1934ko irailaren 09an,
Falangista bat eta sozialista bat hil zituzten Donostian, atentatu banatan. Bi egun lehenago Ondarreta hondartzan borrokaldi handiak izan ziren falangisten eta sozialisten artean. Gipuzkoan ehun kide eskas baino ez izan arren, istilu ugari eragin zituen alderdi ultraeskuindarrak. Hala, Falangearen Gipuzkoako buru eta hiriko Ostalaritza elkarteko presidente Manuel Carrión Damboreneari tiroka hil zuten langile batzuek Prim kalean.
Ilunabar hartan, mendeku gisa, falangistek Manuel Andrés Casaus sozialista hil zuten Peña y Goñi kalean, Acción Republicanako politikari eta La Prensa egunkariko zuzendaria zena –inprentara bidali berri zuen Carriónen heriotza kritikatu zuen artikulua–. Milaka lagun atera ziren kalera bigarren hilketa hau salatzera. 1934ko Urriko Iraultza iristear zen, eta tentsio-giroa pil-pilean zen.