'Aitzol' idazle, euskaltzale eta elizgizon abertzalea fusilatu zuten frankistek

Duela
89
urte

1936ko urriaren 17an,

Jose Ariztimuño Aitzol idazle, euskaltzale eta elizgizon abertzalea fusilatu zuten frankistek. Tolosan jaioa, 30eko hamarkadan bereziki oso aktiboa izan zen euskalgintzan eta Euskal Pizkundean, euskara eta euskal kultura bultzatzen. ELA sindikatuaren sorreran parte hartu zuen.

Aitzol (zutik) eta bertsolariak Tolosan, estatu kolpea baino bederatzi hilabete lehenago.

Behin frankisten estatu kolpearen ostean, Ipar Euskal Herrira egin behar izan zuen ihes. Hendaian bizi ondoren, Belokeko beneditarren monasterioan hartu zuen ostatu, eta ia hilabete eman zuen bertan. Apaizak egunkarietan idazten jarraitu zuen, eta Ipar Euskal Herrira iristen ziren errefuxiatuei ostatua edo lana aurkitzen lagundu zien. Jarduera haiek arazoak ekarri zizkioten apaizari, Belokeko arduradunek aitortu baitzioten beldur zirela frankistek Lazkaoko beneditarrei eraso egingo ote zieten, bera ordena bereko abadetxe batean zegoela aitzakiatzat hartuta. Ariztimuñok alde egitea erabaki zuen eta urriaren 15ean Ziburun azken meza eman ondoren, Galerna bakailao-ontzian sartu zen Bilbo aldera. Lau bou frankista Galernaren jabe egin eta Pasaian porturatu zuten.

Prentsa faxista eskifaia eta bidaiari presoez trufatu zen, erreketeen balentria laudatzen zuen bitartean. Gaur badakigu ontzi errepublikarra traizio baten amarrupean erori zela, eta egunkarietako lerro-buruak zorigaitza iragartzen ari zirela. El Diario Vascok, adibidez, euskaltzale tolosar hau iraintzeko baliatu zuen aukera. "Astapotro", "maltzur" eta "apaiz separatista" gisa deskribatu zuten bere atxiloketaren berri eman zuen albistean.

Barkuko eskifaia Iruñeko Ezkabako espetxera eraman zuten eta Donostiako Ondarreta espetxera bidaiariak. Bertan torturatu egin zuten eta Hernaniko hilerrian fusilatu zuten.

Aitzol (ezkerrean bigarren lerroan lehena), zenbait lagunekin, horien artean Jose Antonio Agirre lehendakaria (aurrean eskuinean) Sabino Arana Fundazioa

Iturria:

Mikel Aizpuru Aitzol, un dinamizador de la nación vasca (Deia, 2011ko urriak 15)

Urte hau historian: < >
Berrienetik Zaharrenetik

Hilabete honetako urteurrenak:
|
Berrienetik Zaharrenetik

Duela
20
urte