jasotzeko egun bakarra
geratzen zaio: osteguna.
Beste
zerbait gaineratu nahi duzu?
Eskandalu handi bat izan da. Nik behintzat susmo hori daukat. Jada
eskandalu bat da nola egin duten dena, eta Pelloren kasuan, eskandalu
exajeratua da.
Bera konturatzen
da horretaz?
Bai. Eta horregatik dago haserre. Batetik, inongo zerikusirik izan
gabe eraman dutelako. Berak paper hauek agertu zirenean, kereila bat jarri
zuen. Orduan garbi adierazi zuen guztia eta geroztik garbi dago bere ibilbidea
zein izan den. Zertara dator hau?
Ospitalean
noiz arte egon behar duen badakizu?
Ez dakigu. Eta haiek ere ez. Printzipioz ondo egon arte. Baina "ondo"
hori, ikusi beharko da haiek nola neurtzen duten.
|