Itxialdia hasi zuten Potasas de Navarrako meatzariek

Duela
49
urte

1975eko urtarrilaren 07an,

Itxialdia hasi zuten Potasas de Navarrako meatzariek.

Hilabete lehenagoko greba orokorraren protestaldien oihartzuna oraindik ozen entzuten zen 1975eko urtarrilaren 7an. Egun horretan, Potasas de Navarrako enpresako nagusiek beste 2 hilabetez zigortu zituzten ehunka langile, soldatarik eta enplegurik gabe. Patronalaren jarrera intrantsigenteena erakutsi zuen enpresako zuzendaritzak langileekin. Ez zen harritzekoa, Gobernua bera baitzegoen atzean. Potasas Nafarroako enpresa handiena zen, ia 2.000 langile aritzen ziren bertan eta Estatua zen jabe, Instituto Nacional de Industriaren bidez.

Zigorra jaso bezain laster langile ugarik Undianoko mehatzeetara jo zuten zuzenean eta bi aldiz pentsatu gabe barrura sartu ziren, Euskal Herrian izan den itxialdi sonatuenetako bati hasiera emanez.

ORT (Organización Revolucionaria de Trabajadores) alderdi maoistak egutegi moduko bat argitaratu zuen, itxialdiak iraun zuen 15 egunetan mehatze barruan bizitakoa langile batzordeetako kide baten ahotan jarriaz: “Sartu ditugu gurdietan ahal dugun janari guztia eta eskura ditugun lanparak; eta Guardia Zibila berriz pasatu denerako 47 meatzari boluntariook ibilbideari ekin diogu arranpan behera. Horrela hasi da gure itxialdia, kementsu. Sentsazioa daukagu sekulako garrantzia izango duela, ez gaude prest hain erraz amore emateko, patronalak nahiko lukeen bezala”.

Mehatze barrunbeetan langileek jasandako presioa izugarria izan zen, argi mozketak, guardia zibilen oihuak, gosea, hotza, sukarra... eta batez ere, kanpoan gertatzen ari zenaren berririk ez izatea: “Estutzen gaitu pentsatzeak agian kanpoan errutinara itzuli direla, hainbeste fabrika daude greban! Eta gurea beste bat baino ez da...”. Kanpoan baina, kristorena ari zen sortzen. Hilaren 15ean Nafarroa osoa gelditu zuen greba orokorra egin zen itxitako langileen elkartasunez. Iruñean protestaldiak izan ziren eta herritar ugari saiatu ziren mehatze-putzua zegoen tokira iristen. Ramon Agesta ELAko militante historikoak gordetzen zituen paperetan, sindikatuaren agiri bat dago gertaera haien berri emanez: “Zizurren bildu ginen atzo, urtarrilaren 14an, 8.000 langile, eta handik Undianoko mehatze aldera abiatu ginen. (...) Gure kontra eraso dute, metraileta-andana batzuk bota, negar-bonbak leherrarazi eta gomazko balak jaurti”.

Meatzariak hilaren 21ean atera ziren zulotik euren borondatez. Kaleratuak izan ziren, eta epaituak. Baina epaiketa hartan hausturazko defentsa egin zuten abokatuek, Potasas enpresa izan zen auzitan jarri zutena, eta hein batean Estatua bera ere.

Jose Luis Diaz Monreal gazterik hasi zen Potasasen lanean eta urte haietan jazotakoa ikertu du. UEUrentzako egindako elkarrizketa batean kontatu du berak bizitakoa: “1974tik aurrera sekulako lan-gatazka sortzen da Nafarroan, baina azken helburua zen erregimena bota eta askatasun demokratikoak lortzea. Meatzarien itxialdiak iraun zuen bitartean gutxienez 15.000 langile izaten ziren egunero kalean, mundu mailako egunkarietan azaldu ginen eta ministroen kontseiluetan Nafarroako kasuaz hitz egiten zuten denbora osoan. Elkartasun zedarria izan zen. (...) Gogoratzen dut 1968ko greba batean CCOOren panfleto batzuk azaldu zirela lehen aldiz ‘elkartasunera’ deituz; Potasasen ordubeteko paroa egin genuen. Hortik aurrera elkartasuna izugarri zabaldu zen: 1970ean Granadako eraikuntzako greban hildakoekiko, 1972ko Ferrolgoekiko eta baita 1976an Gasteizko gertaerak izan zirenean ere”. Datu batek laburbiltzen du Diazek arestian azaldutakoa: 1971n elkartasunezko 5 greba baino ez ziren izan Nafarroan, 1975ean berriz 125.

Iturria:

Urko Apaolaza, 1975 urtea, hiltamuaren kronika (ARGIA, 2015eko apirileko Larrun)

Urte hau historian: < >
Berrienetik Zaharrenetik

Hilabete honetako urteurrenak:
|
Berrienetik Zaharrenetik

Duela
100
urte