1975eko irailaren 30ean,
Bigarren greba eguna izan zen Hego Euskal Herrian, aurreko egunekoa baino indartsuagoa. Bizkaia eta Gipuzkoan erabatekoa izan zen grebaren jarraipena, eta Araba eta Nafarroan igo egin zen eragina aurreko egunarekin konparatuta.
Manifestazioek ez zuten etenik izan eta arreta-gune nagusia Donostian zegoen, bertan baitziren egitekoak hileta elizkizunak. Hasi baino minutu gutxi batzuk lehenago, ordea, Espainiako Poliziak Eliza inguratu eta ekitaldia galarazi zuen –irrati bidez Gobernu Zibilaren komunikazioak entzuten ziren bitartean, non adierazi zuten gotzaina atxilotuko zutela jendea hiletara erakartzen bazuen–. Donostiako erdigune osoa, Bulebarretik Amarara, manifestazioz josita zegoen eta hiria borroka-leku bilakatu zen, Espainiako Poliziak hamabi aldiz kargatu ostean. Protestara 40.000 lagun atera zirela aipatu izan dute zenbait iturrik eta 9 urteko haur bat zauritu zen Londres Hotel inguruan, bala batekin botatako erlaitzak kolpatuta.
Europan: Frantziako Barne ministro Michel Poniatowskik ohartarazi zuen tentsio giroak jarraituz gero, manifestazio guztiak debekatuko zituztela. Flandrian, Anberesko portuko langileek 48 orduko boikota abiatu zuten Espainiako ontzien aurka. Sindikatu Askeen Nazioarteko Konfederazioak (CIOSL) Espainiaren aurkako boikot eta protesta eguna deitu zuen urriaren 2rako.
Austriak bere Madrilgo enbaxadoreari dei egin zion; AEBn, Boston hirian Iberiaren bulego baten aurka atentatua egin zuten Turkian Ankarako alkateak Espainiako enbaxadari eten egin zizkion ura eta elektrizitatea astebetez.
Iturria:
Hainbat egile, Euskadi eta Askatasuna – Euskal Herria y la Libertad, IV. Liburukia, 1974-1976. Milis y polimilis (Txalaparta).