1930ko martxoaren 12an,
Gatzaren Martxa abiatu zuten Indian, Mahatma Gandhi buru zuela. Ia 300 kilometro egin ostean, apirilaren 6an amaitu zen. Desobedientzia zibil ariketa erraldoia izan zen eta milaka indiarrek hartu zuten parte. Gatzaren monopolioa britainiarrei bermatzen zien legearen aurka egitea zen lehen helburua, eta Gandhik denen aurrean itsasoko ura lurrunduz gatza produzitu zuenean legea hautsi eta desobedientzia zibil masiboa eragin zuen, milioika indiar hasi baitzen gauza bera egiten. Britainiarrek 60.000 lagun atxilotu zituzten martxan zehar. Protesta garrantzitsua izan zen herrialdearen independentziaren bidean.
Iturria:
Wikipedia – Gatzaren martxa