Abel Tasman holandar esploratzailea, gerora Tasmania izendatuko zuten uhartera iritsi zen, aborigenen zoritxarrerako

Duela
382
urte

1642ko azaroaren 24an,

Abel Tasman holandar esploratzailea, gerora Tasmania izendatuko zuten uhartera iritsi zen, bertara iritsi zen lehen europarra. Laster, holandar kolonoen asentamenduek bertakoen bizi ohituretan eragina izan zuten, eta tentsioak goia jo zuen.

Nagore Irazustabarrenak ARGIAko erreportaje batean jaso zuenez, holandarren ondoren, frantsesak eta britainiarrak iritsi ziren uhartera, eta bertakoak esklabo egiten hasi ziren. 1803an britainiarrek presondegi kolonia bat ezarri zuten bertan eta, kondenatuez gain, lur eremuak lortzeko eskrupulurik ez zuten kolonoak iristen hasi ziren. Kolonoek ez zituzten aborijenen ehiza eremuak errespetatzen eta liskarrak berehala piztu ziren armada britainiarraren babesa zuten iritsi berrien eta beren burua defendatzeko ezer gutxi zuten tasmaniarren artean. Europarrek egindako hilketa, bortxaketa, bahiketa eta bestelako gehiegikeriek ez zuten zigorrik. Eta, hala ere, tasmaniarrak beren burua defendatzen ahalegindu ziren, suzko armen kontra harriek eta lantzek inolako aukerarik izan ez arren.

1826an, Colonial Times and Tasmanian Advertiser astekariek autodefentsa erabili zuen aitzakiatzat kolonoen jarrera zuritzeko: “Ez gaude hemen lan filantropikoa egiteko. Autodefentsa naturaren lehen legea da. Gobernuak bertakoak kanporatzen ez baditu, basapiztiak bailiran ehizatuko ditugu”.

Gobernu britainiarrak tasmaniarrak beste uharte batera aldatzea pentsatu zuen, baina azkenean aldizkariaren iradokizunak irtenbide azkarragoa ekarriko zuela erabaki zuen. Hala, 1828an aborijenen ehiza baimendu zuten. Baimendu eta akuilatu, ehizaki bakoitzak ordainsaria baitzuen: helduak bost libratan ordaintzen ziren; haurrak, bitan. 1803an 5.000 aborijen inguru bizi ziren irlan; 1830ean 200 bat geratzen ziren.

1860an azken gizonezko tasmaniarra hil zen. Royal Society of Tasmania elkarteko kide George Stokellek gorpua larrutzeko agindua eman zuen, oroigarri gisa larruarekin zorro bat egiteko. Azken emakume tasmaniarra, Truganini, 1876an hil zen. 234 urtean, genozidioa burutua zen.

Urte hau historian: < >
Berrienetik Zaharrenetik

Hilabete honetako urteurrenak:
|
Berrienetik Zaharrenetik

Duela
25
urte