1883ko martxoaren 14an,
Karl Marx hil zen Londresen, 64 urte zituela. Friedrich Engelsekin batera, gizarte kapitalistaren funtzionamenduaren analisi sakona egiteaz gain, komunismoaren oinarriak finkatu zituen. Historiaren motorra klase-borroka zela ebatziz, langile klasea zapalkuntzarik gabeko munduaren alde borroka egitera deitu zuen: “herrialde guztietako langileak, batu zaitezte” zioten Marx eta Engelsek Alderdi Komunistaren Manifestuan. Marxek ezagutu ez bazuen ere, mundu osoan zabaldu zen bere pentsamendua, bateko eta besteko iraultzak eraginez hurrengo mendean.