2007ko otsailaren 04an,
Bilboko Alde Zaharreko Esperantza frontoian agertu ziren Jarrai, Haika edo Segi gazte mugimenduetakoak izateagatik Espainiako Poliziak atxilotu nahi baina ihes eginak zeuden 18 gazte. Ertzaintzak era publikoan atxilotu behar izan zituen gazte hauek.
Bi aste lehenago Espainiako Auzitegi Gorenak “talde terrorista” zirela erabaki eta 23 gazteri seina urteko espetxe zigorra jarri zien. Atxilotzeko agindu eta lau harrapatu zituzten, baina askok ezkutatzea lortu zuten.
Egun hartan, gazte mugimenduak Bilboko Arriaga inguruan deitua zuen elkarretaratzea debekatu zuen Auzitegi Nazionalak. Deialdiari eutsi eta eguerdirako mila lagunetik gora Zazpikaleetan bildu ziren, ahoz aho Esperantza kaleko frontoira jotzeko zabaldu zen arte.
Bertan agertu ziren epaiak zigortutako 18 gazte, “Ireki aukerak independentziari, euskal gazteria aurrera!” pankartaren atzean, eta 1.200 pertsonaren babesarekin. Agerraldi politikoarekin erantzun zioten epai politikoari.