1968ko abuztuaren 03an,
Salbuespen egoera ezarri zuten Gipuzkoan, ETAk Meliton Manzanas torturatzaile ezaguna hil eta hurrengo egunean. Honekin, zortzi hilabetez egon ziren gipuzkoarrak oinarrizko eskubideen urratuta, eta langile munduko eta euskal Elizaren inguruko sektoreen aurkako jazarpena areagotu zuten agintari frankistek, ETA garaitu nahian. Ehunka etxetan sartu ziren, eta ehunka atxilotu eta torturatu zituzten. Ez zuten lortu ETA desegitea eta hurrengo urteko urtarrilaren 24ean Espainiako Estatu osora zabaldu zuten salbuespen egoera bi hilabetez.
Honela kontatzen ditu erabaki horren ondorioak Aranzadi Zientzia Elkarteko Javier Bucesek:
"Gipuzkoarrek 8 hilabete eman zituzten jarraian salbuespenezko erregimen horretan. Erregimen horren ezaugarri nagusia errepresio indiskriminatua izan zen, eta egunerokoak izan ziren etxeen miaketak, atxiloketa masiboak, erbesteratzeak eta torturak. Nostalgia errepresiboa edo jazarpen ideologikoaren antzeko zerbait izan zen, zeinaren bidez diktadurako indar polizial eta judizialek "gorri-separatista" edo "euskal-separatista" akusazioak orokortu zituzten berriro ere. Urte batzuk lehenago milaka euskaldun zigortuak zituzten heriotzara, hamarkadetako kartzela zigorrera, bortxazko lanetara edo erbestera. 2018an hainbat diziplinatako profesionalek egindako ikerketa-lanaren bidez, errepresaliatutako 279 pertsona identifikatu zituzten izen-abizenekin, salbuespen-egoera indarrean jarri zenetik. 56 erbesteratu egin zituzten, 107 TOPek auzipetu zituen eta gutxienez 21 gerra-kontseiluetan zigortu zituzten. 79 pertsonak salatu dute 1968an torturak edo tratu txarrak jasan zituztela Gipuzkoan, eta horietako 47 atxilotu zituzten abuztuaren 3aren ondoren.
Errepresio indiskriminatu horrek ez zituen arduradun egiten soilik hura praktikara eramaten zutenak, baizik eta Donostiako La Hoja del lunes egunkariak zioen bezala, "axolagabeak eta amore emana zutenak" edo "erreakzionatzen ez dutenak eta nahiago dutenak etxeko eta kafetegiko epela". Errepresioa pairatutako 279 pertsonetako bat bakarrik lotu zitekeen Manzanasen heriotzarekin. Eta Melitón Manzanasen ordezkoa, José Sainz, ez dirudi hura baino gutxiago izan zenik eta orgia errepresibo horren arduradun nagusietako bat izan zen"
Iturria:
Hainbat egile, 1968: Gipuzkoa en estado de excepción (Aranzadi Zientzia Elkartea).