1938ko maiatzaren 22an,
Europako ihesaldirik handienetakoa gertatu zen Iruñean, Ezkabako presondegitik 795 presok ihes egin baitzuten. Guardiak desarmatu eta presondegia kontrolatzea lortu zuten. Hiruk muga zeharkatzea lortu zuten, baina ihes egindakoen ehizan 200 inguru hil zituzten, beste hainbat epaitu eta exekutatu, eta gainerakoak preso sartu zituzten berriro.
Ondorengoa Miguel Sanchez-Ostizen 'El Escarmiento' liburutik: 1938an, 2.500 bat pertsona zeuden espetxeratuta, gehienak agintari politiko eta sindikalak, militar errepublikanoak, gudariak eta milizianoak, nahiz eta preso sozialak ere bazeuden. Pertsona bakoitza, historia bat.
1934tik gauza jakina zen bertako presoen bizi baldintzak negargarriak zirela. Tratu txarrak, gosea...
1937 eta 1945 bitartean, 300 preso baino gehiago hil ziren bizi baldintzen eta gaixotasunen ondorioz.
Ihesa 1938ko maiatzaren 22an izan zen, igandea, 20:00etan. Preso batzuek hasi ziren, eta harrigarriki denbora gutxian guardia guztiak kontrolatzea lortu zuten, barrukoak eta kanpoan eta garitetan zeuden 90 guardiak. Igandea zenez espetxeko agintari batzuk kanpoan zeudela zekiten.
Ordu erdian gotorlekua presoen kontrolpera igaro zen eta ehunka preso korrika ezagutzen ez zituzten bideetatik ihes atera ziren. Batzuk iparraldera, beste batzuk Iruñera, batzuk hegoaldera. Hildako bakarra egon zen: erresistitu zen guardia bat kolpeka hil zuten zurmailu batekin.
Ihesaren antolatzaileek preso ziren euskal gudariei bat egiteko gonbidapena gin zieten, baina Sanchez-Ostizek dioenez, hauek ez ihes egitea erabaki zuten.
Nahasmen handiko uneak izan ziren. Preso batzuk kanpora atera ostean, ez ziren ihes egitera ausartu eta itzuli egin ziren. Gerora jakin da "askatu" zituzten preso guztiek ez zekitela ihesa zela.
Presondegira zihoan guardia militar batek ikusi eta Iruñera abisua eman zuen. Berehala antolatu zuten ehiza. Militarrak kamioiekin presondegira eta Ipar Euskal Herriarekin muga bitarteko guarda guztiak abisatu zituzten.
Espetxeko presoek ez zuten erresistentziarik jarri eta kontrola bereganatu zuten militarrek. Goizaldeko 03:30eko kontaketan 1.692 preso zeuden. 795 edo 796 izan ziren ihes egin zutenak.
Egunak argitu zuenean eskala handiko ehiza hasi zen inguruko mendi eta haranetan, eta Iruñeko talde armatu guztiek hartu zuten parte.
Figurarik izugarriena: Angel Alcazar de Velasco falangista eta espioia, 1397ko apirilean Salamancan gertatutako falangisten arteko istiluengatik Ezkabako espetxean zeukaten. Iruñera bere burua entregatzera jaitsi zela esan zuen gerora, baina antolatzaileak salatu zituen.
Ihesari buruzko xehetasunak eman zituen Las Pocholas jatetxean otordu on baten eta zigorra igarotzeko baldintza hobeak hitzartzearen truke. Bere erruz, gero, Ricardo Fernandez Cabal, 28 urteko maisua, fusilatu zuten testigantza faltsuekin.
Ezkabako ihesaldira itzulita, oinetako txarrekin eta gaizki jantzita zihoazen, batere ongi elikatu gabe eta gehienak armatu gabe, guardiei kendutako fusilik ez baitzegoen denentzat.
Historia benetan gogorra da, El Escarmiento liburuko paragrafo bat euskaratuta jarraian:
"Aske zarete!" zen plana eta bakoitza salba zedila ahal zuen moduan. Irteera epikoa izan zen, hiru erren beren kideen besoetan atera ziren adibidez. Batzuek Iruñera heldu ziren eta garaje batean agertu ziren, beren herrira, Leonera itzultzeko autobus bat alokatu nahian, beste batzuek Iparraldeko Geltokian agertu ziren, beren etxera itzultzeko bidai bila, guda amaitu zela eta askatu egin zituztela pentsatuz".
Ehizan parte hartu zuten: militarrek, poliziek, eta gerra hasi zenetik herrietan antolatutako bolondresen miliziek. Ez da baztertu behar milizietan, espontaneoez gain, errebantxa asmoz sartu zen jendea aurkitzea, senideak frontean galdu izanagatik edo bestelako arrazoiengatik.
Egun gutxian "untxiak bezala" ehizatu zituzten. Erresistentziarik gabe, presoak martxan zihoazela fusilatu zituzten. Batzuek urkatu egin zituzten. Suizidioak ere izan ziren. Ihesaren hurrengo egunean 259 jada atxilotuta zeuzkaten, eta hurrengo egunean 445.
Pixkana aurkitu zituzten Iruñetik urrunen edo ongien ezkutatuta zeudenak. Azkena abuztuaren 14an harrapatu zuten, ia hiru hilabete beranduago, Ezkabarte mendian, Ezkabatik gertu. Kobazulo batean egon zen ezkutatua eta belarrak eta barraskiloak janez elikatu zen. Denbora tarte horretan tiroak entzun behar izan zituen, haran horretan asko hil baitzituzten. Presondegira eraman zutenean 'Tarzan' izenordea jarri omen zioten, horrenbeste denbora irauteagatik mendian.
Ihes egin zuten 796tik soilik hiruk lortu zuten Ipar Euskal Herrira heltzea. 585 atxilotu zituzten eta 187 hil, zeintzuei identifikatu gabeko beste 24 hildako gehitu behar zaizkien. Hauen artean egon litezke frankisten errepresiotik ihesean mendian ezkutuan zirenak. Salas Larrazabal frankistaren propaganda gezurtiak esan zuen hildako presoak enfrentamenduetan hil zirela, baina gezurra da, ez baitzen frankista bakar bat ere hil egun haietan operazio hartan.
Harrapatutako hamasei pertsonari buruzagiak izatea egotzita pertsona epaiketa sumarisimoa egin zieten. Bat Iruñeko eroetxean sartu zuten eta beste hamalau gazteluaren bueltan fusilatu zituzten.
Hauek dira fusilatuen izen abizenak:
- Gerardo Aguado Gomez
- Teodoro Aguado Gomez
- Bautista Alvarez Blanco
- Calixto Carbonero Nieto
- Antonio Casas Mateo
- Daniel Elorza Ormaechea
- Antonio Escudero Alconero
- Ricardo Fernandez Cabal
- Francisco Herrero Casado
- Francisco Hervás Salome
- Primitivo Miguel Frechilla
- Miguel Nieto Gallego
- Rafael Pérez García
- Baltasar Rabanillo Rodríguez
Beraien aurka deklaratu zuten bi preso, Bilboko epaile ohiak "ihesean gertatuaz Madagaskarreko zainzurien landaketaz adina zekitenak", baina Iruñera egindako bidaia baliatu zutena beren familiekin egoteko, ez zekitenaz testigantza ematearen truke. Hori jaso zuen ihesari buruz informatu zuen, eta Sanchez Ostizek iturri gisa darabilen Concarneau gisa sinatzen zuen kazetari baten kronikak.
Ez da ahaztu behar, Ezkabako presoei, biziraungo bazuten, emakumez osatutako sare batek lagundu ziela. Urko Apaolaza lankideak erreportaje sakona egin zuen gaiaz.
Euskara grezieraz mozorrotuta
Ezkaban "greziera irakasteko" liburu bat idatzi zuten. Orain gutxi deskubritu dute enigma. Liburu zifratua da, euskara ikasteko eta beren egunerokoa kontatu zuten espetxezainek jakin gabe.
'Tratado de Gramática Griega' du izena 200 orriko liburuak, baina "letra grekoz idatzita dauden hitz eta esaldi guztiak irakurrita, euskara entzuten da". Karlos Almorza egiptologoak askatu du korapiloa. Berrian Andoni Imaz kazetariak elkarrizketa egin zion.
Ihesaldia herri kulturan
Balerdi Balerdi taldeak Ezkabapean kantu egin zuen
Barrikada taldeak 22 de Mayo kantuan jaso zituen gertaerak.