1804ko abuztuaren 18an,
Abandoko herritarrak batu zitzaizkien begoñarrei Zamakolada deituriko matxinadan. Bizkaiko armategitik fusilak hartu eta 200 bat lagunek Bilbora jo eta diputazioko hainbat kide giltzapetu zituzten. Simon Bernardo Zamakola politikariak proposatuta, Gernikako batzarrek onartu berri zuten Bizkaian ezartzea soldaduska, Espainiako armadara joateko. Horren trukean, Espainiako erregeak Bilbon portua eraikitzea onartu zuen. Matxinada inguruko herrietara zabaldu zen eta Batzar Nagusi berriak bil zitezela eskatu zuten erabakia atzera botatzeko. Irailaren 21 arte luzatu zen matxinada –Zamakola Nafarroan ezkutatu zen–, Espainiako gudarostea bidali zuten Bilbora protesta zapaltzera. Hurrengo urtean 384 bizkaitar zigortu zituzten epaitegiek: isun ekonomikoak, herbestea, espetxea eta Espainiako armadara nahitaez joatea izan ziren kondenak.
Iturria: