PELLO ZUBIRIAREN EGOERARI BURUZKO ARGIA-REN DEIALDI URGENTEA EUSKAL INSTITUZIO ETA GIZARTEARI
Pello Zubiriaren egoera dela-eta erarik ozenenean salatu nahi dugu bera eta bere familiarekiko izaten ari den jarrera inhumanoa, bere burua zuzenbidezko estatutzat jotzen duenarentzat onartezina.
ARGIAko lagun eta lankideok guztiz kezkatuta jarraitzen dugu Pelloren osasun egoeraz. Gure ustez, medikuen txostenak eskuetan edukita ere, Guardia Zibilak eta Juan del Olmo epaileak ez dute Pello Zubiriaren gaixotasunaren benetako egoera kontuan hartu eta barerekin batere neurririk gabe jokatu dute. Horren ondorioz, Pello Zubiria ospitalean dago, ez dakigu benetan zein egoeratan eta inkomunikaturik. Esan gabe doa zutik ordubete eskas agoantatzeko gai ez den pertsona horrela erabiltzea, gizatasun lege guztietatik kanpo egoteaz gain, bortxa eta zigor inhumano baten adierazgarri besterik ez dela.
Honen guztiaren aurrean, salatu nahi dugu Zubiriaren osasun egoeraz eta azken orduetako gertakizunez izaten ari den intoxikazio kanpaina bortitza, gordina eta lotsagabea. Esan bezala, bere gaixotasunari buruzko medikuen txostenak eskuetan dituzten arren, bere gaitz eta osasunari buruzko era guztietako informazio interesatuak kaleratzen ari dira, eta horietariko asko gezurra eta zikina besterik ez dira. Bere gaixotasunak ez du zerikusirik gaitz mentalekin, ezta urrutitik ere. Behin eta berriro azpimarratu dugun bezala, bere gaitza espondilitis ankilopoietikoa da, giharretako inflamazioa eta hezurretako oinazea baretzeko etengabeko medikazio eta tratamendu berezia behar duena.
Horregatik guztiagatik ARGIAko lagun eta lankideek dei urgente bat luzatzen diegu agintari judizialei Pello Zubiriaren egoera larria konpondu dezaten. Bestetik, Eusko Legebiltzarra eta Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Batzordeei eta Ibarretxe Lehendakariari berari eskatzen diegu egin beharreko bitartekaritza lan guztiak egin ditzatela Pello Zubiriaren inkomunikazio egoera altxatu eta bere familiak ikusi ahal izan dezan.
Azkenik gure elkartasunik beroena luzatu nahi diegu espetxeratuei, bermepean geratu diren pertsonei, guztien familiarrei, Euskaldunon Egunkariari eta egoera antidemokratiko eta interesatu hau jasaten ari diren erakunde eta pertsona guztiei.