Etorkizunerako ateak ireki nahian

argia
0
Ezkerretik eskuinera, Lander Gonzalez, Eneko Imaz eta Unai Lomana, ARGIAn praktiketan ari den hirukotea. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Hiru lagun. Hiru ikasketa. Hiru praktikaldi. ARGIAko erredakzioan egin dut topo Eneko, Unai eta Landerrekin. Kazetaritza eta maketazio-diseinuan praktikak egiten ari dira, bakoitza bere arloan, eta galdera batzuk egitera gerturatu naiz, ohikoa dugun moduan irakurleari sinadura berriak aurkezteko. Oso ibilbide desberdinak eginda iritsi dira Lasarte-Oriara eta polita izan da elkarrizketa.
Diseinu grafikoko goi mailako ikasketak eginda, Lander Gonzalezi ARGIAn praktikak egitea “egokitu” zaio. Egokitu, diot, halaxe aitortu digulako berak; baina zein ederra den entzutea, aurretik akaso ARGIAn interes berezirik izango ez zuen norbaiti: “Nik ez nituen praktikak aukeratu, baina ikusita ze giro dagoen, nola lan egiten den eta zer egiten den, zalantzarik gabe aukeratuko nuke ARGIAn lan egitea”. Diseinatzaile lanetan ari da Gonzalez eta “interesgarri” zaio aldizkari baten prozesu osoa nola egin eta maketatzen den ezagutzea.

Eneko Imaz Galparsorok, kontrara, Kazetaritzako graduan sartu zenetik, azpimarratu digu, “banekien ARGIAn praktikak egin nahi nituela; asko jarraitzen dudan hedabidea da, ezagunak ere baditut lehenago bertan arituak eta denek animatu naute”.

Unibertsitateko ikasketetan hasi aurretik ere bere aldetik idazten zuela esan digu eta “azken aldian nazioarteari begira” dagoela, interesa pizten dion gaia dela geopolitika eta “gustura” dagoela, beste gai askoren artean ARGIAn ematen diotelako nazioarteaz idazteko aukera. Lehenago Berria egunkarian ere praktiketan aritua, datorren urtean ikasketak bukatuta “lan mundura jauzi egiteko prestatzen” ari dela azaldu du.

Zientzia politikoetako eta kudeaketa publikoko graduko ikaslea da Unai Lomana Uribezubia eta lehen aldiz murgildu da kazetaritzan. “Ez nekien zer topatuko nuen erredakzioan eta sentsazio ona jaso dut, lan-giro ona, talde txikia, gertukoa… Asko erakartzen nau, gainera, botere egituretatik kanpo eraikitako hedabide bat izateak”, azaldu digu eibartarrak.

Kazetaritza ofizioa ikasteko aprobetxatzen ari dira praktikaldia hiru lagunak. Albisteen erredakzioan ari diren biak lana klaseekin uztartu beharrean dabiltza eta beraiek eskatuta, astean bitan joaten dira Lasarteko egoitzara, praktiken bigarren zatia etxetik eginez. Diseinu-lanetan ari denak egunero bertara joateko hautua egin du: “Uste dut funtsezkoa dela presentzialki lan egitea, bai lankideekin sor dezakezun harremanerako, bai eta izan ditzakezun arazo edo zalantzak konpontzeko ere”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA