'Euskaldunon Egunkaria' itxi eta arduradunak torturatu zituen Guardia Zibilak

Duela
22
urte

2003ko otsailaren 20an,

Euskaldunon Egunkaria itxi zuen indarrez Espainiako Guardia Zibilak. Euskaraz argitaratzen zen egunkari nazional bakarra, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz zigilatu zuten.

Aspaldiko urteetan Madrilgo komunikabideek euskararen erakunde guztien aurka eginiko eraso mediatiko luzearen emaitza izan zen. Espainiako Entzutegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen aginduz, Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria, ARGIA eta Jakin aldizkariko egoitzak eta Ikastolek Elkarteko Donostiako bulegoak miatu zituen. Euskaldunon Egunkaria itxi, prezintatu eta hamar arduradun atxilotu zituen: Martxelo Otamendi (Egunkariaren zuzendaria), Iñaki Uria (Egunkariako kontseilari ordezkaria), Joan Mari Torrealdai (Egunkariako Administrazio Kontseiluko lehendakaria eta Jakin aldizkariaren zuzendaria), Txema Auzmendi (Egunkariako Administrazio Kontseiluko kidea eta Herri Irratiaren zuzendariordea), Pello Zubiria (ARGIAko zuzendariaren albokoa eta Egunkariako lehen zuzendaria), Xabier Oleaga (Ikastolen Elkartea-Partaideko langilea eta Egunkariaren zuzendari ohia), Fermin Lazkano (Plazaguneko kudeatzailea eta Egunkariako gerente ohia), Inma Gomila (Egunkariako gerente ohia), Luis Goya (zinema ekoizlea eta Egunkaria Sortzen-en bultzatzailea) eta Xabier Alegria (Udalbiltzako Batzorde Eragileko kidea).

Bost egun egin zituzten inkomunikatuta eta torturatuak izan ziren, gerora salatu zutenez. Acebes Barne ministroak esan zuen euskararen aldeko operazioa zela. Hurrengo egunean, Egunero ateratzea lortu zuten langileek, eta bi egunera, Donostian inoiz egin den manifestaziorik jendetsuena egin zen itxieraren aurka. 

Urte bereko udazkenean, 2003ko urriaren 16an, Egunkaria-ren enpresa-taldearen kontrako beste operazio bat egin zuen Guardia Zibilak. Epaile berak eman zuen agindua. Zortzi pertsona atxilotu zituzten orduan: Angel Diez, Armando Hernandez, Joanmari Larrarte, Joxe Mari Sors, Mikel Arrizabalaga, Mikel Azkune, Mikel Sorozabal eta Xabier Legarra. Lau egun beranduago, Egunkaria-ren enpresa taldeko abokatu Eneko Etxeberria atxilotu eta inkomunikatu zuten. Urriaren 21erako aske geratu ziren denak.

2010ean absoluzio epaia iritsi zen, eta 2014an auzi ekonomikoa itxi zen.

Urte hau historian: < >
Berrienetik Zaharrenetik

Hilabete honetako urteurrenak:
|
Berrienetik Zaharrenetik

Duela
60
urte