1979ko maiatzaren 11n,
Bizkaiko portuko langileek uko egin zioten Lemoizko zentralerako ziren materialak deskargatzeari. Langileen Asanbladak erabaki zuen Covadonga ontziari boikota egitea. Piezen artean, ETAren atentatu batean kaltetutako erreaktorearen zatia zegoen. Beste pieza batek 41 tona pisatzen zituen, eta langileen boikotaren ondorioz ezin izan zuten deskargatu. Bordelera eraman zuten, baina han ere, euskal langileekiko elkartasuna adieraziz, boikota egin zioten. Azkenean, ontziz aldatu eta Santanderrera eraman zuten.