Gregorio Posada guardia zibil torturatzailea hil zuen ETAk Azpeitian

Duela
50
urte

1974ko apirilaren 03an,

Gregorio Posada guardia zibil torturatzailea hil zuen ETAk Azpeitian.

Azpeitiko Informazio Zerbitzuen burua zen Posada, eta herriko gazteak kontrolpean zeuzkan.

Autoan zihoala, bi kidek metrailetekin tirokatu zuten aurrean jarrita eta ekintza bere gain hartzeko komunikatuan, ETAk baieztatu zuen Posadak jende ugari pertsonalki torturatu zuela.

Hilketa hura egotzita, Jose Antonio Garmendia Tupa eta Angel Otaegi heriotzara zigortu zituzten, baina Tupari azkenean espetxe zigorra jarri zioten, atxiloketan jasandako buruko zauri larri baten ondorioz.

Frankismoaren azken urteak ziren, eta Txiki eta FRAPeko beste hiru kiderekin batera fusilatu zuten Otaegi 1975eko irailaren 27an.

Ondorengoa Emilio Lopez Adanek Borroka armatua Euskadin (1967-2011) liburutik:

Nor zen Posada?

«ETAk Azpeitian egin beharreko lehenengo ekintza zehaztu zuen: Gregorio Posadas (sic) Zurron, Guardia Zibilaren lehenengo mailako kaboa, Azpeitiko Informazio Zerbitzuetako burua hiltzen saiatzea. Gregorio Posadas Zurron 1962an hasi zen Guardia Zibilarekin lanean. 1968an, Donostiako Komandantziara bidali zuten, eta han Azpeitiko Informazio Zerbitzuen ardura hartu zuen. Oso ezaguna zen Azpeitian. Jende denak ezagutzen zuen. Eta hark ere herria oso ondo ezagutzen zuen; Azpeitiko jendea oso-oso kontrolatuta zeukan. Posadasek informazio asko baitzeukan; herriko zein gazte egon zitekeen ETAren inguruan, zein zen abertzalea eta zein ez, herriko jendearen inguruko gertaerak... Denetik zekien Posadasek, orduko azpeitiarrek diotenez, nahiz eta hark inolako frogarik ez omen zuen. Orduan Azpeitian 2.000 gazte bazeuden, Posadasek 2.000 horiek ia banan-banan ezagutzen zituen. Hori zelako bere lana; abertzaleen mugimendua ahalik eta gehien kontrolatzea. Herri osoa ezagutzen zuen. Beti bakarrik ibiltzen zen herrian, beste pare bat guardia zibilekin. Eta ezagutu zuen jendeak dioenez, oso "zinikoa" zen, "Oso gaiztoa eta maltzurra". Jendea beldurtzea eta presionatzea gogoko zuen. Eta horretan jarduten zuen. ETAk Urola bailara aldean lehenengo ekintza gogorra egitea erabaki zuenean, Posadas hiltzea erabaki zuen. Hasiera batean beste norbait hiltzea ere pentsatu zuen erakundeak, herriko baten bat ere bai. Baina ETAko azpeitiar jendeak ez zuen halakorik onartu. Horregatik, ETAk Posadas aukeratu zuen».

ETAk bere gain hartu zuen atentatua:

Posadak militante batzuk pertsonalki torturatu zituela baieztatu zuen Erakunde armatuak.

Auzitegietan:

Akusazioaren arabera, egileak Jose Antonio Garmendia Artola, Tupa, eta Javier Aia Zulaika, Trepa izan ziren. Azpeitiko biztanle batek, Angel Otaegi Etxebarriak, eman zien informazioa. Eta Felix Egia Intxaurraga, Papik, lagundu zien ihes egiteko. Burgosen, 1975eko agorrilean Gerla Kontseilu batek bi heriotza-epai eman zituen Tupa eta Otaegiren aurka. Tupari, buruan larriki zauritua atxiloketan –1974ko agorrilean– eta ondorio txar anitzen pean, bere abokatuak ez zion deus galdetu, ezintasun hori zela eta; 30 urte presondegian trukatu zioten heriotza zigorra. Otaegik doi-doi onartu zuen propaganda orriak zabaltzen zituela eta guardia zibilei buruz informazioa eman zuela, atentatuan parte hartu gabe. Irailaren 27an fusilatu zuten.

Omen, etsenplu emateko baziren manuak, epai hartatik fusilatzeko bat atera behar zela, eta, Tuparen egoera fisikoa ikusirik, Otaegiri suertatu zitzaion. Auzian, zigortzeko borondatea lotsagabekoa zen, Carlos Granados fiskal militarraren hitzek erakusten duten bezala. "A los separatistas habría que recluirlos en una isla desértica y volcánica, para que allí, como perros rabiosos, se desgarren los miembros arañando la roca en busca de un alimento al que no tienen derecho por su ingratitud con la madre patria".

Iturria:

Emilio Lopez Adan, Borroka armatua Euskadin (1967-2011). (Maiatz).

Urte hau historian: < >
Berrienetik Zaharrenetik

Hilabete honetako urteurrenak:
|
Berrienetik Zaharrenetik

Duela
105
urte