1975eko irailaren 27an,
Juan Paredes Manot Txiki eta Anjel Otaegi Etxeberria ETAko kideak exekutatu zituen erregimen frankistak, Eusko Gudariak abesten zuten bitartean.
Agindu judizialik gabe atxilotu zituzten Bartzelonan eta bost egunez errukirik gabe torturatu zituzten. Hiru egun eta erdiz eutsi ostean, azkenean, ETAren atentatu guztien egiletza bere gain hartu zuten.
FRAPeko hiru militanterekin batera – José Humberto Baena, José Luis Sánchez Bravo eta Ramón García Sanz–, gerra kontseilu batean epaitu zituzten.
Bost pertsona hauen bizia salbatzeko Europan oso kanpaina indartsua zabaldu zen, eta Pablo VI aita santutik hasi eta Jean-Paul Sartreraino, pertsona ezagun askok bat egin zuten.
Erregimenak burututako azken heriotza zigorrak izan ziren. Zigortuen bizia salbatzeko Europan oso kanpaina indartsua zabaldu zen, eta Pablo VI aita santutik hasi eta Jean-Paul Sartreraino, pertsona ezagun askok bat egin zuten. Euskal Herrian sekulako kolpea eragin zuen, eta berehala hiru eguneko greba orokorra deitu zuten. Kalera protestan atera zirenen aurka, Poliziaren biolentzia guztiz nabarmena izan zen. Pertsona ugari zauritu zituen Espainiako Poliziak egun hartan, horietako batzuk balaz, Algortan, esaterako, sei pertsona zauritu zituzten tiroka. Bizkaian, Langile Batzorde Abertzaleetako zortzi lagun atxilotu zituen Poliziak beren etxeetan.
Europan istilu gogorrak interes espainiarren aurka
Europan ere mobilizazioekin jarraitu zuten eta ekimen diplomatikoak etengabeak izan ziren pertsona hauen bizitza salbatzen saiatzeko. Oraindik goizaldean, heriotza-zigorrak bete baino ordu batzuk lehenago, Europako zenbait gobernuk zigorrak aldatzeko eskatu zuten, eta azken eskaera goizaldeko 04:00etan Alemaniako Errepublika Federalak Madrilen zuen enbaxadoreak egin zuen. Horrez gain, beren enbaxadoreak kontsultara deitu zituzten ondorengo gobernuek: Norvegia, Herbehereeak, Portugal, Alemania Federala, Ingalaterra eta Alemania Demokratikoa.
Ekimen diplomatiko horietatik aparte, herritarren haserrea agerian geratu zen manifestazio guztietan. Lisboan, Espainiako enbaxadari eraso egin eta su eman zioten; hori dela eta, Espainiak Portugalen zuen enbaxadorea erretiratu zuen. Horrez gain, Lisboa eta Madril batzen zituen trena pintadaz bete zuten Portugalgo hiriburuan, eta bi orduko atzerapenarekin iritsi zen Caceresera, non bidaia jarraitu aurretik bagoiak erabat garbitu zituzten. Parisen, milaka lagunek gaua pasa zuten Espainiako enbaxadaren aurrean, eta heriotzen albistea jakin zenean, enbaxadari eraso egin nahi zioten herritarren aurka bortitz oldartu zen Polizia. Hiriburu horretako beste puntu batzuetan liskarrak izan ziten goizaldean Poliziarekin, eta Espainiako Turismo Bulegoari, Renfeko ordezkaritzari eta Iberiako lokalei eraso egin zieten. Frantziako Estatuan jarraituta, Nimesen alkateak bertan behera utzi zuen zezenketa, Frantzia Hegoaldeko Udal Kontseiluaren ezohiko bileran hartutako erabakiaren ostean. Italiako estatuko telefono enpresak erabaki zuen boikoteatzea Espainiako Estatura zihoazen telefono komunikazio guztiak.
Horrez gain, Frantziako Estatuan manifestazioak egin zituzten ondorengo hirietan: Marseilla, Rouen, Bordele, Nantes, Estrasburgo, Grenoble, Rennes, Limoges, Clermont Ferrand, Toulouse, Narbonne, Pau, Lyon, Carcassonne, Tours, Dijon, Le Havre, Nimes, Niza, Quimper, Lille, Troyes...
Herbehereetan Lehen Ministroa izan zen protesta manifestazio baten buru Amsterdamen. Horrez gain, protestak egin zituzten ondorengo hirietan: Utrecht, Haga, Eindhhover, Zwolle eta Almelon. Belgikan, manifestazio handiena Bruselan egin zuten, eta Poliziak 117 pertsona atxilotu zituen. Londresen enbaxadara protesta martxa egiten zuten, eta beste kasu bat aipatzearren, Italiako Brindisi hirian molotov koktelak jaurti zituzten Espainiako Kontsulatuaren aurka.
Nor ziren Txiki eta Otaegi?
Juan Paredes Manot, Txiki, Zalamea de la Serenan sortu zen 1954an. Zarautzera emigratua 1964an. EGIn sartu zen 1972an eta gero ETAn, 1974ko hasieran. Wilsonekin Kataluniara joan zen. ETA pm Segoviako presoak ateratzeko operazio handi bat prestatzen ari zen eta bankuak lapurtzen hasi ziren Madrilen eta Bartzelonan. Banku lapurreta hauetako batean polizia bat hiltzea egotzi zioten, nahiz eta berak beti ukatu zuen eta torturapean egindako autoinkulpazioa zela salatu. Fusilatu zutenean, bi egunera, 4.000 pertsonaren aurrean hileta elizkizunak egin zizkioten Zarautzen. Istiluetan zaurituak eta atxilotuak izan ziren, Txikiren ama barne.
Angel Otaegi Azpeiti eta Beizama arteko Nuarbe auzoan jaio zen 1942an. Abuztuan Gerra Kontseilua egin zioten 1974ko Gregorio Posada guardia zibilaren heriotza zigortzeko. Bi akusatu ziren, Otaegi bera eta Jose Antonio Garmendia, Tupa, hau gurpildun aulkian, poliziak atxiloketa unean balaz larri zauritua. Lekukoek ez zuten Garmendia identifikatu eta Otaegiren aurkako froga bakarra Tupak bere hatz-markaz sinatu zuen deklarazio harrigarria izan zen. Gehiago dena, zerbait izatekotan, Otaegi laguntzailea baizik ez zen, eta kartzela zigorra aski behar zitzaion, baina Tupa zegoen egoera fisiko tamalgarrian, indultatu egin zuten eta Otaegi fusilatzeko agindu. Gobernuak mendeuko "eredugarria" nahi zuen eta auzitegi militarrek manuak bete zitzuten.
Haien omenez, egun honekin Gudari Eguna ospatzen du ezker abertzaleak.
Azpian Txikik idatzitako azken gutuna.
Iturria:
Emilio Lopez Adan. Borroka armatua Euskadin (1967-2011). Maiatz