1956ko uztailaren 26an,
Gamal Adbel Nasser Egiptoko presidenteak Suezko Kanala nazionalizatu zuen, Mediterraneo itsasoa Itsaso gorriarekin lotzen duen gune estrategikoa. Egiptoarrek eta oro har arabiarrek pozez hartu zuten erabaki burujabe hura, baina aldi berean, desafioa ere bazen ordura arte kanalaren kontrola izan zuten britainiar eta frantsesentzat. 1869an ireki zenetik hauen eskuetan egona zen.
Alejandrian eman zuen hitzaldi batean, Nasserrek berariaz aipatu zuen Ferdinand de Lesseps frantziarraren izena, ustez kanalaren sustatzaile nagusia. Izen horrekin militar egipziarrei kodean esan zien kanalaren kontrola hartzeko eta hau nazionalizatzen zuela. De Lesseps-en estatua eraitsiko zuten egun gutxira.
Suezko kanala 1859 eta 1869 urteen artean eraiki zuten, eta munduko ingeniaritza lanen artean nabarmentzen da. De Lesseps Frantziako heroi nazionaletako bat da. Kanala 1,5 milioi langilek eraiki zuten, asko inolako ordainik jaso gabe behartuta eta oso baldintza txarretan bizitzen. Alexandriako Liburutegiko erregistroek erakusten dute disenteria, baztanga, tuberkulosia, hepatitisa eta kolera gaixotasun arruntak zirela langile hauen artean, “eta azken hau hain zen hilgarria 1865ean, ez zela gorpuak eramateko gizon nahikorik geratu”.
Egiptoko historialarien arabera, 100.000 pertsona inguru hil ziren hamar urteko lan hau egin bitartean.
Kanalaren nazionalizazioak Ekialde Hurbileko bizitza politikoan eragin zuzena izan zuen eta urrian britainiar, frantziar eta israeldarrek Egiptori eraso egin zioten.