1969ko uztailaren 20an,
AEBen Apollo 11 espazio-ontzia ilargira iritsi zen. Yuri Gagarinen lorpena bezalako albisteek mundua harritzen zuten garaian, Kennedy AEBetako presidenteak “errusiarrei irabazi” nahi zien, espedizioen erabilera zientifikoa edo kosteei erreparatu gabe. Hala, hamarkada batean ilargira heltzeko programa abian jartzea erabaki zuten eta publikoki hala adierazi zuten.
Kennedy presidentea hil zutenean, presidente ohiaren memorian egin beharreko zerbait bezala geratu zen ilargira iritsi beharra AEBetan, nahiz eta Vietnamgo gudarekin batera, herrialdeko pobreziari aurre egiteko izugarrizko baliabide ekonomikoak kentzen zizkion.
Azkenean, Neil Amstrongen erretorikarekin apainduta aurkeztu zuten “gizateriarentzat pauso erraldoia”. Hala ere, helburu bakarra propagandistikoa zen, ordurako, espaziotik ikuskaritza zientifikoa egiteko tresna hobeak ziren pertsonarik gabeko ibilgailuak.
Iturria:
Josep Fontana, Por el bien del imperio (Editorial Pasado y Presente).